Gizartea -
KORONABIRUSA
Arkautik maiatzaren 18tik aurrera ekingo dio berriro prestakuntza jarduerari
Kontseilu Errektoreak ezohiko bilera egin du gaur goizean Arkautin, eta jarduerak arian-arian hastea erabaki du.
EITB.EUS
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Kontseilu Errektoreak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru duela, jarduerak berriz hastea erabaki du gaur egindako ezohiko bilkuran. Jarduera horiek martxoaren 10ean eten ziren, pandemiaren ondorioz. Halaber, erakunde autonomoaren Zuzendaritza Nagusiak alarma-egoera adierazi zenetik egindako jarduerak baliozkotzea, Ertzaintzaren 28. promozioaren eta Udaltzaingoaren Hirugarren Deialdi Bateratuaren ikasketa-planak prestakuntza jarduerak etetera egokitzea, eta 2020an garatu beharreko jardueren egutegia aldatzea erabaki du Kontseiluak.
Udaltzaingoko laguntzaileen lan poltsako kideak izango dira maiatzaren 18an, astelehena, Akademiako prestakuntzara bertaratzen lehenak, eta 80 pertsona inguruko hiru txandatan sartuko dira, hiru egun jarraian taldeka, eta, aurreikuspenen arabera, hiru astean 200 edo 240 pertsona inguru egon daitezke EAEko udalen eskura.
Hala, maiatzaren amaieran, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa osatzen dutenen online prestakuntzaren azterketa ebaluatzailea egingo da.
28. promozioa, ekainetik aurrera
Ekainaren 1etik aurrera, 28. promozioko ikasleak pixkanaka hasiko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian sartzen, eta eten zen prestakuntza osatzen joango dira. 40 pertsona inguruko 8 taldetan banatuko dira. Egoeraren arabera joango dira prestakuntza osatzen, eta, taldea amaitzen doan heinean, hurrengoa sartuko da Akademian. Uztailaren amaieran, ebaluazio osoa egingo da, eta unitateetan eta ertzain-etxeetan esleituko zaizkie azken praktiketako lantokiak, aukeren lehentasun sistemaren arabera, lortutako kalifikazioen arabera.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hurrengo hilabeteetan izango duen beste helburuetako bat Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lehen hautaketa-prozesu bateratuari ekitea da, 810 plaza eskaini eta deitu baitira. Martxoaren 14an egin behar ziren lehen probak bertan behera utzi behar izan ziren, eta, orain, kontzentrazio handiei buruz osasun-agintariek zehaztutako jarraibideei jarraitu beharko zaie, 6.000 pertsona baitaude izena emanda.
Akademiak hainbat eszenatoki proposatu ditu, hala nola, lehen probak egun eta ordu berean egitea egoitza deszentralizatuetan, bat hiru lurralde historikoetako bakoitzean eta abuztua baino lehen.
Era berean, irailean Udaltzaingoaren Hirugarren Deialdi Bateratuaren (319) prestakuntza osatuko da. Izan ere, une horretan, Akademian sartzean sortzen diren zerbitzu-beharrak Udaltzaingoko laguntzaileen eta bitartekoen lan poltsetan eskuragarri dauden pertsonekin bete daitezke. Aldi hori irailaren bigarren hamabostaldian hasiko da.