Gizartea -

Apirilak 2

Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna da gaur, konfinamenduak baldintzatuta

Etxean kalera atera gabe egotea erronka handia da autismoa duten pertsonentzat. Konfinamendu garaian, askok gizartearen ulertu ezinari egin behar diote aurre.

Haur txiki bat, jolasean. Egile eskubiderik gabeko irudia.
Haur txiki bat, jolasean
Haur txiki bat, jolasean. Egile eskubiderik gabeko irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxean egotea da SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako COVID-19 gaixotasuna geldiarazteko modurik onena, baina autismoa dutenentzat kalera ez ateratzea erronka zaila izan daiteke.

"Batzuk hobeto sentitzen dira etxean, inguru oso ezagunak nahiago dituztelako, baina beste batzuek errutina oso barneratuta eta zehatza dute eta aldaketak estresa eta antsietatea eragin diezazkieke", adierazi du Cesar Reynoso ABC Ospitaleko Autismo eta Neurogarapenaren Nahasmenduetarako Klinikaren arduradun nagusiak.

Ondorioz, eskolak, lantokiak eta terapia zentroak ixtea ingurua aldatzea dakar eta horien egunerokoan eragina izan dezake. Eguneroko ohitura horiek dira, hain zuzen, egonkortasuna ematen dietenak.

Horregatik, kalera ateratzea osasunarekin oso lotuta dago pertsona horientzat.

Autismoa espektroaren nahasmendua da, garapenean gabezia larriak eta sakonak eragiten dituena, sozializazioarekin, irudimenarekin, komunikazioarekin eta jokaerarekin lotutakoak. Munduko populazioaren % 1ek, 160 umetik batek, Munduko Osasun Erakundearen arabera, autismoaren espektroko nahasmendua du.

"Tolerantzia falta" konfinamenduan

Aprenem autismoa duten pertsonen inklusioaren aldeko elkarteak salatu egin du konfinamenduan zenbait pertsonak erakutsitako "tolerantzia falta". Izan ere, egun hauetan, "irteera terapeutikoak" egiten ari dira, eta "ulermena eta errespetua" eskatu ditu.

Elkarteak aditzera eman duenez, ulermen falta honek erakusten du autismoa ezagutarazteko ekimenek "inoiz baino zentzu gehiago dutela", eta egoera latza bizi dugun arren, sentsibilizazio lanarekin aurrera jarraituko dutela.

Gaurko egunerako aurreikusitako ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte, baina Aprenemek #acasadeblau ekimena jarri du abian kolore urdina (autismoaren ikurra) protagonista duten argazkiak, bideoak eta marrazkiak sarera igotzeko eta mitoak eta estereotipoak hausteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Aniztasunari erantzuna Koronabirusa