Gizartea -

KORONABIRUSA

19 hildako EAEn eta 12 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

"Pazienteak artatzeko jarduerari eta alor epidemiologikoari erreparatuta, beheranzko joera" baieztatzen dute kutsatu berrien eta hildakoen datuek, Osasun sailburuaren iritzian.

Nekane Murga Osasun sailburua. Argazkia: EiTB
Nekane Murga Osasun sailburua
352 positibo gehiago diagnostikatu dira azken orduetan EAEn

1:23

EITB.EUS | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 19 pertsona hil dira EAEn eta beste 12 Nafarroan azken orduetan. Gainera, EAEn 352 positibo gehiago zenbatu dituzte, Nekane Murga Osasun sailburuak larunbat honetako agerraldian jakinarazi duenez. Horren hitzetan, "pazienteak artatzeko jarduerari eta alor epidemiologikoari erreparatuta, beheranzko joera" baieztatzen dute kutsatu berrien eta hildakoen datuek.

Hortaz, koronabirusaren pandemia hasi zenetik, EAEn 14.132 pertsona daude kutsatuta, eta beste 1.212 hil dira COVD-19arekin. Erietxetan ospitaleratuta egon diren edo dauden lagunak 6.375 dira, atzo baino 60 gehiago.

Zainketa Intentsiboko Unitatean, berriz, 525 pertsona daude, atzo baino zazpi gehiago. Gaitza gainditu dutenen kopuruari dagokionez, 8.941 dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ostiral arratsaldeko 20:00ak arte bildutako datuen arabera, guztiz sendatutako edo mediku alta jasotako pertsonak 8.941 dira. Gaitza detektatzeko 4.968 PCR test eta 4.441 test azkar egin dira ostiralean, egun bateko kopururik handiena, eta guztira 78.896 egin dira orain arte. Hamar probatik zazpik eman dute positibo.

Herrialdeka, Araban 3.551 kasu positibo zenbatu dira (aurreko egunean baino 98 gehiago), eta horietatik 146 ospitaletan daude; Bizkaian 8.025 pertsona daude kutsatuta (197 gehiago), horietatik 448 ospitaleratuta; Gipuzkoan 2.556 positibo zenbatu dira (57 gehiago), horietatik 175 ospitaletan. Halaber, epidemia hasi zenetik, Araban 332 lagun hil dira, Bizkaian 642 eta Gipuzkoan 238.

Nafarroa

Bestalde, Nafarroako Foru Erkidegoan 94 kasu berri izan dira, aurreko egunean baino % 1,8 gehiago. Epidemia hasi zenetik konfirmatutako kutsatze kopurua 5.274koa da. Ostiral honetako 20:00ak arte 12 hildako gehiago izan dira Nafarroan, guztira, 429. Gaixotasuna gainditu dutenen kopurua 1.737koa da, aurreko egunean baino 185 pertsona gehiago.

 Hildakoen % 70,2 erietxetan ospitaleratuta zeuden, eta gainerako % 29,8, ordea, ospitaletik kanpo jazo dira. Hildakoen batez besteko adina 83 urtekoa da.

Datuak Estatu mailan

Hildako kopuruari dagokionez, zertxobait gora egin du larunbat honetan Espainiar Estatu mailan: 378 hildako gehiago izan dira, beraz, 22.902 lagun hil dira guztira, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. Ostiralean 367 hildako gehiago izan ziren, aurreko egunean baino 11 hildako gehiago.

223.759 kutsatu daude Estatu osoan, aurreko egunean baino 2.944 kasu gehiago. Gaitza gainditu dutenak, ordea, 95.708 dira, eta horietatik 3.353 azken 24 orduetakoak dira.

Autonomia Erkidegoei erreparatuta, COVID-19agatik hildako kopuru gehienak ditu Madrilek (7.848 hildako); jarraian doaz Katalunia (4.498); Gaztela-Mantxa (2.292); Gaztela eta Leon (1.639); EAE (1.212); Valentzia (1.172); Andaluzia (1.131); Aragoi (709); Nafarroa  (429); Extremadura (416); Galizia (388); Errioxa (311); Asturias (239); Kantabria (182); Balear Uhartea (174); Kanaria Uhartea (130); Murtzia (126); Ceuta (4); eta Melilla (2).

378 hildako gehiago Espainiar Estatuan
378 hildako gehiago Espainiar Estatuan
378 hildako gehiago Espainiar Estatuan

1:32

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza EAE Espainia Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea