Gizartea -

Koronabirusaren pandemia

Euskadiko hirietako airearen kutsadura % 50 jaitsi da alarma egoeran

Ekologistak Martxan elkarteak jakinarazi dituen datuek diotenez, hauxe izan da nitrogeno dioxidoaren murrizketa, batez beste: % 46 Bilbon, % 49 Donostian, eta % 58 % Gasteizen.

Bilboko Iberdrola Dorrearen irudia, zerua garvi dagoelarik. Argazkia: EFE
Bilboko Iberdrola Dorrea
Bilboko Iberdrola Dorrearen irudia, zerua garvi dagoelarik. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekologistak Martxan taldeak egindako txostenak adierazten duenez, koronabirusaren pandemiaren eraginez indarrean sartu zen alarma egoera hasi zenetik (martxoak 14) apirilaren 30era arte, airearen kutsadura % 50 murriztu da batez beste, Euskadiko hirietan.

Euskadin, batez beste % 50 murriztu da airean dagoen nitrogeno dioxidoa (NO2). Gasteizen % 58 murriztu da, Donostian % 49 eta Bilbon %46. Nitrogeno dioxidoa automobilen ihes-hodiek igortzen duten kutsatzaile nagusia da. Horregatik, bere bilakaera zuzenean lotuta dago motordun trafikoaren emisioekin, hori baita hirietako iturri nagusia eta hirietako airearen kalitatean eragiten duen faktore nagusia.

"Hirietako airearen kutsadura murrizteko tresnarik onenak motordun trafikoaren murrizketa eta mugikortasun-jarraibideen aldaketak direla erakutsi du COVID19aren krisiak, muturreko egoera hau salbuespena dela kontuan izan behar den arren", adierazi du Ekologistak Martxan elkarteak.

Ekologistak Martxanen iritziz, oinezko eta bizikleten mugikortasun aktiboa sustatu behar da berehala, garraiobide horietarako leku gehiago utziz eta hiriko abiadura muga orduko 30 kilometroan ezarriz. Garraio publikoa funtsezkoa da hiri-mugikortasunerako; beraz, haren bideragarritasuna bermatu behar da finantzaketa-lege baten bidez. Behin krisia gaindituta, asmo handiko emisio gutxiko eremuak ezarri beharko lirateke hirietan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo/eta garraio publikoa erabiltzen baduzu, horien erabilera derrigorrezkoa da.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Ingurumena albisteak Koronabirusa Euskadiko kutsadura