Gizartea -

Koronabirusa

Urrutiko prestakuntzaren bidez amaituko dute ikasturtea unibertsitateek

Unean uneko jarduera presentziala baztertu gabe, urrutiko prestakuntza bultzatzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak, EHUk, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Unibasq agentziak.

Leioako EHUko campusa. Artxiboko: Gorka Palazio
Leioako EHUko campusa.
Leioako EHUko campusa. Artxiboko: Gorka Palazio

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Unibasq-ek adierazpen bateratua kaleratu dute gaur, 2019-2020 ikasturtea "urrutiko prestakuntzaren bidez" amaituko dela adieraziz. Horretarako, "larrialdietarako urruneko irakaskuntza-metodologiak" erabiliko direla gaineratu dute.

Halaber, "jarduera akademiko presentzial batzuk" planteatzeko aukera ematen da, unibertsitate-jarduera presentzialera pixkanaka itzultzeko plangintzaren testuinguruan, betiere unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna zainduz, "jarduera hori modu ez presentzialean egitea ezinezkoa den kasu zehatzetarako".

Testuinguru horretan, "osasun-larrialdiko egoerei eta epe labur zein ertainean etorkizuneko egoerei erantzungo dieten lehentasunei buruzko akordioak lortzeko deia" egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, unibertsitateek -EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea- eta Unibasq-ek (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatearen Agentzia).

"Osasun-krisi honetan eredu hori garatzen jarraituko da, beraz, gure unibertsitate-sistema osatzen dugun eragileen arteko malgutasun- eta konfiantza-esparru batean, titulazioen egokitzapenari, irakasgaiei, praktikei eta horien ebaluazioari buruzko beharrezko neurri guztiak hartzen jarraituko da ikasturtearen amaierara arte, bai eta horien jarraipena egiten ere", adierazi dute adierazpen bateratu batean.

Ildo horretatik, "osasun-larrialdiko egoera honetan", Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek eta Unibasq-ek lehentasun batzuk dituztela ardatz nabarmendu dute, esaterako "osasun-krisiari eta unibertsitate-testuinguruan dauden pertsonei arreta ematea, unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna lehenetsiz".

Hala, 2019-2020 ikasturtea urrutiko prestakuntzaren bidez amaitzea da helburua, larrialdietarako urruneko irakaskuntza-metodologiak erabiliz eta lehentasuna emanez ikaskuntzaren emaitzak lortzeari eta titulazioetan formulatutako gaitasunak eskuratzeari, kalitate-estandar onenekin.

Era berean, "aurrez aurreko jarduera esperimentaletan eta kanpoko praktiketan aurreikusitako ikaskuntza-emaitzak arrazoizko neurrian lortzen direla" ziurtatu nahi da.

Horretarako, unibertsitateek hainbat aukera aztertu ahal izango dituzte, hala nola ikasgai horiek birprogramatzea, aurrez aurreko jarduerari mugak kentzen zaizkionean; praktikak prestakuntza-metodologia alternatiboekin osatzea, ahal denean; edo ezohiko jarduera profesionalak aitortzea.

Halaber, asmoa da "jarduera akademiko presentzial batzuk planteatzeko aukera ematea, unibertsitate-jarduera presentzialera pixkanaka itzultzeko plangintzaren testuinguruan, betiere unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna zainduz, jarduera hori modu ez-presentzialean egitea ezinezkoa den kasu zehatzetarako".

Hori dela eta, "baldintza sozio-ekonomiko, teknologiko edo bestelakoengatik urrutiko unibertsitate-prestakuntza normaltasunez baliatzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen balizko zailtasun gehigarriak arindu nahi dira".

Gainera, "planifikatutako esparru-egutegi akademikoa mantentzea" adostu dute, honako kasu hauetan izan ezik: "praktikak egitea, Gardu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktore-tesiak aurkeztea, edo ebaluazio-aldietarako, ikasleen garapen akademiko egokia bermatzeko ahaleginak eginez".

Horrela, euskal unibertsitate-eskaintza akademikoaren eta Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitate-erakundeen "kalitatea bermatzen da", eta, bereziki, "larrialdi-egoeraren testuinguruan prestakuntza dualaren eta gaitzailearen eskaintza". Beste helburu bat urrutiko prestakuntza indartzea da, eta etorkizuneko balizko larrialdien aurrean eman beharreko erantzunen aurreikuspena eta plangintza egitea.

Bestalde, "unibertsitate-komunitate osoak egindako egokitzapen-lana" eskertu dute ohar horretan, bai eta euskal unibertsitate-ereduaren ezaugarri garrantzitsuak diren indarguneak ere. Ildo horretatik, "arduradunek, irakasleek, ikasleek eta unibertsitate-misio nagusia den prestakuntzan laguntzen duten eragileek egindako egokitzapen-lana eta ahalegina" txalotu dute.

Gainera, honako hauek nabarmentzen dira: "Enpresa-eragileekin eta beste erakunde batzuekin izandako lankidetzak bermatu egin du prestakuntza dualeko eskaintzaren ikaskuntza-emaitzak lortzea, eta ikasleen ehuneko handi batek telelanaren modalitatean jarraitu ahal izan du ikasten". Irakasleen, enpresen eta erakundeen tutoretza ere orokorrean mantendu da.

Era berean, Unibasq agentziak egiaztapen instituzionalaren eredu propioa "indartzeko" lan egingo du, Euskadiko unibertsitate-sistemaren "berezitasunari are gehiago erantzuteko".

Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana tresna sendoa eta malgua dela, eta helburu nagusia Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateak indartzen laguntzea dela. Planaren jarraipen batzordeek 2019-2022 aldirako plana aztertuko dute, egungo osasun-krisiari arreta jarri eta urrutiko hezkuntza modalitatea indartzeko.

"Euskal Unibertsitate Sistemak sendotasuna, larrialdiaren aurrean malgutasuna eta lankidetzarako eta akordioetara iristeko gaitasuna erakutsi ditu. Gogor jarraituko dugu lanean, eragileen arteko lankidetzan, erantzunkidetasunean eta konfiantzan oinarritutako ereduaren esparruan", gaineratu dute.

Zehazki, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Jose Maria Gubert Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Iñaki Heras Unibasqeko zuzendariak sinatu dute adierazpena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Leioa Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa