Gizartea -

Koronabirusa

Arabako Fiskaltza hasi da erresidentziei buruzko informazioa jasotzen

Foru erresidentzia sarean 21 pertsona daude kutsatuta, horietako 5 ospitaleratuta, eta gainerakoak isolatuta.

Gasteizko Sanitas erresidentzia. Argazkia: EiTB
Gasteizko Sanitas erresidentzia. Argazkia: EiTB
Gasteizko Sanitas erresidentzia. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltza lurraldeko zaharren egoitzen egoerari buruzko informazioa jasotzen hasi da jada, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aginduari jarraiki. Fiskaltzak erresidentzien osasun-egoeraren berri izan nahi du, tartean koronabirusarekin hildakorik ba ote dagoen.

Ministerio Publikoko iturrietatik jakinarazi dutenez, zentroetako informazioa jasotzera mugatzen ari dira, Fiskaltza Nagusiak hala eskatu duelako.

Atzo Fiskaltzak iragarri zuen ikerketa izapideak abiatu zituela erresidentzia batzuetan gaixorik dauden adinekoak osasun egoera txarrean ote dituzten argitzeko, eta baita koronabirusarekin hildakoak bertan pilatzen ari diren jakiteko ere, Espainiako Armadak horrelako egoerak salatu ostean.

21 positibo

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi du 21 pertsona daudela koronabirusarekin kutsatuta lurraldeko erresidentzia sarean, horietako 5 ospitalean daudela, eta 16 erresidentzietan artatzen ari direla, isolamendu neurriekin.

Gainera, foru gobernua aztertzen ari omen da Espainiako Gobernuak erresidentzia pribatuen kudeaketa erkidegoen esku uzteko eman zuen agindua, "berehala" ezartzeko Araba osoan.

Aldundiak telematikoki egindako bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Gonzalezek esan du azken orduetan beste bi koronabirus kasu atzeman dituztela Zadorra erresidentzian, eta guztira 5 direla bertan dauden kasuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Arabako Foru Aldundia