Gizartea -
Gizarte-prospekzioa
Bere ekonomia 'ona' edo 'oso ona' dela uste dute herritarren % 68k
Hala ere, % 25en ustez 'txarra' edo 'oso txarra' da. Gainera, % 64k uste dute "oso zabalduta" dagoela iruzurra gizarte laguntzetan.
Erredakzioa
Euskal herritarren % 68k uste dute bere ekonomia "ona" edo "oso ona" dela, nahiz eta % 30k esan duten ez direla oporretan joango, hainbat arrazoi direla medio. % 9k, aldiz, ez daki oraindik joateko aukera izango duen.
Gainera, % 64ren ustez, "oso zabalduta" dago iruzurra gizarte laguntzetan eta % 75 kontrol handiago bat ezartzearen alde da, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Prospekziorako Kabineteak egindako azken inkestaren arabera.
Ikerketa ostiral honetan plazaratu du Jaurlaritzak eta, garatzeko, 1.200 elkarrizketa egin dituzte telefono bidez ekainaren 21 eta 22 bitartean, Euskadiko 18 urtetik gorako biztanleen artean.
Txostenaren ondorioetako bat da % 69k uste dutela bere egoera ekonomikoa "ona" edo "oso ona" dela, 2009an baino 9 puntu gehiago. Aldiz, % 25ek "txarra" edo "oso txarra" dela esan dute.
Gauzak horrela, agerian da zelan bizitzen diren "Euskal Autonomia Erkidegoan gehien kezkatzen duten bi arazoak" eta zein den horien "alde pertsonala", inkestaren arduradunek esan dutenez.
Lurraldeak aintzat hartuta, Gipuzkoan antzeman da jarrera positiboena, % 75ek uste dutelako bere egoera ekonomikoa "ona" edo "oso ona" dela. Araban, % 71 uste berekoa da eta Bizkaian % 64.