Gizartea -

Koronabirusa

Donostiak bizikleta publikoko egungo zerbitzua bertan behera utzi du

Udalak ordaina emango die harpidedun guztiei. Koronabirusaren krisiak sortutako administrazio-egoeragatik eta krisiak sortutako ondorioengatik erabaki dute.

Hainbat herritar bizikletaz, Donostian, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Hainbat herritar bizikletaz, Donostian, artxiboko irudian
Hainbat herritar bizikletaz, Donostian, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak iragarri du dBiziko egungo zerbitzua, alegia, Bonoparkek eskainitako bizikleta publikoko zerbitzua, bertan behera utzi behar izan duela, "koronabirusaren krisiak sortutako administrazio-egoeragatik, eta krisi horrek sortutako ondorioengatik". Udalak ordaina emango die harpidedun guztiei.

Azaldu duenez, esleipen berrian izandako atzerapenagatik, eta zerbitzuaren ohiko funtzionamendurako exijitutako garbitasun-neurri zorrotzengatik, "ezinezkoa da, dBiziren hasieratik zerbitzua eman duen enpresarentzat, zerbitzu hori ematen jarraitzea".

Gipuzkoako hiriburuko Udalak martxoaren 30ean utzi zuen bertan behera dBizi bizikleta publikoko zerbitzua, egiaztatuta "ez zegoela ziurtatzerik COVID-19 gaitzak eragindako alarma-egoeragatik proposatu zituzten osasun-neurriak betetzea".

Egoera honek bat egin du denboran kontratu berriaren esleipenaren administrazio-prozesuarekin. Udalak eta aurreko enpresa esleipendunak adostu zuten kontratua behin-behinean luzatzea, zerbitzu berria esleitu eta ezarri arte; hala, ez zen etenaldirik izango zerbitzuan.

Alarma-egoerako dekretuak, baina, kontratu berriaren administrazio-tramitazioa zaildu du; beraz, esleipen berrirako aurreikusitako epeak ezin izan dituzte bete. Gainera, "bizikleten eta piezen horniduran ere zailtasun logistikoak izan dira", eta, ondorioz, abian jartzeko epeak luzatu eta atzeratu egin dira.

Zerbitzua bertan behera geratu dela kontuan izanik, eta berrio aktibatu arte, egungo sistemako harpidedunek ordaina jasoko dute; hain zuzen ere, urteko abonamendutik, zerbitzurik gabeko epea kenduko dute, hau da, 2020ko martxoaren 30etik abonamenduaren amaierako datara arte. Aurki jakinaraziko dute dirua nola itzuliko duten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia argazkiak Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa olatu berria Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzearen azken ordukoa Bidegorrien albisteak