Gizartea -
Istripu larria
Pertsona bat hil da bere autoa ibaira erorita Sorauren, Nafarroan
Gainera, autoan zihoazen bi adingabeko larri zauritu dira. Hiru lagunak zihoazen autoa Ulzama ibaira erori da Soraurengo zubiaren parean.
Erredakzioa
Pertsona bat hil eta bi adingabeko larri zauritu dira beren autoa errepidetik atera eta Ulzama ibaira erori ostean, Sorauren parean (Nafarroa). Foru Polizia gertatutakoa ikertzen ari da.
Ezbeharra 11:20ak aldera gertatu da Iruñea-Behobia errepideko 8.200 kilometroaren parean, N-121An. Atzerriko matrikula zuen autoa, errepidetik irten, irauli eta azkenean ibaira erori da. Hiru bidaiariak ibilgailuaren barruan harrapatuta gelditu dira, Nafarroako Gobernutik komunikatu baten bitartez azaldu dutenez.
Suhiltzaileek erreskatatu dituzte; lehenengo adingabeetako bat atera dute eta anbulantzia medikalizatu batean Nafarroako erietxera eraman dute, larri.
Asko kostata baino bigarren adingabea ere bizirik ateratzea lortu dute ibilgailutik eta berehala anbulantzian erietxera eraman dute.
Azkenik, gidaria erreskatatzea lortu dute, baina istripuaren gunean bertan hil da. Autopsia egitera eraman dute Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura.