Gizartea -

Euskara

D ereduan izena emateko oztopoak salatu dituzte Mendigorrian eta Villatuertan

Euskararen Foru Legearen arabera, aski dira zortzi ikasle euskarazko lerroak irekitzeko, baina Foru Gobernuak Garesera bideratu ditu ikastetxe publikoan euskaraz ikasi nahi duten familiak.

Bi adingabe, motxila batekin eskolara joateko. Artxiboko argazkia: EFE
Bi adingabe, motxila batekin eskolara joateko.
Bi adingabe, motxila batekin eskolara joateko. Artxiboko argazkia: EFE

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gaur, astelehena, irekiko du aurrematrikulazio epea. Horrela, 3 urteko haurrak dituzten 6.000 familiak ikastetxea eta hizkuntza eredua aukeratuko dute gaurtik ostiralera bitartean.

Ildo horretatik, eremu ez euskaldunetan D eredua aukeratzea ahalbidetzen du Euskararen Foru Legeak, baina Mendigorria eta Villatuertako guraso batzuek D ereduan izena emateko aukera ukatu egin zaiela salatu dute.

Mendigorrian, 11 familiak egin dute euren seme-alabek herrian bertan euskaraz ikasteko hautua. Zehazki, datorren ikasturtean 6 lirateke, eta hurrengoan 5, baina Hezkuntza Departamentuak oztopoak jarri dizkiela salatu dute.

Adin txikiko horiek euskaraz ari dira jada haur eskolan; izan ere, euskara hutsezko ereduan ari dira herriko haur eskolan. Mendigorriko gurasoei, ordea, ukatu egin zaie herriko ikastetxe publikoan D ereduan aurrematrikulazioa egiteko aukera, eta Garesera bideratu dituzte.

Antzekoa gertatu zaie Villatuertan, eta, gertatutakoa salatu ondoren, Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erantzunaren zain jarraitzen dute oraindik.

Euskararen Foru Legearen arabera, aski dira zortzi ikasle euskarazko lerroak irekitzeko, eta tokian tokiko egoera aintzat hartuko dela dio. Testuinguru horretan, azken bi urteetan eremu ez euskalduneko 14 ikastetxetara zabaldu da D eredua. Tafalla, Lodosa eta Caparroson sortu zituzten lehen lerroak 2016-2017 ikasturtean. 

Gastu-muga ia 17 miloi euro handitzea izan zen EH Bilduk Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearen gobernuari aurrekontu akordioan jarritako baldintza. Gizarte politikak, hezkuntza, osasuna eta zerbitzu publikoak sendotzera bideratuko dituzte, gaur bertan onartuko den aurrekontu proposamena zatikako zuzenketen bidez moldatuta.

Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landu du.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Nafarroako Gobernuko lehendakaria