Gizartea -
KORONABIRUSA
9 hildako eta 63 kutsatu berri EAEn eta bi hildako eta 40 kutsatu berri Nafarroan
Hirugarren egunez jarraian, 300 lagun baino gutxiago hil dira Espainian: 276 azken orduotan. 25.100 pertsona hil dira orain arte koronabirusarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Bederatzi pertsona hil dira EAEn azken orduotan koronabirusarekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 1.321 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik. Gainera, 63 kasu positibo berri atzeman dira azken 24 orduetan PCR testen bidez (Pertsona batek birusa duen eta une horretan gaixo dagoen argitzen du proba honek). Test horiek jada 12.887 positibo topatu dituzte EAEn, Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. PCR testekin baieztatutakoak % 0,49 igo dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaineratu duenez, "test azkar" bidez beste 147 kasu atzeman dituzte (lortutako inmunitatea edo pertsona batek garatutako antigorputzak neurtzen ditu proba honek eta pasatutako infekzioa izan daiteke beraz). Horrenbestez, bi datuak batuta, koronabirusaren pandemia hasi zenetik 16.119 dira EAEko kasuak. Horietatik % 73,2% alta emanda edo sendatuta daude.
Ospitaleratzeei dagokienez, 52 pertsona ingresatu behar izan dituzte azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 6.659 pertsona egon dira ospitaleratuta uneren batean. Oraintxe, 695 pertsonas daude ospitaleratuta (atzo baino 41 gutxiago). 504 plantan daude eta 91 ZIUn.
Alde positibotik, 425 pertsonak jaso dute alta edo sendatu dira, hau da, 11.805 jada.
Bi hildako Nafarroan eta 40 koronabirus kasu berri
Nafarroan, berriz, bi hildako eta 40 koronabirus kasu berri erregistratu dira azken egunean, eta dagoeneko 4.888 baieztatu dira PCR proben bidez.
Osasun Ministerioaren datuen arabera, 1.979 dira koronabirusarekin ospitaleratuta dauden edo egon diren nafarrak, atzo baino 2 gehiago (132 paziente igaro dira ZIUtik), atzo eta herenegun izandako kopuru bera.
Kopuru horiei 2.281 pertsona sendatu direla gehitu behar zaie, ostiralean baino 96 gehiago, orduan Nafarroako Gobernuak baieztatu baitzuen koronabirusaz kutsatutako hiru pertsonatik bat dagoeneko sendatu dela Foru Erkidegoan.
300 hildako baino gutxiago Espainian, hirugarren egunez jarraian
276 pertsona hil dira koronabirusarekin azken orduetan Espainiako Estatuan. Beraz, 300eko langatik beheradago kopurua hirugarren egunez jarraian. Guztira, 25.100 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.
PCR bidez, berriz, 1.147 kasu berri atzeman dira, aurreko egunean baino gutxiago. Orotara, 216.582 dira kutsatu direnak.
Horrez gain, 2.572 lagun sendatu dira azken orduetan. Hala, 117.248 lagunek lortu dute jada gaixotasuna gainditzea, Espainiako Osasun Ministerioak argitaratutako azken balantzearen arabera.