Gizartea -
KORONABIRUSA
Pandemiaren aurrean genero ikuspegia lantzeko gomendioak argitaratu ditu Emakundek
Emakumearen Euskal Erakundeak bere web-orriaren espazio espezifiko bat ireki du, eta bertan zenbait gomendio proposatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakundek Covid-19aren pandemiari emandako erantzunean genero-ikuspegia txertatzeko gomendioak argitaratu ditu, eta gune espezifiko bat ireki du bere webgunean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
Emakumearen Euskal Erakundeak koronabirusaren krisiak eragindako lehentasun sanitario, sozial, ekonomiko eta politikoei erantzutean genero-ikuspegia txertatu behar dela uste du, krisi honen esparruan emakumeek eta gizonek dituzten premiei eta abiapuntuko egoerei erantzuteko moduan.
Nazioarteko hainbat erakundek, hala nola Nazio Batuek, Europar Batasunak, LANEk eta adituek adierazi duten bezala, genero-ikuspegia txertatzeak "zehaztuko du, neurri handi batean, nola irteten garen krisi honetatik".
Hala, txertatze hori bultzatzeko, Emakumearen Euskal Erakundeak bere web-orriaren espazio espezifiko bat ireki du, eta bertan zenbait gomendio proposatu ditu, nazioarteko hainbat erakundetatik datozen beste batzuekin batera, epe labur, ertain eta luzean hartzen diren neurriak "ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, bai emakumeentzat, bai gizonentzat, eta inor atzean ez uzteko, Garapenerako Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasotzen den moduan.
Testuinguru horretan, lehentasunetako bat da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasuetarako arreta-zerbitzuen funtzionamendua eta biktima guztiek zerbitzu horietarako sarbidea izatea bermatzea, askotarikoak direla kontuan hartuta.
Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu horiek funtzionatzen ari dira, eta Emakunde, inplikatutako gainerako erakundeekin lankidetzan, arlo horretako erakundeen erantzuna koordinatzen ari da, baita horri buruzko informazioa zabaltzen eta herritarren eskura jartzen ere.
Emakundek sortutako gunean NBE Emakumeak, Nazio Batuen Biztanleria Funtsa (UNFPA), Garapenerako Nazio Batuen Programa (PNUD), Genero Berdintasunerako Europako Institutua (EIGE) eta Europako Kontseilua kontsulta daitezke, besteak beste.
Era berean, maiatzaren hasierarako Emakundek elkarrizketa eta mahai-inguru birtual batzuk hasiko ditu gaian adituak diren pertsonekin.