Gizartea -

Koronabirusa

119 adineko hil dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetan

Bizkaiko Foru Aldundiak ostegun honetan eman du lehen aldiz zahar-etxeetan hildako pertsonei buruzko datuak.

Egoitzetako 64 langilek zuten atzo positibo baieztatua. Argazkia: Efe.
Adinekoen egoitza bateko erabiltzailea
Egoitzetako 64 langilek zuten atzo positibo baieztatua. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, ostegunarekin, iragarri duenez, lurraldeko egoitzetako erabiltzaileak ziren 33 adineko hil ziren martxoan, "koronabirusak eta beste hainbat patologiak jota".

Foru gobernuak ez du, orain arte, hildako egoitzetako erabiltzaileen daturik eman (Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek, bai), eta gaur kaleratu duen oharrean jakinarazi du zentroetan erregistratu zituzten 182 heriotzetatik 33 koronabirusak eta beste hainbat patologiak eragin zituela.   

Egoitzen egoerari buruz, Diputazioak azaldu du, atzoko datuen arabera, zentroetan dauden 159 pertsonak baieztatu dutela positiboa, martxoaren 30ean baino 73 gehiagok, eta 63 adineko daudela ospitaleratuta koronabirusaren ondorioz, zazpi gehiago.

Apirilaren 1eko datuen arabera, halaber, egoitzetako 64 langilek baieztatu dute positiboa, egun bi lehenago baino 33 gehiagok. Orotara, 338 daude isolatuta, bai eta COVID-19a duten baieztatu gabeko 36 langile gehiago ere.

48 heriotza eta 258 positibo Araban

Arabako egoitzetan beste hiru adineko hil dira azken orduotan eta, beraz, 48 dira, guztira, zentro horietan koronabirusarekin zendu diren pertsonak.

Hildako lagunetatik 35 egoitza pribatuetan bizi ziren; 10, Foru Aldundiaren zentroetan; eta gainerako hirurak, udal zahar-etxeetan. Gehiengoa (35) ospitalean zendu da.

Aipatzeko da egoitza bakar batean 19 pertsona hil direla.

Orotara, 258 kasu positibo izan dira. Horietako 34 erietxera eraman dituzte larri daudelako.

Desgaitasunak dituzten pertsonentzako egoitzetan 14 koronabirus kasu baieztatu dituzte eta bost lagun ospitalean daude.

18 hildako eta 135 positibo Gipuzkoan

Gipuzkako adinekoen zentroetan beste lau pertsona hil dira azken orduotan eta, ondorioz, 18 lagun zendu dira guztira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken lau heriotzak Besaingo, Irungo eta Tolosako (2) zahar-etxeetan izan dira.

Koronabirusak jotako egoiliarrak dituzten egoitzak hamabi dira. Orotara, 135 pertsona daude gaixorik. Horietako 25 Gurutze Gorriak Donostian duen zentrora eraman dituzte eta beste hamar ospitalean daude.

20 hildako eta 97 positibo Nafarroan

Nafarroako zahar-etxeetan, berriz, 20 egoiliar zendu dira izurritea hasi zenetik. Hortaz, joan den astetik hona 13 heriotza gehiago izan dira.

Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak gaur goizean jakinarazi duenez, 97 adineko daude koronabirusak jota eta 292 langilek baja hartu behar izan dute.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba EAE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak gaur Koronabirusa olatu berria Adinekoak gaurko berriak Gizarte zerbitzuak berriak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak