Gizartea -
Malagan
Magistratu bat psikiatrikoan sartu dute, epaile batek salatuta
Epailea babesteko ardura zuten poliziek ustezko erasotzailea bere lankidearen etxebizitzatik gertu aurkitu zuten, eta azken horrek agenteen aurka egin zuen.
Erredakzioa
Malagako epaile batek Santanderreko magistratu bat jazarpena egiten ari zitzaiola salatu zuen, asteazkenean, eta istilu baten ostean, zentro psikiatriko batean sartu zuten magistratu hori, auzitegietatik jakitera eman dutenez. Fiskaltzara eraman dute gaia.
Prozesuak bere bideari jarraituz gero, Andaluziako Justiziako Auzitegi Gorenaren eskuetan uztea ez dute baztertu, bi epaileak forupekoak direlako.
Epailearen etxebizitzatik gertu aurkitu zuten ustezko erasotzailea epailea babesteko ardura zuten poliziek, eta azken horrek agenteen aurka egin zuen.
Magistratua Malagako probintziako polizia-etxera eraman zuten, baina ez atxilotuu moduan, eta ez zioten deklaraziorik ere hartu. Hala ere, autoritate judizialei egoeraren berri eman zieten.
Ustezko erasotzaileak Malagako Auzitegi Medikuntzako aditu psikiatrikoek egindako galdera batzuei erantzun behar izan zien, eta, azterketaren ostean, zentro psikiatriko batean sartu zuten.