Gizartea -

Koronabirusa

Selektibitateko proba malguagoa prestatu du Eusko Jaurlaritzak, koronabirusa dela eta

Aurtengo probak izango duen aldaketa nabarmenenari dagokionez, azterketa bakoitzean ohi baino aukera gehiagoren artean hautatu ahal izango dute ikasleek.

Ikasleak, gela batean, irakasleari entzuten. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia.
Ikasleak, gela batean, irakasleari entzuten.
Ikasleak, gela batean, irakasleari entzuten. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitzak Batxilergoko bigarren mailako ikasleen irakaskuntzaren garapenean eragin duten "ezinbesteko inguruabarrak direla eta", Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioa (USBE) berregituratu du Eusko Jaurlaritzak, aurten "malguagoa" izan dadin.

Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Hezkuntza Sailburuordetzak uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo den probaren irizpideak helarazi dizkiete Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeei, eta Hezkuntza Ministerioak ezarritako jarraibideak kontuan hartu dituzte.

Aurtengo probak izango duen aldaketa nabarmenenari dagokionez, azterketa bakoitzean ohi baino aukera gehiagoren artean hautatu ahal izango dute ikasleek.

Adibidez, Filosofiako azterketan, aurreko urteetako egiturak zehazten zuen ikasleek bi egileren artean aukeratu behar zutela, baina, aurtengo proban, lau filosoforen artean aukeratu ahalko dute, eta aldaketa horrek selektibitatea "eskuragarriago egiten du ikasleentzat".

Berregituraketaren helburua bikoitza dela azaldu du Hezkuntza Sailak. Alde batetik, "proba malgutzea, irakaskuntzaren garapenean eragin duten ezinbesteko egoerak direla eta", eta, bestetik, "ikasleen aukera berdintasuna bermatzea aipatu egoeraren aurrean".

Hezkuntza Sailburuordetzak eta EHUk azaldu dutenez, "funtsean, azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitu egin da, eta, galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzeko A eta B aukeretako gaiak modu ordenatuan hautatzeko aukera emango da".

Dena den, "ezingo dira 10 puntu baino gehiago balio dituzten galderak nahasi, ezta adierazitakoekin bat ez datozen galdera-multzoak ere, eta horrek jarraibideetatik ateratzen den galderaren bat baliogabetzea ekar dezake".

Testuak, probetan sartzen diren 23 irakasgaietako bakoitzean izandako aldaketak zehazten ditu; izan ere, aurten uztailera atzeratu behar izan dute, koronabirusaren pandemiaren ondorioz.

Behin selektibitatearen irizpideak ezarrita, Hezkuntza Sailak hirugarren hiruhilekoaren ebaluazioari buruzko jarraibideak igorriko dizkio aste honetan hezkuntza komunitateari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza EHU Deustuko Unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Leioa Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera