Gizartea -

Koronabirusa

ZIUko 1,5 eta 2 ohe artean bermatu beharko dira 10.000 biztanleko, fasez aldatzeko

Nahitaez bete beharreko baldintza da, eta autonomia erkidegoek gehienez bost eguneko epea dute zainketa intentsiboen unitateetan ohe kopuru hori prestatzeko ahalmena dutela frogatzeko.

Gurutzetako Ospitalea. Argazkia: EFE
Gurutzetako Ospitalea.
Gurutzetako Ospitalea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zainketa intentsiboen unitateetan 10.000 biztanleko 1,5 eta 2 ohe artean prestatzeko ahalmena dutela frogatu behar dute autonomia erkidegoek gehienez bost eguneko epean, konfinamendua arintzeko planean aurrera egin eta fasez aldatu ahal izateko. Horrez gain, gaixo larrienentzako 37 eta 40 ohe artean jar ditzaketela frogatu beharko dute. Nahitaez bete beharreko baldintzak dira, etorkizunean COVID-19 gaitzak izan ditzakeen agerraldi berrietarako prest egoteko.

Hala jakinarazi du asteburu honetan Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak Maria Jesus Montero Ogasun ministroarekin batera egindako agerraldian. Ildo horretatik, etorkizunean izan daitezkeen balizko agerraldi berriei aurre egin ahal izateko ezinbesteko baldintzak direla nabarmendu du.

Gainera, deseskalatze planak iraun bitartean, osasun arloko profesionalen kopuruari eustea gomendatu die Illak autonomia erkidegoei, pandemiaren une "gorenetan" zegoena erreferentziatzat hartuta, bai eta lehen mailako arreta zein osasun publikoa indartzeko berrantolaketa egitea ere, "funtsezko zeregina izango baitute" kasu berrien detekzio goiztiarrean.

Baldintza horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean igande honetan argitaratutako ministro-agindu batean daude jasota. Agindu horrek fasez aldatzeko baldintza epidemiologikoak betetzen direla egiaztatzeko edo, bestela, "motelago aurrera egiteko" erreferentzia gisa balio duten irizpideak jasotzen ditu.

Dena dela, hori guztia autonomia erkidegoekin egingo diren aldebiko bilera tekniko eta politikoetan aztertuko da, eta, elkarrizketa horietan, proposamen guztiak aztertuko dituzte. Proposamenak astebete lehenago aurkeztu beharko dira, baina, kasu honetan, "ezohiko" lehen astea izanik, asteazkenera arte izango dute horretarako aukera.

Bestalde, egoera aztertzeko erreferentziazko lurralde-unitatea probintzia edo uhartea bada ere, hobeto egokitzen diren beste unitate batzuk "dagokion moduan arrazoituta" proposatzen badira, eta "ezarritako irizpideak betetzen badituzte", elkarrekin aztertuko dutela esan du Illak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude. Maskarak nahitaezkoak dira garraio publikoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Urduliz Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzearen azken ordukoa