Gizartea -

Koronabuloak

Kate autonomikoak, bat eginda koronabuloei aurre egiteko

COVID-19ari buruz agertzen diren edukien artean egiazkoak zein diren bereizteko ekimenak jarri dituzte martxan. EiTBk koronabuloei buruzko atal berezia dauka eitb.eus atarian.

Ordenagailu eramangarri baten monitorean ageri den albiste faltsu baten irudia. Argazkia: Pixabay
Ordenagailu eramangarri baten monitorean ageri den albiste faltsu baten irudia.
Ordenagailu eramangarri baten monitorean ageri den albiste faltsu baten irudia. Argazkia: Pixabay

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albiste faltsuak ugaritzea gero eta arazo handiagoa da ingurune digitalean. Izan ere, hainbat sare sozialen bidez biralizatzeko gaitasun handia dute, erabiltzaileek etengabe eta egiaztatu gabe partekatzen baitituzte informazioak gehienetan. Arazo hori larriagotu egiten da koronabirusaren pandemiaren gisako egoera zail eta konplexuetan, eta, horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da COVID-19 gaixotasunaren inguruan zer den egia eta zer ez detektatzea.

Testuinguru horretan, Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakundeen Federazioan (FORTA) bildutako ikus-entzunezko hedabide publiko autonomikoek hainbat ekintza jarri dituzte abian, herritarrek egiazko edukiak eta iturri ofizialetakoak direnak faltsuak direnetatik bereizten jakin ditzaten, eta baita susmagarritzat jotzen dituzten edukiak salatzeko bideak izan ditzaten ere.

Ildo horretan, EiTBk herritarren lankidetzarako zerbitzu bat aktibatu zuen krisiaren hasieratik, koronabirusari buruzko buloak gezurtatzeko; horrela, koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikoaren edo 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bidez, herritarrek zalantzazko argazkiak, bideoak eta albisteak bidal ditzakete. Abisu horiekin, egiaztapen-talde batek iturriak kontrastatu eta eduki horiek faltsuak direla egiaztatuz gero, eitb.eus/koronabuloak atalean argitaratuko ditu, baita EiTBren sare sozialetan zabaldu ere.

Buloei aurre egiteko xede horretan, EiTB VOST Euskadirekin (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta Maldita.es webgunearekin ari da lankidetzan egun hauetan. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko 'La Mecánica del Caracol' zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badu.

Gaztela Mantxako Castilla La Mancha Mediak (CMM), berriz, atal bat sortu du bere webgunean: Koronabirusaren Buloak (Bulos del Coronavirus). Bertan, aholkuak jasotzen dira, Poliziaren gomendioez osatutako gida bat, baita iturri ofizialek bulo jakinen aurrean azaldutako jarrera ere. Orrialde honek bat egiten du albiste faltsuei (fake news) buruz lehendik dagoenarekin. Bertan, fenomeno horri buruzko eskualdeko, Espainiako eta nazioarteko albisteak jasotzen dira. Eduki horietako asko irrati-telebista publikoko albistegietan eta CMM albistegietako sare sozialetan ere jasotzen dira.

Andaluziako Canal Surren, entretenimendu saioek albiste faltsuak gezurtatzen dituzte norbaitek haiei buruz kontsultatzen duenean; albistegietan, berriz, protagonismoa kentzen saiatzen dira, haien berri eman edota gezurtatu gabe. RTVCren kasuan, ohiko atal bat du 'Telenoticias' saio bakoitzean. Koronabirusaren krisiari buruzko buloak ezeztatzen dituzten pilula espezifikoak dira, eta sare sozialetan ere zabaltzen dituzte.

Aragoiko telebista eta irrati publikoek (Aragón Radio eta Aragón TV) zerbitzu berezi bat jarri dute martxan krisia hasi zenetik, balizko buloak detektatzeko eta horien jarraipena egiteko, baita "koronairuzur" deitu dietena ere. Lantaldeak harreman estuan ari dira lanean ikusleekin, zalantzazko edo gezurrezko albisteak antzemateko. Astelehenetik ostiralera, kontrastatutako informazioa eskaintzen da 'Otro Punto de vista' (telebistan) eta 'Despierta Aragón' (irratian) saioetako adituen eta eskudunak diren iturrien laguntzarekin.

CRTVGko galiziarrak ere lehen egunetik ari dira albiste faltsuen ugaritzeari buruzko informazioa ematen, baita pandemiaren hedapenari eta herritarrentzako arriskuei buruzko buloen hedapena saihestuko duten aholkuak plazaratzen ere. #Coidémonos ekimenak kontrastatutako informazioan eta iturri ofizialetan konfiantza izatearen garrantzia azpimarratzen zuen bideo bat zabaldu zuen. Era berean, 'A Revista', 'Bos días' eta 'Telexornais' bezalako espazioek buloen gainean informatzen jarraitu dute, baita Poliziak eta beste segurtasun indar batzuek haien aurka hartutako neurrien gainean ere. Azkenik, G24.gal bezalako kanal digitaletan, askotan alferrikakoak izaten diren aholkuen benetako erabilgarritasunaren berri ematen eta argitzen dute.

Ildo beretik, IB3 kate balearrak hainbat eduki garatu ditu koronabirusari buruzko buloak eta zurrumurruak nola antzeman eta bereizi behar diren azaltzen dutenak. Aldi berean, albistegietako taldeek gezurtatu egiten dituzte gehien partekatzen diren buloak, bai sareen bidez bai, beharrezkoa bada, albistegian zehar.

Corporacion Catalana de Medios Audiovisuales (CCMA) erakundeko albistegi guztiek, baita bere programek ere, sarritan hitz egiten dute buloez eta albiste faltsuez, horiek aztertu eta beharrezko dokumentazioarekin gezurtatzeko. Hain zuzen ere, Catalunya Radioko 'Catalunya migdia' albistegiak badu atal espezifiko bat, albistegietako kazetari talde transbertsal batek jorratutakoa. Lantalde horrek fact-checking egiten du, hau da, gertaerak egiaztatzen ditu.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Telebista Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak EITB Taldea Koronabirusa