Gizartea -

Koronabirusa

San Prudentzio egunean banderak haga erdian egongo dira Araban, dolu-seinale moduan

Arabako Foru Aldundiak "dolua ikusarazteko keinu sinboliko" gisa azaldu du ekimena, Araban COVID-19aren ondorioz orain arte hildako 323 pertsonen omeneza.

Arabako Foru Aldundiaren Jauregia. Argazkia: Txus Txasko.
Arabako Foru Aldundiaren Jauregia
Arabako Foru Aldundiaren Jauregia. Argazkia: Txus Txasko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko udaletxeko banderak haga erdian egongo dira San Prudentzio egunean, apirilaren 28an, Araban koronabirusaren ondorioz hildako 323 pertsonak oroitzeko keinu gisa.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak "dolua ikusarazteko keinu sinboliko" gisa azaldu du ekimena, orain arte Araban COVID-19ren ondorioz hil diren pertsonen omenez gauzatuko dena.

Arabako udal guztiak ekimen honekin bat egitera animatu ditu ahaldun nagusiak, eta "ospakizunak ezin du egoera honen gogortasuna ahaztu" gaineratu du horiei bidalitako gutunean.

Bestalde, ohar baten bidez jakinarazi duenez, Gasteizko Udalak bat egiten du Arabako Foru Aldundiak probintziako udal guztiei egindako gonbidapenarekin.

Hildakoak "bereziki presente" izan nahi ditu Arabako jai nagusietako batean, azaldu du.

Gainera, Gorka Urtaran alkateak esan du Arabako hiriburuan omenaldia egingo dietela "osasun krisia amaitzen denean" pandemiaren biktima guztiei, "merezi duten moduan agurtzeko".

Arabako Foru Aldundiak apirilaren 28an San Prudentzio eguneko ekitaldi ofizial guztiak bertan behera uztea erabaki zuen, baita maiatzaren 1ean Estibalizko Andre Mariaren egunaren ospakizuna ere, koronabirusaren pandemia dela eta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Gaixotasunak San Prudentzio Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Osasun albisteak Koronabirusa Arabako Foru Aldundia albisteak