Gizartea -

KORONABIRUSA

43 hildako EAEn eta 11 Nafarroan, azken orduetan

Murgaren esanetan, gaixotasuna "egonkortze" egoeran dago EAEn, "meseta fasean", hain zuzen.

Guztira, 18.220 proba egin dituzte. ETBren bideo batetik lortutako argazkia
Nekane Murga aurreko agerraldi batean
EAEn 43 pertsona hil dira azken orduetan eta hildakoen kopurua 412koa da

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela eta, 479 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, eta 412 dira hildakoak jada, bezperan 43 hil ondoren, pandemia hasi zenetik kopururik handiena, hain zuzen. 7.317 pertsona kutsatu dira EAEn, eta 1.906 lagun daude ospitalean.

Asteazkenean 265 lagunek jaso zuten ospitaleko senda-agiria. Guztira, 2.490 pertsona sendatu dira.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman ditu datuok, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren aurrean egindako agerraldi telematikoan, COVID-19 pandemiaren aurka hartutako neurrien berri emateko.

Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.347 positibo daude, 341 ospitaleratuta. Bizkaian, 3.682 positibo daude, 1.201 ospitalean. Gipuzkoan, 1.288 positibo daude, 364 ospitalean.

"Nire doluminak eta euskal gizarte osoarenak helarazi nahi dizkiet hildakoen senideei eta gertukoei. Hori da, zalantzarik gabe, koronabirusaren pandemiaren zatirik txarrena", adierazi du sailburuak.

Gogorarazi duenez, datu horiek estatistiken "zerra hortzak" erakusten dituzte, eta "dituen informazioan oinarrituta", EAE "meseta fasea" izeneko gaixotasunaren egonkortze egoeran dagoela azpimarratu du.

Murgak azaldu duenez, guztira 18.220 proba egin dituzte; horietatik, 1.399, asteazkenean.

Nafarroan, berriz, 11 pertsona hil dira azken 24 orduetan, koronabirusa dela eta. Hala, oraingoz 141 dira birus horren ondorioz Foru Erkidegoan hildakoak, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

Guztira, 2.682 pertsonak eman dute positibo, azken 24 orduetan 185 positibo gehiago izan baitira.

Sendatu diren gaixoen kopurua 236 izatetik 278 izatera pasatu da Foru Erkidegoan.

100.000 biztanleko intzidentzia metatua 336.28 da Nafarroan, Espainiako batez bestekoaren gainetik (197,96).

Iparraldeko datuak

Covid-19 gaitzak sortu duen osasun krisia hasi zenetik, Ipar Euskal Herriko hiru lagun hil dira gutxienez: bi Baionako erietxean eta hirugarrena, xiberotar bat, Pauekoan.  Iturri ofizialek eskaintzen dituzten zenbaki hauek etxean edo zahar etxeetan hil direnak ez dituzte oraindik kontuan hartzen.

Akitania Berria eskualdeko erietxeetan Covid19 jasaten duten 700 lagun artatzen dituzte (atzo baino 28 gehiago). 215 zainketa berezian daude (13 gehiago) eta izurritea hasi zenetik artatu dituzten 414 lagun sendatu dira (66 gehiago). Akitania Berria osoan ospitalean egon diren pazienteen artean 82 zendu dira (4 gehiago).

Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Bearno lotzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan 9 lagun hil dira; 7 Pauen eta bi Baionan. 73 gaixo artatzen dituzte; 30 zainketa berezian daude; 12 Pauen, eta, horietatik 4 Frantzia ekialde handitik eraman dituztenak eta beste 18 Baionan, horien artean sei ekialde handitik ekarriak izan direnak. Epidemiaren gailurra datorren asteburuan izan litekeela uste dute. 

Espainiak 10.000 heriotzatik gora zenbatu ditu

Espainian, 10.238 koronabirus kasu zenbatu dituzte, hau da, asteartean baino 8.102 gehiago, Osasun Ministerioak ostegun honetan argitaratutako azken datuen arabera. Gainera, dagoeneko 10.000 hildakotik gora zenbatu dituzte (10.003, hain zuzen, atzo baino 950 gehiago eta eguneko markarik handiena).

6.092 gaixo zainketa bereziko unitatean daude, 220 gehiago, eta beste 4.096 lagun gehiago osatu dira; dagoeneko 26.743 dira, Salvador Illa buru duen Sailak emandako azken datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea