Gizartea -

Koronabirusa

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko jaiak bertan behera utzi dituzte laguntzak indartzeko

Abantoko, Barakaldoko, Muskizko, Ortuellako, Santurtziko eta Sestaoko udalek jaiak bertan behera uztea erabaki dute, normaltasunean ezingo direlako ospatu, eta horrela dirua behar dutenei bideratzeko.

Santurtziko karmenak. Argazkia: EiTB
Santurtziko karmenak. Argazkia: EiTB
Santurtziko karmenak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abantoko, Barakaldoko, Muskizko, Ortuellako, Santurtziko eta Sestaoko udalek (Ezkerraldekoak eta Meatzaldekoak) maiatzetik uztailera egiten dituzte herriko jaiak, baina aurten bertan behera uztea erabaki dute koronabirusaren krisiagatik, eta diru gehiago bideratuko dute behar handiena dutenei laguntzeko, 1,5 milioi euro hain zuzen ere.

Plazaratu duten ohar bateratuan azaldu dutenez, egungo osasun larrialdi egoeran “pertsona eta kolektibo ahulenen oinarrizko beharrei lehentasuna emateko beharrean” daude, eta “bigarren mailan” utzi dituzte gainerakoak.

Azaldu dutenez, jaiak “bultzada ekonomiko garrantzitsua dira eskualdeotan”, “jai egunetan jarduera ekonomiko handia” sortzen dutelako. Horregatik, “bereziki zaila” izan omen da ospakizunak bertan behera uzteko erabakia hartzea.

Hala ere, eta “arduraz jokatze aldera”, udalek jaiak bertan behera uztea erabaki dute “martxan jarri dituzten edo jarriko dituzten zerbitzuak ekonomikoki indartzeko, merkatariei, ostalariei, autonomoei, enpresa txikiei, eta egungo egoeran ahulenen dauden kolektiboei ahal den neurrian laguntzeko”.

Era berean, gogorarazi dute ez zegoela bermatuta jaietako jarduera ekonomikoarekin normalean etekin handiena ateratzen duten lokalak irekita egon ahal izatea, edo ez behintzat erabateko normaltasunean.

Oraingoz, eta “jaiak arriskurik gabe segurtasun eta higiene neurriekin egitea bermatuta ez dagoenez”, udalek uste dute ez litzatekeela “arduratsua izango kontratazioak egitea eta ekitaldiak antolatzea”.

Udalek berretsi dute oso zaila izan dela erabakia hartzea, baina “osasun alarmak eragindako beharrak asetzeko neurrietara ahal den diru gehien bideratzeko unea” dela, “inor atzean ez uzteko”.

Azkenik, jaien antolaketan parte hartzen duten batzorde eta talde guztiei eskerrak eman dizkiete “erabakiarekin ulermena eta enpatia” agertu dutelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Santurtzi Sestao Barakaldo Gaixotasunak Muskiz Gizartea Eguneko albisteak Ortuella Albisteak Jaiak Osasun albisteak Abanto Zierbena Koronabirusa