Gizartea -

KORONABIRUSA

Urkullu: 'Euskadik deseskalatzearen 1 fasera igarotzeko baldintzak betetzen ditu'

COVID-19aren krisiaren kudeaketaz azalpenak ematen ari da lehendakaria, hirugarren aldiz, Eusko Legebiltzarrean. Jaurlaritzaren datuen arabera, EAE hurrengo fasera igarotzeko moduan dagoela esan du.

Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Euskadik 1 fasera pasatzeko parametroak betetzen dituela esan du Urkulluk

3:45

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) deseskalatzearen 1 fasera igarotzeko prest dagoela ziurtatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, COVID-19aren krisiaren inguruko kudeaketaz azalpenak emateko Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egin duen agerraldian. Horren hitzetan, Espainiako Gobernuko Osasun Ministeriora Eusko Jaurlaritzak igorri duen txostenean jasotzen diren adierazleak ikusita, EAE deseskalatzearen hurrengo fasera igarotzeko moduan dagoela adierazi du. Dena dela, egoera larria dela gogoratu du, eta, datuak berriro okerrera egiteko aukeraren aurrean, Jaurlaritzak mekanismo guztiak prest izango dituela azpimarratu du.

Martxoaren 13an EAEn larrialdi egoera ezarri zutenetik, Munduko Osasun Erakundearen jarraibideen eta irizpideen araberako kudeaketa egiten ari direla esan du Urkulluk, eta etorkizuneko erabakiak ere hala hartuko dituztela.

Pandemiak Euskadin izan duen bilakaerari buruzko adierazleen txostena asteazkenean bidali zuten Osasun Ministeriora, Urkulluren arabera, eta "bertan garbi adierazten da 1 fasera igarotzeko baldintza guztiak betetzen ditugula".

Adierazleak banan-banan azaldu ditu lehendakariak. Horien artean, Osakidetzak bost egunen buruan Zainketa Intentsiboen Unitateetan izango dituen oheen kopurua dago: 620 ohe, 10.000 biztanleko 2,8. Horrez gain, EAEn egingo diren PCR testen kopuruaren berri eman du bigarren adierazle gisa: milioi bat biztanleko 40.000 PCR test egingo ditu Jaurlaritzak, Espainiako Estatuan bigarren tasa handiena.

Kutsatuen kopuruaren inguruko datuak ere hartuko ditu kontuan Osasun Ministerioak 1 fasera igaro ala ez erabakitzeko, eta, lehendakariaren hitzetan, adierazle hori ere betetzen dute EAEko hiru lurralde historikoek, hiruretan "1etik beherakoa" baita: Araban 0,67koa, Gipuzkoan 0,58koa eta Bizkaian 0,75koa.

Halaber, COVID-19ak kutsatutakoen pilatutako tasa negatiboa da apirilaren 4tik, Urkulluren hitzetan. "Hilabete baino gehiago daramagu bilakaera tasa negatiboarekin, aurreko eguneko datuekin alderatuta", gaineratu du.

Lehen mailako arreta ematen duten zentroetan ere, sintomak agertu dituzten herritar orori PCR testak egin zaizkiela eta positibo eman dutenentzat berrogeialdia igarotzeko zentroak egokitu direla azpimarratu du.

Osakidetzak, gaur egun, 637 arnasgailu dituela eman du jakitera Urkulluk, eta gehiago erosteko izapideak martxan dituztela gehitu du. "Etor litekeen edozein egoerari aurre egiteko moduan gaude", esan du.

Azkenik, EAEko osasun-zentroetan 4,6 milioi maskara kirurgiko eta FFP 2 eta 3 motako 117.000 maskara, 94.000 mantal eta aurpegia babesteko 50.000 pantaila dituztela eman du jakitera.

Kogobernantza

"Kogobernantza eredua" defendatu du, gaur ere, Urkulluk, eta pandemiari aurre egiteko eta deseskalatzea bideratzeko Espainiako Gobernuarekin “koordinatuta” lan egitearen alde agertu da.

Deseskalatzearen fase honetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteari behin eta berriz EAEren eskumenak errespetatzea eskatu diola gogoratu du. Halaber, pandemiaren beste agerraldi bat ekiditeko, Osasun Ministerioarekin elkarlana etengabea dela ziurtatu du.

"Lehentasunak partekatzea eta erakundeen arteko gardentasuna eta kogobernantza" izan dira, lehendakariaren esanetan, Jaurlaritzak krisiari aurre egiteko ezarri duen estrategiaren oinarriak.

Ildo horretan, Gasteizko Gobernuaren lehentasun nagusia osasun krisiari eta horren albo-kalteei aurre egitea izan dela azpimarratu du.

Gizartearen sektore kaltetuenei laguntzeko bideak indartzea, Hezkuntzari jarraipena ematea, autonomoei eta enpresa txikiei laguntzea eta susperraldi ekonomikorako plana martxan jartzea izango dira, horren esanetan, lehentasun nagusiak.  

Kultur-ekitaldiak

EAEko udako kultur ekitaldiei ekainaren 1ean ekitea defendatu du lehendakariak. Zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek, hiriburuetako udalek eta Eudel elkartea dokumentu bat adosten ari dira,  kultur ekitaldien inguruko neurriak zehazteko. Kultur eragileekin ere, dokumentua partekatzen ari direla gaineratu du.

"Lehentasuna osasun publikoa eta herritarren segurtasuna bermatzea dira. Halaber, kulturaren sektorea ezin dugu sei hilabetez geldirik egotera behartu, ondorioak oso larriak izango liratekeelako", esan du Urkulluk.  Mahai gainean duten plangintzak hainbat kultur ekitaldi egitea ahalbidetuko duela esan du.

Legebiltzarrerako hauteskundeak

Agertoki honetan, lehendakariaren ustez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak "segurtasuna osoz" egiteko baldintzak betetzen direla esan du lehendakariak.

Halaber, hauteskundeei buruz "arduraz" hitz egitea ezinbestekoa dela esan du, baina ez "alderdikeriaz".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izanez gero, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Koronabirusa Konfinamenduaren deseskalatzea Zer egin daiteke Euskadin?