Gizartea -

Koronabirusa

Euskadik 8.000 test baino gehiago egingo ditu egoitzetan, adinekoei eta langileei

Hala iragarri du Nekane Murga Osasun sailburuak; halaber, adierazi duenez, ikertzen ari dira Osakidetzako osasun-profesional guztiei nola egin testak.

Adinekoen egoitza bateko irudia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Adinekoen egoitza bateko irudia
EAEko zahar etxeetako egoiliar eta langileei testak egiten ari zaizkie

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko adinekoen egoitzetan, COVID-19 gaitza atzemateko 8.000 test baino gehiago ari dira egiten, erabiltzaileei eta osasun-langileei, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez; test horien helburua da "aztertzea koronabirusaren aurrean nolako immunitatea duten". Horrez gain, Murgak iragarri du ikertzen ari direla Osakidetzako osasun-profesional guztiei nola egin testak.

Sailburuak prentsaurreko telematikoa eman du ostiral honetan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Kontseilu Aholkulariaren bilera amaituta. Murgak onartu duenez, "adinekoen egoitzetako egoera lehentasuna da une honetan, eguneroko gure jarraipenean eta balorazioan"; hortaz, egunez egun ari dira lanean "ahulenak diren pertsonen artean saihesteko gaitzaren hedapena".

Testuinguru horretan, erakundeen COVID-19aren aurkako konpromisoa nabarmendu du; azpimarratu duenez, egunero ari dira proba gehiago egiten, "bereziki egoitzetako erabiltzaileen eta sektore horretako langileen artean".

"Orain arte, batez ere, sintomak zituztenei egin izan dizkiegu testak, baina, dagoeneko, immunitatea aztertzeko probak ari gara egiten, 8.000 proba baino gehiago. Ikertzen ari gara nola egin ahal dizkiegun Osakidetzako osasun-langile guztiei", esan du.

Halaber, adierazi du gerora ahulak diren beste gizatalde batzuekin jarraituko dutela; besteak beste, minbizia pairatu duten herritarrekin, edo arrisku handiagoan jar ditzakeen medikazioa dutenekin.

"Estrategia ari gara diseinatzen, Euskadin dagoen immunitatearen mapa egin ahal izateko; horretarako hainbat gizatalderi egingo dizkiegu testak", esan du. "Egunero eta modu masiboan egitea ez da posible, baina aztertu ahal dugu immunitatea nolakoa den".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusaren Eris aldaera gaur