Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gutxienez hamabi hildako eta bost kasu larri Galdakaoko egoitza batean

Agentziak | Erredakzioa

Araban 7 pertsona gehiago hil dira egoitzetan (95 guztira) eta Gipuzkoan beste 5 hildako izan dira (56 guztira).

  • Egoitza bateko langile bat

    Egoitza bateko langile bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Galdakaoko Udalak jakitera eman duenez, Domusvi Aperribai egoitzako gutxienez hamabi adineko hil dira koronabirusaren ondorioz, eta beste bost larri ospitaleratu dituzte.

Udalak balantze hori zentroak apirilaren 2an emandako informazioari dagokiola ziurtatu du, baina iturri ez ofizialetatik jakinarazi du hamalau adineko hil direla zentro horretan.

Horrez gain, Galdakaoko egoitzen egoera "kezkagarria" eta krisialdi honek haietan markatzen duen "opakutasuna" gaitzetsi ditu Udalak, eta adinekoen beste heriotza batzuk gertatu direla egoitzetan adierazi du, egoitzek ez dutela heriotzarik izan adierazi arren.

Apirilaren 2an, Domusvi Aperribai egoitzan, 48 plazakoa, koronabirusaz kutsatutako 17 zahar zeuden (5 hildakoez gain), hau da, egoiliarren erdiak kutsatuta zeuden.

Gainera, egoitza horretako hamabost langile bajan zeuden, eta horietako bik birusa izateko "sintoma argiak" zituzten.

Bestalde, Arabako egoitzetako 95 erabiltzaile hil dira koronabirusaren pandemia hasi zenetik, zazpi hildako gehiago erregistratu ondoren, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez.

Hildako berrietatik 4 ospitalean hil dira, eta beste 3, berriz, egoitzetan, foru erakundeak prentsa ohar batean azaldu duenez. Izan ere, orain arte hildako gehienak ospitaleetan izan dira, 53 guztira, eta gainerako 42ak egoitzetan.

Gaur egun 377 egoiliar daude koronabirusaz kutsatuta. Egoitzek 33 pertsona eraman dituzte ospitaleetara, osasun egoera larrian daudelako, eta gainerako 344 pertsonak artatzeaz arduratzen dira.

Gipuzkoari dagokionez, beste bost adineko hil dira egoitzetan, eta horiekin 56 dira hildakoak. Gainera, beste 16 positibo berri batu dira eta kutsatutakoak 281 dira. Guztira bederatzi pertsona sendatu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Guztira, lurraldeko 65 egoitzetan, non 5.425 adineko artatzen diren, positibo eman duten 281 pertsona daude, eta 56 hildako. Arrasateko Iturbide, Ordiziako San Jose, Tolosako Iurreamendi eta Donostiako Berra egoitzetan izan dira azken heriotzak. Gainera, 31 pertsona Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman dituzte eta 27 ospitalean daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena