Gizartea -

KORONABIRUSA

ELA: "Negozio-eredua arriskuan ikusi dutenean mugitu dira aldundiak eta egoitzak"

"Astebeteko epean, eta gure salaketek ekar zitzaketen ondorioak ikusita, bai enpresak bai erakundeak neurriak hartzen hasi dira: testak egiten, desinfekzio orokorrak..." adierazi du sindikatuak.

Gasteizko adinekoen zentro bateko langileak. Argazkia: EFE.
Gasteizko adinekoen zentro bateko langileak.
Gasteizko adinekoen zentro bateko langileak. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak oharra kaleratu du EAEko hiru foru aldundiek eta zahar etxeetako enpresa kudeatzaileek koronabirusaren krisi honetan izan duten jarrera salatuz: "aldundiek eta egoitzetako enpresa emakidadunek soilik euren negozio-eredua arriskuan ikusi dutenean eman dituzte osasuna bermatzeko benetako urratsak".

"ELAren lan sindikal eta juridikoak lortu du segurtasun-neurriak aplikatzea eta Covid-19ren biktimak murriztea, erakundeen eta enpresen hasierako utzikeriaren aurrean" ohartarazi du sindikatuak.

Ildo honetan, gogoratu du martxoaren 18an, oraindik ere Gipuzkoako zahar egoitzetan positiborik atzeman ez zen garaian, sindikatuak jada eskatu ziela idatziz Espainiako Osasun Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, zein hiru foru aldundiei, babes eta prebentzio neurri guztiak aplika zitzatela bai langileen bai egoiliarren segurtasuna bermatzeko.

Ia hilabete geroago, apirilaren 11n, "erakundeek profesionalen kutsatze-datuei buruz ezarritako informazio-zentsuraren aurrean, ELAk bere barne-azterketako zenbait datu argitaratu zituen. Azterlanean esaten zen egoitzetako egoera ezin larriagoa zela. Hildako eta kutsatutako egoiliarren datuei gehitu behar zaie aztertutako egoitzen %80an gabezia larriak zeudela lan-osasunaren arloan, langileen% 70i ez zitzaiela testa egin, eta egoitzen heren batean baino ez zirela desinfektatze orokorrak egin. Ordurako, COVID-19ak ehunka langile kutsatu eta bajan zituen, horietako batzuk osasun-arazo larriak zituzten".

"Salaketa publiko horrengatik, -eta EAEko hamar bat egoitzatan langileen osasunerako, bizitzarako eta segurtasunerako eskubidea babesteko eskariak aurkezteko orduan ELAk hartutako erabakiagatik-, enpresak eta aldundiak ELAk eskatutako eta epaitegiek ezarritako kautelazko neurriak betetzen hasi dira; hori izan da beharrezko neurriak hartzen hasteko arrazoia" adierazi du sindikatuak.

"Astebeteko epean, eta gure salaketek ekar zitzaketen ondorioak ikusita, bai enpresak bai erakundeak neurriak hartzen hasi dira: testak egiten, desinfekzio orokorrak, langileei nolabaiteko segurtasun berme bat eskaintzen zuten EPIak eman zaizkie......" jakinarazi du ELAk.

Dena dela, langile gabeziak "egiturazko arazoa" izaten jarraitzen duela egoitza askotan salatu dute eta ezarritako neurriak ez direla nahikoak. "Oso kezkatuta gaude, prozesu judizialak amaitu ondoren, enpresek berriro ere lehengo lepotik jarraituko ote duten", eta horregatik, lan sindikal eta juridikoarekin jarraituko dutela ohartarazi dute, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza ELA Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa