Gizartea -

KORONABIRUSA

Sanchezek gaur iragarriko du alarma-egoera luzatuko duen ala ez

Koronabirusaren krisiaren kudeaketarako martxan dagoen batzorde zientifikoarekin bildu ostean hartuko du erabakia Espainiako Gobernuak. Apirilaren 26ra arte luzatuko luke.

Pedro Sanchez, atzo, maskarilak ekoizten dituen enpresa batera egindako bisitan. Argazkia: EFE:
Pedro Sanchez, Espainiako presidentea.
Pedro Sanchez, atzo, maskarilak ekoizten dituen enpresa batera egindako bisitan. Argazkia: EFE:

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarma-egoera luzatzeko aukera ia ziurtzat jotzen dute Espainian, oraindik baieztapenik ez badago ere. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaur jakinaraziko du luzapenaren inguruan hartu duen erabakia; goizean, COVID-19aren inguruan sortu den egoera kudeatzeko lanean ari den batzorde teknikoko adituekin bilduko da Sanchez, eta horien aholkua aintzat hartuta hartuko omen du erabakia. Ondoren, alderdi politikoetako buruei jakinaraziko die, Diputatuen Kongresuari alarma-agoera luzatzea eskatuko dion edo ez, eta, eskatzekotan, zein baldintza izango dituen luzapen horrek.

Hala adierazi zuen, atzo, prentsaurrekoan Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak. Horrek zehaztu zuenez,  Sanchezek "beti bezala" adituen azalpenak hartuko ditu kontuan, ezer erabakitzerako.

Alderdi politikoetako liderrekin hitz egin eta gero, agerraldi publikoa egingo du Espainiako presidenteak, Moncloatik, iritzi publikoari erabakiaren berri emateko.

Espainiako Gobernuko gertuko iturriek aditzera eman dutenez, luzapena, gutxienez, beste 15 egunekoa izan daiteke, apirilaren 26ra artekoa; orain arteko murrizketei eutsi ala zenbait neurri leuntzea izango litzateke mahai gainean legoken eztabaida. Joan den larunbatean, oinarrizkoa ez den lan-jardun oro eteteko erabakia iragarri zuen Sanchezek, eta horrek Eusko Jaurlaritzaren eta Confebask patronalaren haserrea eragin zuen. Ikusteko dago, besteak beste, neurri hori zertan geratuko den.

Bihar, igandea, azken asteotan egin ohi duen moduan, erkidegoetako presidenteekin batzartuko da Espainiako gobernuburua.

"Etengabe aldatzen ari den egoera"

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ere esana zuen luzapenaren aukera mahai gainean zegoela, betiere koronabirusari aurre egiteko martxan jarri zuten batzorde zientifikoaren iritzia kontuan hartuta: "Etengabe aldatzen ari den egoera baten aurrean gaude, eta pandemiaren bilakaera egunez egun aztertzen ari gara, horren gaineko erabakiak hartzeko", esan zuen.

Orain arte hartutako neurrien emaitzak "positiboak" izaten ari direla nabarmendu zuen Espainiako Barne ministroak, baina egoera, oraindik, "oso larria" dela gaineratu zuen. Hori dela eta, hildakoen, kutsatutakoen eta sendatutakoen datuak egunero aztertzen dituzten adituen aholkuari jarraituko omen dio Espainiako Gobernuak, "orain arte bezala", alarma-egoeraren gaineko erabakia hartzeko. "Koronabirusari modu eraginkorrean aurre egitea da gure helburua, eta bide horretan hartuko ditugu erabaki guztiak", zehaztu zuen.

Espainiako Diputatuen Kongresuak martxoaren 26an erabaki zuen alarma-egoera 15 egunez luzatzea, apirilaren 11ko gauerdira arte. Diputatu gehienek, salbuespen gisa, telematikoki eman zuten botoa, eta babes zabala eman zioten Sanchezen gobernuak proposatutako prebentzio-neurriari.

Espainiako Gobernuaren arabera, konfinamendua da koronabirusa hedatzea saihesteko "aukera eraginkor bakarra".

Balizko neurri berriak

Bestalde, egoera bere onera etorri arteko neurriak pixkanaka nola hartu ere aztertzen ari da Espainiako Gobernua, koronabirusaren beste agerraldi bat ekiditeko.

Salvador Illa Osasun ministroak herenegun eman zituen azalpenak, astero bezala, Kongresuko Osasun Batzordean, eta bertan zehaztu zuenez, goiz da oraindik "neurriak malgutzeaz" hitz egiteko, datozen asteak "oso gogorrak" izango baitira. COVID-19ak Espainian utzitako datuak "oso larriak" direla azpimarratu zuen.

Egun, "etorkizuneko agertokiak" ezin direla aurreratu adierazi zuen Illak, baina mahai gainean hainbat aukera dituztela onartu zuen. Hala, oposizioko alderdiek proposatutako neurriak aztertzen ari direla adierazi zuen; besteak beste, haurrei kalera ateratzen uztea edota herritarrei kirola egiteko aukera ematea. "Noski, aukera berriak aztertzen ari gara. Oso erabaki zailak hartu behar dira, eta aditu onenak ditugu horretarako", esan zuen.

Agerraldi hau "etetea" lortzen bada ere, beste bat egoteko aukera ere badagoela onartu zuen Osasun arduradunak, eta hori dela eta, "ezinezkoa izango da kolpetik, egun batetik bestera, normaltasunera itzultzea", gaineratu zuen. Prozesua "oso luzea izango da" eta "birusaren inguruko kezka ez da luzaroan desagertuko", nabarmendu zuen. "Prozesu honen amaiera birusa akabatuko duen txertoak ekarriko du, baina denbora asko beharko dugu horretarako", esan zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera