Gizartea -

Koronabirusa

Topoak eta Gasteizko tranbiak murriztutako zerbitzuak izango dituzte astelehenetik

Topoaren zerbitzua % 38 murriztuko dute, eta Arabako hiriburuko tranbiarena, aldiz, % 50.

Gasteizko tranbia, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Gasteizko tranbia, artxiboko irudian
Gasteizko tranbia, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Topoaren (Lasarte-Oria – Irun Ficoba) eta Gasteizko tranbiaren lineetako maiztasunak murriztuko ditu Euskotrenek hilaren 6tik, hau da, hurrengo astelehenetik, "ohiko zerbitzuaren errefortzua" kenduta. Murrizketa ezarrita, Topoaren zerbitzua % 38 murriztuko dute, koronabirusaren krisiaren aurreko eskaintzarekin alderatuta, eta Arabako hiriburuko tranbiarena, aldiz, % 50.

Euskotrenek ostiral honetan ohar batean jakinarazi duenez, COVID-19 gaitzak eragindako alarma-egoeran ezartzen ari diren murrizketen testuinguruan daude oraingo hauek; izan ere, "eskaintza egokitzen ari dira".

Gogora ekarri duenez, Bizkaiko zerbitzuetan ere izan dira murrizketak, bai eta Gipuzkoako beste batzuetan ere, eta Bilboko eta Gasteizko tranbian. Guztira, garraiobide guztiak kontuan izanik, murriztapena % 45ekoa da, gutxi gorabehera, ohiko maiztasunei erreparatuta.

Euskotren eta ETS kudeatzaileak nabarmendu dutenez, kutsadurak saihesteko, euren azpiegitura eta trenetan “sakontasun handiko garbiketa-lanak ari dira egiten”; halaber, ohiko bulegoetan ematen duten aurrez aurreko arreta bertan behera utzi dute, eta bidaiariek telefonoz eta web orriaren bidez egin ditzakete beharrezko kontsultak eta gestioak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasunari buruzko albisteak Trenak Bizkaian Gasteizko tranbia Albisteak Donostia Topoa gaur COVID kasuak