Gizartea -
Koronabirusa
Eudelek erretiratu egingo ditu banatutako 300.000 maskarak, akastunak direlako
Maskarak asteazkenean banatu zituzten udaletxe ezberdinen artean eta astelehenetik aurrera erretiratzen hasiko dira, berri batzuengatik ordezkatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Eudel Euskal Udalerrien Elkarteak iragarri du EAEko udaletan banatzeko bere baliabideekin erositako 300.000 maskarak erretiratu egingo dituela, akastunak direlako.
Larunbatean komunikatu baten bidez aditzera eman dutenez, udaletan banatu ostean maskara batzuetako gomak belarritik askatu egiten direla antzeman dute, eta horren ondorioz, maskarek ezin dute babesik eman.
Material guztia erabilgarria eta eraginkorra dela ziurtatzeko, Eudelek 300.000 maskarak erretiratu egingo ditu beste berri batzuengatik ordezkatzeko.
Komunikatuan azaldu dutenez, maskarak udaletara iritsi berriak dira eta gehienek ez dute denborarik izan herritarren artean banatzeko.
Banaketarekin asteazkenean hasi ziren
Eudel asteazkenean hasi zen maskarak banatzen. Arabako udaletxeen artean 43.750 maskara banatu zituzten, Bizkaikoetan 145.000 eta Gipuzkoakoetan 107.000. Ondoren, udalek beraiek erabaki behar zuten nori eman maskara horiek.
Banaketa horrek bi helburu zituen:azken asteetan maskaren prezioen inguruan izandako espekulazioa ekiditea eta herri txikiak COVID-19aren aurkako ekipamendurik gabe geratzea.