Gizartea -

KORONABULOAK

Nazioartean ezaguna egin den "mediku espainiar" faltsuaren bideoa

Bideoko protagonista negarrez ageri da COVID-19 gaitzak jota dauden 65 urtetik gorakoei, ustez, arnasgailuak kentzen dizkietela azaltzen duen bitartean, gaixo gazteagoei emateko.

Bideoan negarrez ari den ustezko medikua. Argazkia: EiTB
Bideoan negarrez ari den ustezko medikua.
Bideoan negarrez ari den ustezko medikua. Argazkia: EiTB

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat sare sozial bidez zabaldutako bideo batean, ustez espainiarra den mediku bat negarrez agertzen da, COVID-19aren ondorioz ospitaleratutako 65 urtetik gorako gaixoei arnasgailuak kentzen dizkietela esaten duen audio bat entzuten ari den bitartean. Aipatu audioaren arabera, arnasgailu horiek paziente gazteagoekin erabiliko lirateke. Azkenerako, bideoak zabalkunde handia izan du, eta nazioartean ere ezaguna egin da.

Hori hala izanik, dozenaka erabiltzaile jarri dira EiTBrekin harremanetan, #Koronabuluak geldiarazteko xedearekin martxan jarritako 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bitartez, eduki horri buruz ohartarazteko.

Joan zen martxoaren 21ean, bideoan aipatzen den audioaren faltsutasunari buruzko albistea argitaratu genuen dagoeneko, Maldita.es webguneko Maldito Bulo atalaren laguntzari esker. Izan ere, Euskal Irrati Telebista aipatutako webgune horrekin lankidetzan ari da, koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko egitasmo  horretan.

Dena den, Maldito Bulo ekimenetik urrats bat harago joan ziren, eta, bideoan agertzen den gizonezkoa nor zen zehaztu ondoren, haren izeneko mediku elkargokiderik ez dagoela egiaztatu ahal izan zuten. Horren aurrean, bideoko protagonista medikua dela esateko frogarik ez dagoela ondorioztatu zuten. Horrez gain, negarrez ari den pertsonak bere burua mediku gisa aurkezten ez duela ere gaineratu zuten.

Nazioartean oihartzuna

Nahiz eta egiazkotasunik ez izan, bideoak oihartzun handia izan du nazioartean, Maldito Bulok azaldu duenez, eta badira YouTuben aurki daitezkeen hainbat bertsio, ingelesera, turkierara, grekora, txinerara edo japonierara itzuliak. Horietan guztietan protagonista Espainiako mediku gisa aurkezten da.

Maldita.es webguneaz aparte, EiTBk VOST Euskadi (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun du buloei aurre egiteko xede horretan. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badauka.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa