Gizartea -

Kirmen Uriberen hitzetan

Pregoi 'berezi eta original' batek emango dio hasiera Aste Nagusiari

Kirmen Uribe idazleak eta Patrizia Lezama Mekauen konpartsako kideak emango diete hasiera Bilboko jaiei, larunbatean, Arriaga Antzokiko balkoian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Aste Nagusia

2011ko Aste Nagusiko pregoilariak, Kirmen Uribe Ondarroako idazleak, "laburra izateaz gain, originala eta ezberdina izan nahi duen pregoia" egin duela adierazi du, eta azken zuzenketak egiten ari zaizkiola gaineratu du, larunbatean, Bilboko Arriaga Antzokiko balkoian, irakurtzeko prest egon dadin.

Patrizia Lezama Mekauen konpartsako kidea da aurtengo txupinera, eta Kirmen Uribe, Bilbao-New York-Bilbao eleberriari esker Bilboren izena mundu guztian zehar hedatu duen idazlea, berriz, pregoilaria. Aurkezpena Arriaga Antzokian egin dute, eta bertan 2011ko Aste Nagusiko Zesta Punta Liga Profesionalera Euskal Herri osotik etorritako 12 zesta-punta pilotari profesionalek ohorezko arkua egin diete eguneko bi protagonistei.

Uribek gonbidapena errefusatu zuen hasieran, pregoilari izateak beldurra sortzen ziola eta, baina, orain, "bere karrera guztian zehar jaso duen saririk onena eta ohore handia" dela nabarmendu du.

Bestalde, Patrizia Lezamak, larunbatean 19:00etan txupinazoa botatzeko ardura duen konpartsakideak, "urduritasun eta poztasuna sentimenduak" dituela aitortu du; gainera, "Aste Nagusi zoragarria izango dela" azaldu du eta, berari dagokionez, ahalik eta ondoen egiten saiatuko dela.

Kirmen Uribe eta Patrizia Lezama Gerra Karlistetan inspiratutako ohiko jantziekin, duela 33 urte Aste Nagusia hasi zenetik Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak egiten dituztenekin, agertu dira komunikabideen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea