Gizartea -

San Prudentzio 2020

San Prudentzioko eta Estibalizko jaiak konfinamendu egoeran ospatuko dira

Gaur, San Prudentzio jai-bezpera, balkoi zein leihoetatik ospatuko da, eta Arabako Foru Aldundiak jarduera ofizial zein herrikoiak #ArabakoJaiakEtxezetxe ekimenaren barruan biltzeko eskatu du.

San Prudentzioko danborradaren artxibo irudia
San Prudentzioko danborradaren artxibo irudia
San Prudentzioko danborradaren artxibo irudia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten, arabarrek San Prudentzio (apirilaren 28a) eta Estibalizko Andre Mariaren (maiatzaren 1a) jaiak etxebizitzetatik ospatuko dituzte, konfinamendu-neurriak kontuan hartuta, eta, era berean, koronabirusaren eraginez hildako eta kaltetutako pertsonei omenaldia egingo diete, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Ekitaldi tradizionalen ordez, konfinamenduan egin daitezkeen jarduerak antolatu dira, eta Foru Erakundeak sare sozialen bidez zabaltzeko eskatu du, #ArabakoJaiakEtxezetxe ekimenaren barruan.

Euskal Telebistak, 20:45ean, saio berezia eskainiko du ETB1en eta eitb.eus-en, Gasteizko zuzeneko irudiekin eta aurreko urteetako momentu onenekin. Radio Vitoriak ere zuzeneko irratsaioa emango du gaur gauean, hiritarren danbor doinuak eskaintzeko. 

San Prudentzio eguneko danborrada bertan behera utzi dute, historian bigarren aldiz (1976an izan zen aurretik). Erretretaren kasuan, azken hamarkadetan ez da inoiz bertan behera geratu.

Foru Gobernuak bideo sorta batzuk prestatu ditu sare sozialetarako, #ArabakoJaiakEtxezetxe lelopean. Grabazio horietan, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren diskurtso instituzionalaz gain, Arabako Ilusionisten Elkarteko mago batek eta perretxikoak eta barraskiloak prestatuko dituen sukaldari arabar batek ere parte hartuko dute.

Foru Aldundiak, gainera, Arabako gizarte eta kultur eragileek azken asteotan antolatu dituzten herri danborradekin edo programazio alternatiboekin bat egin du.

Gasteiz Batera Herri Zainketen Sareak, zehazki, danborrada herrikoi bat antolatu du gaurko, 20:30ean, bakoitzak bere balkoitik joko duena.

Leire Betolaza ekitaldi ofizialak bertan behera utzi aurretik San Prudentzio jaietako danborradako zuzendari izendatu zuten, eta gaurko ekimenean parte hartuko du.

Banderak haga erdian

Gainera, apirilaren 28an, San Prudentzio egunean, "Zortziko" tradizionala egiten den orduan, 09:00etan, ekitaldi instituzional bat egingo da: banderak haga erdian jarriko dira, COVID-19ak eragindako pandemiaren biktimen omenez.

Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko udaletxeko banderak haga erdian egongo dira San Prudentzio egunean.

Foru Aldundiak ekimen horrekin bat egitera animatu ditu Arabako udaletxe guztiak, eta gutun bidez adierazi die ospakizunak ezin duela "egoera honen gogortasuna ahaztu".

2020ko kartel irabazlea

Ana Del Val Kultura Saileko foru diputatuak aurtengo Arabako jaietako kartel lehiaketan parte hartu duten 44 lagunen artean irabazlea zen izan den ezagutzera eman du prentsaurrekoan.

Naiara Errasti izan da kartel irabazlearen egilea, eta 1.300 euroko saria jasoko du. Silvia Guillen, Dani Fernandez-Ferreiros Urraca, Ibon Saenz de Olazagoitia eta Yolanda Isasi izan dira lehiaketako finalistak, eta 300 euro jasoko ditu bakoitzak.

San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaietako kartel irabazlea

Aiaraldeko ospakizuna

Amurrioko Udalak ere balkoi eta leihoetan ospatuko du San Prudentzioren omenezko danborrada tradizionala.

Ekimena Fanfarre Tabarrak eta Amurrioko danborradak bultzatuko dute, eta, ohi bezala, gaur, San Prudentzio bezperan, 20:05ean ospatuko da. Modu berean, egunero 20:00etan osasun-langileen omenez egiten diren txaloak errespetatuko dira.

Apirilaren 28rako ere, Erretretako ukituak Aiaraldea osatzen duten 23 udalbatzetako biztanleengana iristea bultzatu dute.

Beraz, administrazio-batzordeek San Prudentzio egunean, 13:00etan, eskura duten teknologiarekin 'Tun-tuna' jarriko dute, patroiaren omenez udalbatza guztietan entzun dezaten.

Etxeko balkoia, erretretako agertokia Bastidan eta Lapuebla de Labarcan

Bastidako Marrate Kultur Elkarteak erretreta interpretatuko du leihoetan eta balkoietan.

Lapuebla de Labarcako Assa ikastolaren kasuan, arratsalde berezi bat sustatuko dute, "Balkoitik balkoira!" izenekoa. Ekimen horren bidez, udalerriko biztanleak balkoira atera eta egun horretako musika-piezak interpretatzera animatu dituzte.

Gainera, ikastolako danborradan ohikoa den bezala, herritarrek zerbait gorria eta txapelak eramatea edo sukaldariz jantzita joatea eskatu dute.

Arabako Errioxako kuadrillako bi udalerrietan, San Prudentzio bezperako argazki eta irudiekin bideo bat egingo dute, ospakizun berezi honen oroitzapen moduan.

San Prudentzio jaien omenezko saio bereziak, gaur gauean, EiTBn

Euskal Telebistak, 20:45ean, "Sanprudentzioak gogoratuz" saio berezia eskainiko du ETB1en eta eitb.eus-en, Gasteizko zuzeneko irudiekin eta aurreko urteetako momentu onenekin. Radio Vitoriak ere zuzeneko irratsaioa emango du gaur gauean, hiritarren danbor doinuak eskaintzeko. 

Imanol Artolak gidatuko du Euskal Telebistako saio berezia, Marta Elvira erreportaria lagun duela. Danborrada orokorra dago deituta gaur iluntzerako Gasteizko balkoietan, eta horren zuzeneko kontakizuna egingo dute, hiriko kale ezberdinetan jarritako kameren bitartez. Gainera, herritarrek, etxe atarira jaitsita, San Prudentzio bezpera nola bizi duten azalduko digute. 

"Eztabaidan" saioaren ostean, 23:00etan, berriro ekingo diote zuzeneko saio bereziari Imanolek eta Martak. Iazko danborradaren pieza esanguratsuenak eskaintzearekin batera, aurreko urteetako pregoilarien eta beste arlo batzuetako herritar ezagunen agurrak bilduko dituzte. 

Denboran atzera eginez, 1979. urtean erretreta eta danborrada nolakoak izan ziren erakutsiko digute. Juanjo Martinez Viñaspre Anemias sukaldariak legatza perretxikoekin prestatuko du eta Jon Oscoz magoak erakustaldia egingo du. Halaber, herritarrek bidalitako bideoak eskainiko dituzte, itxialdia nola bizi duten azaltzeko. 

Gauerditik aurrera, azken urteetan Gasteizko erretretan parte hartu duten taldeen ikuskizun bildumaz gozatu ahal izango dugu. 

Radio Vitoriako irratsaio berezia

Gaur gauean, 21:00etatik 22:00etara, saio berezia gidatuko dute Gema Espinosak eta Aratz Goikoetxeak. Bertan, Radio Vitoriako entzuleek erretretaz eta danborradaz gozatu ahalko dute, Probintzia plazan baleude bezala. Erretreta doinuak aldi berean eskainiko dira ETB1en, Radio Vitorian eta eitb.eus-en, eta batetik bestera danborradako piezak tartekatuko dituzte irratian. 

Aurtengo San Prudentzio bezpera oso berezia eta guztiz ezberdina izango da. Baina Radio Vitoriak deialdia egin die entzuleei irratia balkoira atera eta danborra jo dezaten (danborrik ezean, platerak, ontziak eta burruntzaliak), hain maitea duten jaia behar bezala ospatu beharra dago eta. Ekitaldia prestatu ahal izateko, entzuleen eskariz, danbor piezak jarri dituzte Radio Vitoriako web orrian. Gainera, hainbat musikarik gaur gauean balkoira aterako direla esan dute, euren instrumentuekin erretreta eta danbor doinuei laguntzeko. 

Egun horretako argazki eta bideoak WhatsApp bidez 688605002 zenbakira bidaltzen dituzten herritarren artean, 10 San Prudentzio tarta zozkatuko dira. Egoerak ahalbidetzen duenean jasoko dute saridunek tarta.

Asteartean, apirilak 28, Foru Aldunditik "Zortzikoa" eskainiko du Radio Vitoriak. Bide batez, Probintzia plazan, koronabirusaren ondorioz hildakoen omenez Arabako bandera haga erdian jartzen den unearen kontakizuna egingo du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo/eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Amurrio Araba Gorka Urtaran Gaixotasunak San Prudentzio Gizartea Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak EITB Taldea Bastida Koronabirusa Arabako Foru Aldundia albisteak