Gizartea -

Koronabirusa

Alarma-egoera apirilaren 11ra arte luzatu dute

Espainiako Gobernuak Diputatuen Kongresuaren babesa erdietsi du; hortaz, 15 egunez luzatuko da.

Diputatuen Kongresuak alarma-egoera luzatzea babestu du. Argazkia: EFE.
Diputatuen Kongresua
Diputatuen Kongresuak alarma-egoera luzatzea babestu du. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak koronabirusaren krisiak eragindako alarma-egoera apirilaren 11ra arte luzatzea babestu du. Ganberak Espainiako Gobernuaren proposamenaren alde egitea adostu du; hain zuzen ere, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eskatu du, eztabaidaren hasieran, alarma-egoera 15 egunez luzatzea.

Diputatu gehienek, salbuespen gisa, telematikoki eman dute botoa, eta Espainiako Gobernuak proposatu duen prebentzio-neurriari babes zabala eman diote. Hemiziklora 40 bat diputatu eta 10 ministro baino ez dira joan, Sanchez buru zutela, koronabirusa hedatzea saihesteko.

Testuinguru horretan, alarma-egoera apirilaren 11ra arte luzatzeko ekimenak aldeko 321 boto eta 28 abstentzio lortu ditu. Hortaz, ez da kontrako boto bakar bat ere ez zenbatu. Dena dela, emaitza horrek ez du saihestu oposizioak Espainiako Gobernuaren kudeaketa gogor kritikatzea. Babesa ezkerreko alderdietatik etorri da, besteak beste, PSOE, Unidas Podemos eta Mas Pais alderdietatik, baina baita eskuinekoetatik ere, PP, Vox eta Cs alderdietatik, adibidez. Esan bezala, ez da kontrako botorik egon, eta ERC, JxCat, EH Bildu, CUP eta BNG alderdi independentistak bakarrik abstenitu dira.

Oposizioko alderdien iritziz, koronabirusa hedatzea saihesteko neurri zorrotzagoak hartu behar ditu PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako koalizio-gobernuak, eta, gainera, ezinbestekoa da gaur egungo egoeran oinarrizkoak ez diren sektore guztietan ekoizpena etetea.

Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, alarma-egoera luzatzea da koronabirusa hedatzea saihesteko "aukera eraginkor bakarra". Herritarrak kalera ateratzeko debekua orain arteko baldintza berberetan izango da indarrean. Sanchezen esanetan, une honetan nagusi den egoera konplexua atzean uztea da lehentasuna, eta osasun-sistemak paziente guztiak artatu ahal izateko "denbora irabazten saiatzen ari da herrialdea".

Pedro Sanchezen iritziz, denbora, lortzen bada, "funtsezko faktore" bihurtuko da; lehenik, kutsatuen inguruko kurba lautzeko, eta, gero, positibo ematen duten kasuen kopurua jaisteko. Bere ustez, premiazkoak diren beste bi behar nagusi daude une honetan: batasuna eta leialtasuna. Sanchezek argi utzi du modu horretan azkar heldu nahi diola herrialdearen susperraldi ekonomikoari.

Mikel Legarda EAJko diputatuak adierazi du goiz dela oraindik koronabirusaren aurkako prebentzio-neurriak eraginkorrak diren ala ez zehazteko. Horregatik, zientzia eta osasun arloko adituen gomendioekin bat etorriz, alarma-egoera luzatzea une honetan har daitekeen erabakirik egokiena dela ziurtatu du. Dena dela, "arrazoizko epe batean" indarrean dauden prebentzio-neurrien "ondorio positiboak" atzematen ez badira, horien "eraginkortasuna berriz aztertu" beharko litzatekeela ohartarazi du.

Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramailearen iritziz, ordea, Espainiako Gobernuak ez du behar den guztia egin koronabirusaren pandemia geldiarazteko, "erabateko konfinamendua ezartzea" ezinbestekoa baita horretarako. Ondorioz, alarma-egoera are gehiago luzatu beharko dela deitoratu du. Koalizio abertzaleak, hortaz, neurri zorrotzagoak eskatzen ditu, oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak eteteko.

Pablo Casado PPko buruak alarma-egoera luzatzearen alde egin du, baina Espainiako Gobernuaren kudeaketa zalantzan jarri du. Ildo horretatik, koronabirusak eragindako krisiari berandu aurre egitea aurpegiratu dio Sanchezi, eta "arduragabekeria larria" egotzi dio, martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira baimendu zituzten ekitaldiak onartzeagatik.

Vox ere alarma-egoera luzatzearen alde agertu da, baina horrek ez du saihestu krisi honen kudeaketari buruzko kritikak egitea eta koalizio-gobernuko kide batzuen kargugabetzeak eskatzea. Hala, Pablo Iglesias bigarren presidenteordea eta Fernando Simon Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendaria kargutik kentzeko eskatu dio Sanchezi.

Bestalde, Maria Muñoz Ciudadanoseko diputatuak alderdiaren aldeko botoa berretsi du, baina baldintza batzuk jarri ditu, bere ustez, osasun arloko profesionalei beharrezko materiala ematea baita une honetan lehentasuna.

Hala, konfinamendua zorrotzagoa izan behar dela eta prebentzio-neurriak berandu ezarri dituela leporatu diote oposizioko alderdiek Espainiako Gobernuari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin?