Gizartea -

Koronabuloak

Koronabirusa: zer egin behar dut nire oinetakoekin etxera iristean?

Osasun Ministerioaren egungo gomendioa etxeko atarian uztea da, hasiera batean hori horrela egitea beharrezko ikusten ez bazuen ere.

Bi pertsona bota pare bat eta zapatila pare bat soinean dituztela. Argazkia: StockSnap (Pixabay)
Bi pertsona bota pare bat eta zapatila pare bat soinean dituztela.
Bi pertsona bota pare bat eta zapatila pare bat soinean dituztela. Argazkia: StockSnap (Pixabay)

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oinetakoak kentzea eta etxeko atarian uztea da Espainiako Osasun Ministerioaren egungo gomendioa, COVID-19aren aurrean etxera iristean jarraitu beharreko jardunbide egokien barruan. Horrekin batera, beste aholku batzuk ere proposatzen ditu, hala nola mugikorrak eta betaurrekoak desinfektatzea edota kalerako erabilitako arropa poltsa batean bereiztea.

Salvador Illak zuzentzen duen Osasun Ministerioak apirilaren 10ean eman zituen aditzera aipatutako jardunbide horiek, besteak beste, Twitterreko bere kontu ofizialean argitaratutako txio honen bidez:

Hain zuzen ere, aholku horiek eta beste batzuk jasotzen dira eitb.eus-en argitaratutako albiste honetan: Nola saihestu koronabirusa etxera eramatea.

Osasun Ministerioaren irizpide aldaketa

Alabaina, apirilaren 10era arte, Espainiako Osasun Ministerioak gai horri buruz zuen irizpidea bestelakoa zen; izan ere, martxoaren 16an, Fernando Simon Alerta eta Larrialdi Sanitarioen Zentroko zuzendariak prentsaurrekoan adierazi zuen ez zuela beharrezko ikusten "zapatak etxetik kanpo uztea", koronabirusaren aurkako prebentzio-neurri gisa, kalean egon ondoren gure etxeetara itzulitakoan. "Ez dugu arrazoizkoa dena baino harago joan behar", gaineratu zuen Simonek orduko hartan.

Horrela, Simonek aurka egin zion egun horietan WhatsApp bidez asko zabaldutako mezu batek zioenari. Mezu horrek honakoa zioen: "Milango ospitale batean lan egiten duen mediku batek zorrotz gomendatzen du zapata pare bakarra erabiltzea etxetik ateratzeko, eta etxeko atetik kanpo uzteko, antza denez, birusak 9 ordu eman ditzakeelako asfaltoan".

Alabaina, Maldito Bulok jasotzen duenez (EiTB Maldito Bulorekin dago harremanetan egunotan, #Koronabuloak ekimenaren bidez koronabirusaren inguruko albiste faltsuak geldiarazteko asmoz), Italiako hainbat adituk ukatu egin zuten aipatu mezuaren egiazkotasuna.

Horrela, Silvio Brusaferro Italiako Osasun Institutu Nagusiko presidenteak errefusatu eta bulotzat jo zuen informazio hori. Halaber, Fabrizio Pregliasco Milango Unibertsitateko birologoak Leggo egunkariari adierazi zionaren arabera, "birusak egun batzuetan bizirik iraun dezake, baina birus-karga txikiarekin". "Zikinkeriak, edo substratu organikoak, nolabait mikroorganismoaren biziraupena erraztu dezake, baina zapatetan egon daitekeen proportzioa oso txikia da", zehaztu zuen.

Ildo beretik hitz egin zion Efe agentziari Jaime Barrio doktoreak, Madrilgo Medikuen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Zientifikoko (Icomem) kideak, martxoaren 17an. Barriok honako adibide hau erabili zuen: "Kutsatzeko arriskua erabat ekiditeko, egokiena izango litzateke mundu guztiak ospitaleetan infekzioak saihesteko erabiltzen diren banakako babes-ekipamenduak eramatea, baina gehiegizkoa izango litzateke kutsatutako pertsonekin harremanetan ez bazaude".

Barrioren aburuz, "infektatutako tanta bat zuzenean begietara ez iristeko babes-betaurreko bereziak egunero erabiltzea inork gomendatzen ez duen bezala, ez da beharrezkoa zapatak etxetik kanpo uztea, birusa zolan itsatsita duen partikula bat etxe barruan norbaiten begietara edo ahora irits ez dadin".

Madrilgo Medikuen Elkargoko Kontseilu Zientifikoko adituaren ustez, "oso arraroa da" bide horretatik COVID-19 gaitzarekin norbait kutsatzea. Hala ere, gogorarazi zuen "Estatuko eta nazioarteko osasun-agintariek birusarekin kontaktuan egon diren gainazal guztiak desinfektatzea" gomendatzen dutela, eta "zorua horietako bat da", gaineratu zuen.

Marian "Boticaria" Garcia: "Ez gaitezen zoratu"

Bere aldetik, Marian "Boticaria" Garcia Farmazian doktoreak, Arantxa Castaño kazetariarekin batera idatzitako 123 preguntas sobre el coronavirus [3 MB, pdf] liburu berrian, honako hau dio: "Egia da oinetakoek lurra zapaldu dutela eta lurrean koronabirusa egon daitekeela. Baina zapata zolan amaitzen den birus-karga aldakorra (eta, ziur asko, baxua) izango da, iraupen-denboraren eta tenperatura- eta hezetasun-baldintzen arabera.

Hala, Garciak egokiago irizten dio oinetakoak etxetik kanpo uztea haiek desinfektatzea baino; izan ere, "arrisku gehiago eragin dezake garbitzeko asmoz oinetakoak esku artean izateak, ateratzen garen hurrengora arte etxeko sarreran uzteak baino". Beraz, "ez gaitezen zoratu", dio zientzia dibulgatzaileak.

Halaber, Garcia Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol irratsaioko mikrofonoetan egon zen apirilaren 27an, gai honi buruz eta beste askori buruz jarduteko. ("Boticaria" Garciaren solasaldi osoa emisioaren 23. minututik aurrera entzun daiteke, eta oinetakoen eta arroparen garbiketari buruzko erreferentzia zehatza 37. minututik aurrera dago).

Nola garbitu oinetakoen zolak

Oinetakoen zolak desinfektatu nahi izanez gero, jarraian ikus daitekeen ETB2ko Qué me estás contando saioko bideo honetan Deborah Garcia Bello kimikari eta dibulgatzaile zientifikoak nola egin behar den azaltzen du, baita eguneroko beste objektu batzuekin nola jokatu behar den ere, esaterako, ateetako heldulekuekin edota etxeko edo autoko giltzekin. (Jatorrizkoa, gaztelaniaz).

Cómo desinfectar las suelas de los zapatos, los pomos, las manillas y las llaves
Cómo desinfectar las suelas de los zapatos, los pomos, las manillas y las llaves
Cómo desinfectar las suelas de los zapatos, los pomos, las manillas y las llaves

Zenbat irauten du SARS-CoV-2 birusak, COVID-19 gaitzaren eragileak, gainazal desberdinetan?

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) bere webgune ofizialean azaltzen duenez, ez dago argi zenbat denbora irauten duen gainazal batean COVID-19 gaitza eragiten duen SARS-CoV-2 birusak, baina badirudi beste koronabirus batzuek bezala jokatzen duela, eta, hortaz, ordu gutxi batzuetatik egun batzuetara iraun dezakeela. Epealdia aldatu egin daiteke gainazal motaren, tenperaturaren edo inguruneko hezetasunaren arabera.

Hala ere, MOEk aintzat hartzen dituen azterlanek egiaztatu dutenez, birusak 72 ordura arte iraun dezake bizirik plastikozko eta altzairu herdoilgaitzezko gainazaletan; 4 ordu baino gutxiago kobrezko gainazaletan; eta 24 ordu baino gutxiago kartoizko gainazaletan.

Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean zurrumurru horiei aurre egiteko.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa