Gizartea -

Sabotaje informatikoa

Anonymousen mehatxua: 'Azaroaren 5ean Facebooki eraso egingo diogu'

Youtuben eskegitako bideo batean azaldu dutenez, ez dira datuak lapurtzera edota sare sozialaren zerbitzaria etetera mugatuko, "Facebook suntsitzeko erasoa izango da".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anonymousek badauka beste jomuga bat: Facebook sare soziala. Azaroaren 5erako iragarri dute ''Facebook OP'' izeneko erasoa, "sare sozialak erabiltzaileen pribatutasuna bortxatzen duelako".

Youtuben eskegitako bideo batean ohartarazi dutenez, ez dira datuak lapurtzera edo Facebooken zerbitzaria etetera mugatukoa, "sare soziala suntsitzeko erasoa izango da".

Erasoa justifikatzeko Anonymousen argudio nagusia ondokoa da: Facebookek erabiltzaileen pribatutasuna urratzen duela, gobernuen eskura jartzen duelako erabiltzaileen gaineko informazioa.

"Gobernuen agentziei informazioa saltzen aritu da Facebook, mundu guztiko pertsonak espiatzea ahalbidetuta", azpimarratu dute.

"Erabiltzaileak Facebooken egiten duen guztia Facebooken geratzen da, ezinezkoa da kontu bat erabat ixtea, enpresak nahi duenean berreskura baitezake itxitako kontu baten bildutako informazioa", erantsi dute.

Anonymousen arabera, Facebookeko kontu baten pribatutasunaren konfigurazioa aldatzea ere ez da eraginkorra, izan ere, ez baitu kontu hori espiatzeko aukera ekiditen. "Facebookek zure familiak baino gehiago daki zutaz", nabarmendu dute.

Komunikatuaren amaieran, erasoa 2011ko azaroaren 5ean izango dela iragartzen dute. Mehatxuaren berri emanez, Facebooken ere orri bat dauka Anonymousek: "Gure kontuak arrazoirik gabe zentsuratzen hasi zarete. Gelditzeko unea iritsi zaizue".

Twitterren ere kontu bat (@OpFacebook) ireki dute eta #opfacebook hastaga jarrita, erabiltzaileek ere albiste honen inguruko iritziak eman ahal izango dituzte.

Datorren azaroaren 5era itxaron beharko da mehatxua betetzen den ala ez jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea