Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek emaztea hil du Bilbon
Hilketa Fernandez del Campo kalean izan da. Urruntze-agindua zuen ustezko erasotzaileak, baina ez zuen errespetatzen. Hiru hilabete zeramatzaten bananduta eta 3 seme-alaba dituzte.
Erredakzioa
eitb.com-ek jakin duenez, gizonezko batek emaztea hil du gaur arratsaldean Bilbon, Fernandez del Campo kaleko 16. portalean.
Gutxienez zazpi labankada eman dizkio gizonezkoak emazteari (36 urte zituen) etxeko eskail-buruan. Ustezko hiltzailea (38 urte ditu) han bertan atxilotu eta galdekatu du Ertzaintzak. Radio Euskadik jakin izan duenez, hiru hilabete zeramatzaten bananduta (baina ez dibortziatuta), eta 3 seme-alaba dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du bizilagun batzuek eman dutela abisua. Gizon bat eta emakume bat kale erdian eztabaidan ari zirela adierazi omen du pertsona batek. Ondoren, beste batek deitu du, gizonezko batek emakumeari labanaz eraso diola kontatuz.
Ertzainak eta anbulantziak heldu direnerako, lurrean zegoen emakumezkoa ( Ecuadorgoa omen da biktima), baina ezin izan dute ezer egin salbatzeko eta lekuan bertan hil da.
Bilboko Udalak kontzentrazioa deitu du bihar eguerdian (12:00), udaletxeko eskaileretan.
Urruntze-agindua zuen arren, "jarraitu egiten zuen"
Biktimaren senitarteko bik adierazi dutenez, uruntze-agindua zuen hiltzaileak, baina biktimaren atzetik zebilen beti. "Bagenekien gertatu dena gertatuko zela", esan dute.
Familiako beste kide baten arabera, "harrituta gaude ez zuelako pultsera eskatu. Babes hori izan balu bizirik egongo litzateke". Hala ere, laguntza eskatu zuen "baina mugikor bat baino ez zioten eman, hori baino ez. Bere atzetik zebilen beti, atzo bertan hemendik ikusi zuten." Senideak behin baino gehiagotan esan zion biktimari "alde egiteko, Bartzelonara edo, baina lan gabe zegoen eta azkenean ezbeharra gertatu da".
Gainera, gorpua aberriratzeko laguntza eskatu du familiak.
3. kasua EAEn
Herrizaingo Sailak adierazi duenez, genero-indarkeriarekin lotutako beste kasu bat izan daiteke gaurkoa. Horrela balitz, aurten Euskadin gertatutako 3. kasua litzateke. Hernanin eta Durangon izan ziren beste bi kasuak.