Gizartea -

Koronabirusa

EHUko ikasleen % 81entzat "gehiegizkoa" da lan-karga

Ikasleen Kontseiluak egindako inkestaren arabera, gainera, 10etik 8 ez daude gustura irakaskuntza telematikoarekin.

EHU. Argazkia: EiTB
EHU. Argazkia: EiTB
EHU. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUko Ikasleen Kontseiluak inkesta bat egin du ikasleen artean konfinamenduko lehenengo asteetan, eta emaitzek agerian utzi dute ikasleen gehiengo zabala ez dagoela gustura aurrez aurrekoak ez diren eskolekin.

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz martxoaren 12an unibertsitateak ixtea erabaki zutenetik, EHUn ezarri den metodologiaren inguruan ikasleek dituzten zalantzak eta iritziak jaso dituzte galdeketa horretan.

Hori horrela, ikasleen % 81entzat "gehiegizkoa" da irakasleek jartzen dieten lan-karga, eta ia beste hainbeste (% 80) ez dago gustura hezkuntza telematikoarekin.

Horren harira, ikasleen laurdenak baino gehiagok (% 28,24) erantzun dute irakasle guztiak ez direla haiekin harremanetan jarri, eta % 56,82k "soilik ikasgai batzuetan" jaso dituztela online klaseak. Gainera, 1etik 10erako eskala batean, 1 eta 3 artean ezarri dute ikasketa metodologiaren inguruan irakaslearekin lortu duten adostasun maila.

Hala eta guztiz ere, "ikasle ugarik eskerrak eman dizkiete irakasleei, egoera zail honetan egiten ari diren lanagatik", baina sistema nola hobetu daitekeen galdetuta, gehienek erantzun dute "irakasle guztiek" eman beharko lituzketela eskolak bideokonferentziaz.

Ez du aurrez aurrekoa ordezkatzen

Datuak esku artean, Kontseiluak ondorioztatu du "arazo handiena" dela "irakaskuntza telematikoak ez duela behar den bezala ordezkatu aurrez aurreko irakaskuntza", eta horri "gehiegizko lan-karga" gehitu behar zaiola.

Bestalde, gogorarazi dute ikasle askok ez dutela "baliabide egokirik" ikasketak etxean egiteko, eta "ezinegon handia" sortu dela, ez dakitelako "azterketak egingo diren, noiz egingo liratekeen, Erasmusa egin ahal izango duten…". Hori dela eta, "ahal bezain laster" erantzun bat emateko eskatu dute.

Bideokonferentzia gehiago

Kontseiluak hainbat proposamen helarazi dizkio EHUri egungo egoerari ahal den modu egokienean aurre egiteko.

Ikasle guztiek "baliabide teknologikoak" dituztela "bermatzea" eskatu diote EHUri, eta ikasleak "ez behartzea azterketa egiten duten bitartean web-kamerarekin grabatzera", horren ondorioz sor daitezkeen konexio arazoengatik.

"Aurrez aurreko eskolen ordezko bakarrak" bideokonferentziak izatea, "irakaskuntza gidak benetan egokitzea", "etengabeko ebaluazio erreala egitea lanen bitartez", eta lauhileko honetako ikasgaien matrikula itzultzeko aukera ematea eskatzen dute, besteak beste.

EHUko Ikasleen Kontseiluak apirilaren 1etik 5era egin zuen inkesta, eta 9.310 erantzun jaso zituen, matrikulatuta zeudenen % 23,06, hain zuzen ere. 12 galderako sortari erantzuteko, unibertsitateko saioa irekitzeko gakoa sartu behar zen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa Gazteak azken ordukoa