Gizartea -

KORONABULOAK

COVID-19ari buruzko WhatsAppeko buloak, ikerketa zientifiko batean aztergai

Valentziako Unibertsitateko ScienceFlows ikerketa-taldea koronabirusari buruzko albiste faltsuen ezaugarriak ikertzen hasi da.

WhatsAppeko aplikazioa. Argazkia: Alfredo Riveraren irudia Pixabayn
WhatsAppeko aplikazioa
WhatsAppeko aplikazioa. Argazkia: Alfredo Riveraren irudia Pixabayn

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valentziako Unibertsitateko ScienceFlows ikerketa-taldea, zientziaren ulermen publikoa, pertzepzio soziala eta dibulgazioa lantzen dituena, WhastApp bidez COVID-19 gaitzari buruz zabaltzen ari diren albiste faltsuen nondik norakoak ikertzen hasi da.

Egitasmoa "No Rumour Health" Europa mailako proiektuaren barruan bultzatu dute, eta herritarrek sare sozialen bidez jasotzen dituzten berriak egiazkoak edo faltsuak diren bereizteko ahalmena izatea da horren helburua. Proiektuan parte hartzen ari dira, besteak beste, SINC agentzia (Informazio eta Albiste Zientifikoen Zerbitzua), Maldita Ciencia, Salud Sin Bulos ekimena eta Gaixoa Terapia Sasizientifikoetatik Babesteko Elkartea (APETP).

Ikerketa hori aurrera eramateko, helbide elektroniko bat (coronavirus.scienceflows@gmail.com) eta WhatsAppeko zenbaki bat (623 037 376) jarri dituzte martxan, eta herritarrek bertara bidal ditzakete jasotzen dituzten albiste faltsuak edo buloak.

Honelako mezuak aztertuko dituzte:

1- COVID-19ari buruzko konspirazio-teoriei erreferentzia egiten dietenak

2- Ospitaleen barruan zer gertatzen ari den dakiten pertsonei buruzkoak

3- Froga zientifikoan oinarrituta ez dauden albisteak

Horiez gain, isunei, udal bandoei edo dekretu autonomiko faltsuei buruzko berriak ere aztertuko dituzte.

Material hori aztertuta, ScienceFlows taldeak jakin nahi du zer diskurtso-eredu dauden bideoetan (hitzezko eta hitzik gabeko hizkuntzaren azterketa), audioetan (igorlearen identifikazioa, mezuaren tonua eta lexikoaren erabilera) eta testu-kateetan (analisi terminologikoa eta fikziozko elementuak).

#Koronabuloak gezurtatzeko EiTBren zerbitzua

EiTBk ere martxan du koronabirusari buruzko buloak gezurtatzeko zerbitzua. Horretarako, koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikoa eta 600 900 454 WhatsAppeko zenbakia aktibatu ditu. Nahi duenak bertara bidal ditzake susmagarri iruditzen zaizkion argazkiak, bideoak eta albisteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp Sare sozialak gaur Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa