Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroan aldi baterako kontratazioaren zerrendan dira Hezkuntzako LEPan onartutakoak

Salbuespenezko neurria da, eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako deialdiei eragiten die, oposizio-probak 2021era atzeratu direlako.

Ikasle bat, etxerako lanak egiten, ordenagailu eramangarri batekin. Argazkia: EFE
Ikasle bat, etxerako lanak egiten, ordenagailu eramangarri batekin.
Ikasle bat, etxerako lanak egiten, ordenagailu eramangarri batekin. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartuko ditu Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Lan Eskaintza Publikoen (LEP) deialdietan onartutako hautagaiak, betiere eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Neurri hori "salbuespenezkoa eta iragankorra" da, oposizio-probak 2021era atzeratu direlako, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz. Foru Gobernuak ohar batean azaldu duenez, Hezkuntza Departamentuko arduradunek erabaki horren berri eman diete sindikatuei, bideokonferentzia bidez egindako Mahai Sektorialaren bileran.

Horrela, datorren ikasturtean hezkuntza sistemaren beharrak asetzeko adina hautagai izan nahi ditu Hezkuntza Departamentuak.

Aldi baterako kontrataziorako hautagaiak izateko Departamentuak egingo duen zerrendan Bigarren Hezkuntzako eta LHko irakasleak hautatzeko deialdietako kidego, espezialitate eta hizkuntza bakoitza agertzen dira. Deialdi horiek, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Hornitzeko Zerbitzuaren zuzendariak abenduaren 26an emandako 8/2019 Ebazpenaren bidez onartu ziren.

Koronabirusaren eraginez, 2020an ez dira osatuko hautaketa-prozesutik eratorritako plazarik gabeko gaindituen zerrendak, eta ez dira zerrenda orokorrean sartuko hautapen-prozesuko hautagaiak, araudian ezarritako baldintzak beteta ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Lana Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa