Gizartea -
Koronabirusa
Ospitale-trailerra egokitu du DYAk Bilbon, sendagaiak etxeetara eramateko
Kutsatzeko arriskuan eta etxean konfinatuta dagoen pertsona farmaziara edo DYAra dei dezake eta boluntarioek eskaera farmaziatik hartuko dute eskatzailearen etxera eramateko.
Agentziak | Erredakzioa
DYAk arriskuko populazioaren artean botikak etxera eramateko zerbitzua indartzeko egokitutako ospitale-trailerra aurkeztu du. Ibilgailua operazio-zentro bezala erabiliko dute eta egoitza zentralean egindako lana hedatzeko aukera ematen du, konfinatuta dauden arriskuko pertsonei behar dituzten botikak etxera eramateko. Egunean, banaketarako erabiltzen dituzte sei ibilgailuek 30 eta 40 entrega artean egiten dituzte.
Fernando Izagirre DYAko presidenteak ospitale-trailerraren zerbitzuaren aurkezpenean azaldu duenez, DYAk Bizkaiko Farmazien Elkargoarekin eta Jaurlaritzako Osasun saileko Farmazia Zuzendaritzarekin elkarlanean ematen du zerbitzua. Egunean, batez beste, 650 pertsonarekin harremanetan jartzen dira euren call-centerretik. Gaur arte, 15.000 pertsonari eman diete zerbitzua.
Prozesu osoan, DYAk eskariak jaso eta botikak etxebizitzetara eramaten ditu. Horretarako, konfinatuta dagoen pertsonak farmaziara edo DYAra bertara deitu behar du. Ondoren, "operadoreak abisua hartzen du, baliabideak eta ibilgailua martxan jartzen ditu, boluntarioak farmaziara doaz, eskatutako botikaka jaso eta pertsonaren etxebizitzara eramaten dute".
Erorikoak eta maskaren banaketa
Izagirrek gaineratu duenez, trailerreko deien gunea etxean erortzen direnei laguntzeko eta maskarak banatzeko ere erabiliko dute. Langileak "txanda ezberdinetan banatuta daude; erorketa kasuetarako zortzi boluntario daude, binaka lan egiten dutenak, eta beste 20 pertsona botiken banaketan ari dira".
Kudeatzen dituzten 600 deietatik "botikak behar dituzten 37 pertsona edo familia inguru daude. Horrez gain, 35.000 pertsonako zerrenda bat dago eta horiei deitu egiten diegu haien beharrizanak zeintzuk diren jakiteko. Horrelako 600-700 dei egiten ditugu egunean".