Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bikoiztu egin da Argitanera deitu duten emakumeen kopurua, Barakaldon
% 140ko igoera izan da iazko epe berarekin alderatuta, elkartetik jakinarazi dutenez. Kontsulta horien artean, 11 indarkeria matxistaren biktimenak ziren.
eitb.eus
Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak jasotako deiak "bikoiztu baino gehiago" egin dira koronabirusaren konfinamenduaren lehenengo hiru asteetan. Indarkeria matxistaren biktimek eta arazo ekonomikoak dituzten emakumeek jotzen dute zerbitzu horretara, Barakaldon.
Argitanek, Barakaldon 23 urte lanean daraman elkarteak, jakinarazi du martxoko azken bi asteetan eta apirileko lehenengoan 24 emakumeren deiak jaso dituztela, eta horrek % 141eko hazkundea suposatzen duela 2019ko datuen aldean, orduan 10 dei jaso baitzituzten.
"Guk ohartarazi bezala, datuak agerian uzten du behartutako itxialdiak tratu txarren gorakada ekarriko zuela, besteak beste, biktimen eta erasotzaileen arteko bizikidetzara behartzen ari direlako. Horregatik, erakundeei emakumeak babesteko eskatzen diegu, eta herritarrei, 112ra deitzeko indarkeria matxistaren lekuko izanez gero", azaldu du elkarteak.
Konfinamenduaren lehenengo hiru asteetan 11 dei jaso zituzten tratu txar fisiko eta psikologikoekin lotuta. Gainera, kontsulten % 17 etxeko langileen kaleratzeagatik sortutako arazoengatik izan dira, beste hainbeste Udalak etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea itxi duela salatzeko; eta % 8 etxearen alokairua ezin ordainduta dabiltzan emakumeena. Argitanek beste dei bat jaso zuen galdezka ea zer egin behar zuen, ondoko etxebizitzan, paretaren beste aldean, indarkeria matxista entzuten zuelako.
Era berean, Argitanek gogorarazi du aterpetxearen itxiera salatzen jarraitzen duela. Martxoaren erdialdean itxi zuten, ireki eta bi hilabete eskasera, eta bertan 7 emakume zeuden, tartean indarkeria matxistaren biktimak. Orain, emakume horiek 50 gizonezkorekin batera daude Lasesarreko kiroldegian.