Gizartea -

BI HILABETE LUR-JAUSITIK

Bilaketa amaitu dute Zaldibarko zabortegiaren eremu batean

B3 zonaldea amaituta, B1.1 inguruan ari dira orain Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren bila. B4 zonaldean, berriz, etenda daude bilaketa lanak egonkortasunik ez dagoelako.

Zaldibarko zabortegiaren gaur egungo irudi bat. Argazkia: EFE
Zaldibarko zabortegiaren gaur egungo irudi bat.
Zaldibarko zabortegiaren gaur egungo irudi bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze iragan otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian luizia izan eta desagertuta dauden bi langileen bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute oraindik emaitzarik izan ez bada ere. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, arakatzen ari ziren zonalde batean, B3an, amaitzen ari dira azken garbiketak, "praktikan, amaitu da bertan bilaketa".

B1.1 eremua, lixibiatuen ontzi nagusia dagoen gunea, arakatzen jarraitzen dute bilaketa-langileak. Hiru lantalde ari dira bertan, arakatze, ateratze eta galbahetze lanetan.

"Inguru hori ahal den gehien garbitu nahi dugu hurrengo egunetan, baina autobideraino iritsi zen luiziaren egonkortasuna arriskuan jarri gabe" azaldu dute. Gutxi gorabehera 8 metroko lodiera du mugitu zen hondakin kapak.

B2 zonaldeari dagokionez, 2 metroko lodiera duen kapa eskuaretu eta garbitzea falta da oraindik.

Azkenik, B4 zonaldean etenda daude bilaketa lanak, ez baitago oraindik egonkortasunik luiziaren gainaldean (baserri inguruan) eta horko lurra kendutakoan hasiko dira lanak.

08:30etik 19:00etara aritzen dira lanean eta erretiratzen dituzten hondakin guztiak 1 depositura eramaten dituzte, zabortegiko lurretan bertan prestatu diren bideetan barna.

Kamioien joan-etorriak kexuak eragin ditu bizilagunen artean. Horri erantzunez, Jaurlaritzak esan du "ekidin ezina" dela trafiko hori, "baina obrako materiala, erregaiak, garbiketa eta logistika gaietarako bakarrik" erabiltzen dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Zaldibar Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea