Gizartea -

Delituak

Gizon bat atxilotu dute Tuteran, laguntzen zuen emakumeari 52.000 euro lapurtzeagatik

Polizia Nazionalak egiaztatu duenez, gizonak 2019ko irailetik diru kopuru handiak lapurtzen zizkion emakumeari, eta honek bere bizimoduarekin bat ez zetozten gastuak zituela erreparatu zuten.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Tuteran, 87 urteko emakume bati, txikitatik ezagutu eta erosketa-poltsekin laguntzen zuen emakumeari, 52.000 euro lapurtzeagatik.

Gizonak 2019ko irailetik diru kopuru handiak hartzen zituen bankutik, eta atxiloketa ostegun honetan izan da, Polizia Nazionalak jakitera eman duenez.

Martxoaren 30ean hasi zen ikerketa, Tuterako banku-sukurtsal bateko segurtasun-zaindariak konturatu zen adineko emakume batek zenbait egun zeramatzala diru-kopuru handiak ateratzen, eta bankutik irtetean adin ertaineko gizon bat zegoela beti zain.

Zaindariak Espainiako Poliziari adierazi zion, eta hark gertakarien inguruko ikerketa bat hasi zuen, Tuterako Udaltzaingoaren babesarekin.

Era honetara, emakumeak aurreko urteko irailetik ohikotasunez diru-kopuru handiak ateratzen zituela ohartu ziren, eta, era berean, bere bizimoduarekin bat ez zetozten gastuak zituela erreparatu zuten.

Halaber, 43 urteko Tuterako bizilagun bat identifikatu ahal izan zuten, ondarearen aurkako delituengatik aurrekari ugari zituena. Biktima txikitatik ezagutzen zuen, eta erosketa-poltsak etxera eramaten laguntzen zion askotan.

Gizona maiz sartzen zen emakumearen etxean, ustez laguntzeko, baina emakumeak bankuan zeukan dirua eskuratzen zuen.

Emakumearen oroimen galera edo balizko gaixotasun bat dela-eta, ez zen gertakariez ohartzen, eta duela gutxi erretiratutako diru guztia gastatu zuela pentsatzen zuen. Beraz, sukurtsalera itzultzen zen diru gehiago ateratzera.

Bildutako datu guztiak oinarri hartuta, apirilaren 2an polizia-operatibo bat abiarazi zen, eta horren ondorioz, lapurretaren ustezko egilea atxilotu zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa