Gizartea -

KORONABIRUSA

Lanera joateko egiaztagiria eramatea gomendagarria da, baina ez nahitaezkoa

Enpresaren baimena edo erosketaren ordainagiria eramatea gomendagarria da konfinamendua gainditzen denean, baina ez nahitaezkoa, Ertzaintzako buruak Radio Euskadin azaldu duenez.

Erosketaren ordainagiria eramatea ere gomendagarria da irteera justifikatzeko. Argazkia: EFE
Bi ertzain herritar batekin hizketan, Donostian
Erosketaren ordainagiria eramatea ere gomendagarria da irteera justifikatzeko. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela eta, alarma egoerak irauten duen bitartean irten behar dela frogatzeko enpresaren agiria edo erosketaren ordainagiria eramatea gomendagarria da poliziaren aurrean konfinamendua zergatik urratu den justifikatzeko, baina ez da nahitaezkoa.

Josu Bujanda Ertzaintzako buruak Radio Euskadin azaldu duenez, gomendagarria da enpresaren dokumentu bat eramatea enpresaren helbidea eta arduradun baten sinadurarekin, bai eta lanpostura joateko etxetik irteten den langilearen izena eta helbidea ere, baldin eta agenteek langile horri irteera justifikatzeko eskatzen badiote. Izan ere, egiaztagiri horrek poliziaren lana errazten du, baina ez da nahitaezkoa.

Nolanahi ere, lanera joateko justifikatzen duen edozein dokumentu baliagarria da, bai Espainiako Gobernuaren eredua (asteon Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua), bai Eusko Jaurlaritzak proposatutakoa, bai enpresak egindako beste edozein eredu- Agiriak eramaten duen pertsonaren lan-ordutegia adierazi behar du eta bere lanposturaino egin beharreko ibilbidea eta etxera itzultzekoa zehazten dituena.

Halaber, ez da derrigorrezkoa erosketaren ordainagiri bat erakustea salaketa bat saihesteko; izan ere, irteera baten arrazoiak egiaztatzeko, poliziek beste egiaztapen modu batzuk erabil ditzakete, hala nola kalean dagoen pertsonarekin hitz egitea.

Bujandak argitu duenez, agenteek egiaztatuko dute nor atera den bakarrik, eta etxetik gertu eta ahalik eta denbora laburrenean egin duen, krisi honetarako mugikortasun murrizketek adierazten duten bezala.

Bakarrik bizi den adineko pertsona bati bisita egitera edo bankura ezinbesteko kudeaketa bat egitera joateko justifikatzeko, poliziek kalean dagoen herritarraren bertsioa entzungo dute, edo, are gehiago, kasu batzuetan, susmoren bat mantentzen badute, harekin batera joan ahal izango dira.

Hala ere, Ertzaintzaren buruak nabarmendu duenez, herritar gehienak konfinamenduaren gomendioak betetzen ari dira; izan ere, EAEn 2,2 milioi biztanle inguru izanik, alarma egoera hasi zenetik, 8.800 salaketa baino ez dira aurkeztu, euskal polizia guztien artean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erizaintza Koronabirusa