Gizartea -
KORONABIRUSA
Abalik gabeko bidaia-bonuak ez onartzeko ohartarazi dute kontsumitzaleen elkarteek
Espainiako Gobernuak asteon onartu duen dekretuaren arabera, koronabirusa dela eta bertan behera geratu diren bidaien truke bonuak eskaintzeko aukera izango dute bidaia-agentziek.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Milaka bidai bertan behera uztea izan da koronabirusak ekarri duen beste ondorioetako bat. Bezeroen eta bidaia-agentzien artean sortu diren gorabeherak bideratzeko asmoz, Espainiako Gobernuak herenegun onartu zuen errege dekretuak bertan behera geratu diren bidaien kostua nola kudeatu jasotzen du. Horren arabera, bidaia-agentziek urtebeko balioa duten bonuak emateko aukera dute bezeroei.
Facua kontsumitzaileen elkarteak baina, argi-ilunak ikusten dizkio dekretuari, eta besteak beste, banku baten edota aseguru-etxe baten abalik ez duten bidaia-bonuak ez onartzeko esan diete bezeroei. Hau da, kontratatuta zuten bidaiaren ordez bonua jaso behar badute, agiri horretan bertan banku edo aseguru etxe batek ondo zehaztu behar du bidaiaren balioa dirutan.
Halaber, Facuak gogorarazi duenez, dekretuaren arabera, bidaia-agentziek bitartekarien bidez dirua bereganatzea lortu duten kasuetan, bezeroak ere dirua berreskuratzeko eskubidea du eta ez du zertan bonu bat onartu behar trukean.
Dirua berreskuratzeko aukera horren epea luzatu egin du Espainiako Gobernuak, eta aste honetatik aurrera, 60 eguneko epea dute agentziek bezeroei dirua itzultzeko, betiere eurek aurrez diru hori hornitzaileen eskutik jasota badute.
Esan bezala, bonuek urtebeteko epea izango dute, eta behin epe hori agortuta bezeroak bonua erabiltzeko aukera izan ez badu, dirua eskatzeko eskubidea izango du.