Gizartea -

Iruzkina

Beste zer edo zer

Gure amesgaizto beltzenetan ere ez genuke pentsatuko hain denbora gutxian zerbaitek horrela harrapatuko gintuela.

Juanjo Sanmiguel

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure amesgaizto beltzenetan ere ez genuke pentsatuko hain denbora gutxian zerbaitek horrela harrapatuko gintuela. Ez bakarrik elkarrizketa, leku eta jarduera guztiak kutsatu dituelako, sortu duen hesitik ateratzea ezinezkoa bihurtzen ari zaigulako baizik. Birusa leku guztietara iritsi da, eta harrigarria da nola egokitu den buru bakoitzera, nola nahastu digun gogoa uste okerrenetara eramateko. Egia da ez duela mugarik errespetatzen, ezta arraza, sexu eta erlijiorik ere, baina lurralde bakoitzean egiten duen kaltea ezberdina da.

Baina gaitza komunikabideen etengabeko jardunaren ondorioz garunetan txertatu zaigu, horrek jarrera bitxiak sortzen ditu. Afrika jende gaztez betetako kontinente zaharra da, gaitzak min egingo du osasun sistemak eta jendearen babesa urriak direlako, baina gaitza harrapatzen duten gehienak ez dira ohartu ere egingo zer gertatu zaien. Baina Afrikako leku guztietan, baita bazter ezkutatuenean ere, benetako izua zabaldu da, jendeak pertsona zuria ikusi orduko, izurri beldurgarriena daramanari egin dakiokeen harrera egiten dio. Hainbat lekutan zurien aurkako erasoak izan dira eta babestu dituzten beltzek irainak eta taldearen gaitzespena jaso dute. Ez dira gehiengoa hori egiten dutenak, baina leku askotan urrutitik jasotako mezuek indar handiagoa dute errealitateak berak baino. Aurten Afrikan Ebolak, Hiesak eta goseak askoz jende gehiago hilko du koronabirusak baino, baina han ere arazo askoz latzagoak ezkutatu ditu zomorro ikusezinak.

Eta gure artean ere, gaitzak izaki estralurtarren gisan bihotz muina harrapatu digu eta gurpil zoroan murgilarazi. Ez dut uste zurrunbilo honetatik atera ondoren hobeak izango garenik, egindako erru eta okerrak berriro egingo ez ditugunik, elkartasuna eta adiskidetasuna munduaz jabetuko direnik. Baina zer datorkigun garbi ez badago, itxialdia noiz amaituko den ez badakigu, bizi dezagun eguneroko ordu jarioa etorkizunik ez balego legez, orain arte egin ez duguna egin dezagun, une iheskorra bizi dezagun. Iragana joan da eta etorkizuna ez da iritsi. Orain eskuartean dugun horrek bakarrik balio digu zerbaitetarako. Alboan ditugun pertsonak, denbora betetzen diguten tresnak, begien aurrean dugun lehioa… Horiek dira gure errealitate bakarra. Badakit gertuko baten bat galdu, lanpostuan arriskua izan edo etxeko giroa egokiena ez duen pertsonari hau esateak agian amorrua besterik ez diola sortuko, baina ez dago besterik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak bideoak Gizartea Munduko analista Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa olatu berria