Gizartea -
Aldaketa soziala
Eusko Jaurlaritzak immigrazioko itun sozial handi bat jarriko du abian
Akordioaren arabera, komunikabideek zeregin garrantzitsua bete behar dute xenofobiaren aurkako jardunean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila Euskadiko Immigraziorako lehen Ituna Soziala izango denaren oinarriak finkatzen ari da. Itunaren lehentasunezko helburua euskal gizarte osoa xenofobiaren aurka eta eskubide-berdintasunarekiko errespetuaren alde inplikatzea da.
Akordio handi horrek erreferentzia-esparru bat emango dio Euskadiri gizarte-estamentu guztiak bultzatzeko, mobilizatzeko, inplikatzeko eta horietan konfiantza-giroa sortzeko. Hori lortzeko, immigrazioaren arloko adituen batzorde bat sortuko da. Batzorde hori inplikatu guztien artean oinarri estrategikoak eta jardun-oinarriak adosteaz arduratuko da. Halaber, datozen urteetarako politika aktiboak bultzatu eta, azken batean, euskal gizartean elkarbizitzaren aldeko aldaketa-prozesu bat abian jarri beharko du foro horrek.
Itun Soziala datorren urrian jarriko da abian, eta gaur eman du Gemma Zabaletak horren berri, Europako Immigrazio Politikei buruzko ikastaroaren amaierako ekitaldian, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroen barruan.
Zabaletak gogorarazi duenez, Euskadin ia 145.000 etorkin bizi dira, hau da, biztanleria osoaren % 6,6. Horiei Espainiako nazionalitatea duten beste 35.000 erantsi behar zaizkie gainera. Jatorriari erreparatuz gero, Errumaniakoak dira gehien (% 11,2), eta, horien atzetik, Marokokoak (% 10,08) eta Kolonbiakoak (% 8,4) daude. Moldaviatik, Kongoko Errepublika Demokratikotik eta Gineatik etorritakoak dira talde txikiena osatzen dutenak; hiru herrialde horietako etorkinak Euskadiko etorkinen % 0,3 dira. Sexua kontuan hartuta, % 51,4 gizonezkoak dira eta % 48,6 emakumezkoak.
Adierazpenak zaintzeko eskaera
Sailburuak etorkinen inguruan "batere inozoak ez diren eta aurreiritziak iraunarazteko baino balio ez duten ohiko esaera errotuei" aurre egiteko deia egin du, eta krisialdi ekonomikoko garai hauetan "zintzotasunaren eta aniztasunarekiko errespetuaren argi gorriak semaforo moduan ezarri" behar direla azpimarratu du.
Zabaletak azpimarratu duenez, Euskadira etortzen diren etorkinek Euskadiko biztanle kopuruari eusten laguntzen dute (kontuan hartu behar da jaiotza-tasarik txikienetako bat duela Euskadik), baita oso zahartuta dagoen gizartea gazteagotzen ere. Izan ere, atzerritarren % 19k baino ez dituzte 45 urte baino gehiago. Etorkinek, halaber, enplegu-ahalmena handiagotzen dute: 147.800 etorkinek (EAEko herritarren % 9,9) 16-66 urte arteko adina dute ( Espainiako nazionalitatea duten etorkinak ere kontuan hartuta).
Komunikabideak eta horien eragina nabarmendu du Zabaletak. Adierazi duenez, "ezin dira immigraziorako akordio handi honetatik kanpo geratu; aitzitik, xenofobiaren aurkako gizarte-manifestazioaren aurrealdean egon behar dute".
Hori dela-eta, adierazi du komeni dela "komunikabideek autoerregulazio-kode bat erabiltzea, arrazakeriara eta xenofobiara jotzeko tentaziorik izan ez dadin".
Zabaletak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren xede politikoa "komunitateen eta kulturen artean zubiak eraikitzea eta bitarteko izatea" da, Euskadi zuzenagoa eta hobea izan dadin.