Gizartea -

Atzo hildako gizonaren ostean

Lodosak berriro ekin die festei, baina entzierroak eten egin ditu

Polizia Judiziala entzierroko hesiaren inguruan ikerketa egiten ari da, baina, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, festetako espedientearen izapideak ongi eginak zeuden.

Gizon bat hil da Lodosako entzierroan zekor batek adarkatuta

01:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Lodosa herriak berriro ekin die festei, baina entzierroak eten egin ditu, atzo, entzierroan zekor batek gizonezko bat adarkatu zuelako, hura hiltzea eraginez.

Pablo Azcona Lodosako alkateak adierazi duenez, ezbeharrarekin saminduta daude herritarrak. "Oso atsekabetuta gaude guztiok, festa eguna izan behar zuena guztiz kontrakoa bihurtu baita", azaldu du.

Lodosako alkateak jakitera eman duenez, ongi jarraitu dituzte "betebeharrak". Gaineratu duenez, ibilbidea bi hesik babestua dago tarte batzuetan, baina ezbeharra gertatu zen tokian bakarra zegoen, atzokoa bezalako zekorrentzako "horrelako errefortzua ez baita beharrezkoa", erantsi du.

Entzierroen segurtasuna ezbaian

ETBk entzierroko zaleen artean jasotako hainbat adierazpenen arabera, herrietako festetara eramaten dituzten zezenkoek geroz eta tamaina handiagoa dute. Horrez gain, ibilbidearen tarte askotan hesi bakarra dagoela diote, hau da, ez omen dago errefortzurik.

Jokin Zuasti Iruñeko entzierroko korrikalari adituak adierazi duenez, Nafarroako herrietako jaietan atera ohi dituzten zezenkoak tamaina handiko animaliak dira, 500 kilo ingurukoak, horrek festen ospea indartzen duelakoan.

Itxituraren inguruko ikerketa

Polizia Judiziala hesiaren haustura ikertzen ari da, baina Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, entzierroa egiteko izapideak ongi eginak zeuden.

Nafarroako jai ekitaldi hauek 1992an onartutako Zezenketen Ikuskizunen Araudia jarraitzen dute. Arautegi horretan jasotzen dira ikuskizunaren antolatzaileek jarraitu beharreko betebeharrak eta baldintzak.

Lodosako Udalak entzierroaren inguruan jarraitutako izapideak "denboran eta epean zorrotz" bete zituela adierazi dute Nafarroako Barne Sailetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea