Gizartea -

Koronabirusa

Haurrekin kalera modu seguruan irteteko aholkuak

14 urtetik beherako neska-mutilak kalera irten daitezke gaurtik, ordubetez, heldu batek lagundurik. Pertsona heldu horren ardura izango da irteera horretan arriskurik ez hartzea.

Umeak ezin dira parkeetara joan baina bai bizikleta eta bestelakoekin ibili. Argazkia: Efe.
Umeak ezin dira parkeetara joan baina bai bizikleta eta bestelakoekin ibili. Argazkia: Efe.
Pandemia egoeran, arauak betetzea denoi dagokigula gogorarazi du Ertzaintzak

1:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamalau urtera arteko umeak egunean ordubetez atera ahalko dira kalera, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara, gaurtik aurrera, heldu batek lagunduta. Gehienez ere, etxetik kilometro baterainoko tartean paseatu edo jolastu ahalko dute, baina ezingo dira parkeetara joan.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak jende gehieneko orduak, joan-etorri gehien dauden tarteak, saihesteko eskatu du. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, bere aldetik, "ahal den tarterik motzena" egiteko eskatu du, eta segurtasun neurriak zorrotz zaintzeko.

Nortzuk atera daitezke kalera?

14 urte bete ez dituzten haur guztiak atera ahal izango dira gaurtik ordubetez, kalera, baina heldu batekin beti. Hori bai, ezingo dute kalera irten COVID-19aren sintomarik dutenek (sukarra, adibidez), ezta eurek edo euren senideren batek positibo eman duelako koarentenan dauden haurrek.

Urritasunen bat edo jarrerarekin lotutako arazoak dituzten haurrek, autismoarekin lotutako trastornoak edo jarrera disruptiboak dituztenak, adibidez, medikuek gomendatzen duten maiztasunarekin atera daitezke paseatzera, segurtasun neurri guztiak betez.

Norekin irten behar dira?

Heldu batek berarekin bizi diren hiru ume eraman ahalko ditu gehienez, eta urruntze soziala bermatu beharko du une oro, bi metroko tartea mantenduz, inorekin elkartuz gero.

Haurrekin irtengo den pertsona hori etxeko-langile edo umeen zaintzaile bat izan daiteke, baina guraso zein tutore izan ezean, horien baimen idatzia beharko du pertsona horrek. 

Etxe berean bizi diren aiton-amonak ere atera daitezke haurrekin paseatzera, baina "ez da komeni".

Nora joan daitezke?

Edozein espazio publikotatik ibil daitezke haurrak, baimendutako espazio naturalak eta berdeguneak barne, baina bizilekutik kilometro bateko distantziara, gehienez, eta inolaz ere ez parke zein haurrentzako instalazioetan.

Eguzkia dagoen tarteetan ateratzea gomendatzen dute baina lan zentro zein enpresen sarrera-irteera orduak saihestea, ahal den jende gutxienarekin topo egiteko.

Umeak auzoko edo bizilagunen eremu komunetara jaitsi ahal izango dira, baina urbanizazio horietako jolasguneetan beste haurrekin bat egin gabe, ordubete baino gehiago egon gabe eta beti heldu batekin, hau da, kalean paseatzeko ezarritako neurri berberak errespetatuz. Eraikin bakoitzak ezarri beharko ditu "arau propioak" eremu horien erabileraren inguruan.

Nola prestatu irteera?

Etxetik irten aurretik eskuak garbitu behar dira.

"Oso ondo" azaldu behar zaie haurrei bi metroko distantzia mantendu behar dutela, ezin dutela lagunekin geratu ezta taldean jolastu ere.

Begiak, sudurra eta ahoa ez direla ukitu behar gogorarazi behar zaie eta eztul egitean, ukondoa jartzeko aho parean.

Jostailuak, pilotak, patinetea... atera ditzakete baina ezin dituzte beste haurrekin partekatu.

Eskularru eta maskara jarri behar al zaizkie?

Babeserako neurriei dagokienez, haurrek ez dute eskularrurik erabili behar. Eskularruak erabiltzekotan, ondo erabili behar dira, gaizki erabiltzeak arriskua sor baitezake, eta haurrentzat errazagoa da eskuak garbitzea eskularruak ondo erabiltzea baino.

Hiru urtetik gorako umeek maskara janztea gomendatzen dute kalera irten eta besteekiko bi metroko distantzia mantendu ezin den kasuetan, beti ere heldu baten zaintzapean, erabilera zuzena egingo dute ziurtatuta. Haurrak gaizki erabiliko badu edo eskuekin ukitzen arituko bada, hobe da ez ibiltzea.

Maskararik ez da bota behar lurrera. Erabilera bakarrekoa bada, etxean bota behar da eskatzen dute.

Etxera itzulitakoan, zer?

Erizaintza Kontseiluak haurrek kalera eraman dituzten jostailuak eta zapatak kaxa batean utzi eta garbitzea gomendatzen du.

Eskuak ondo-ondo garbitu eta eraman bada, maskara erretiratu.

Erabili eta botatzekoa bada errefuxaren ontzira edo poltsa itxi batera bota behar da, erabat itxita geratzen dela ziurtatuz.

-------------------------------------------------------------

Haurren paseoari dagokionez, osasun egoera kontrolatzeko emaitza egokiak ez dituela ikusten bada "atzera egin" ahal izango dela zehaztu du Ogasun ministro eta Gobernuko bozeramaileak, alarma-egoera aldarrikatzen duen Errege Dekretuak aurreikusten duen bezala.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Umeak Koronabirusa olatu berria Alarma egoera Konfinamenduaren deseskalatzea Gurasoak albisteak