Gizartea -
Emakumearen aurkako indarkeria
Kartzelan sartu dute Bilbon ustez emazte ohia hil zuen gizonezkoa
Emakumea labankadaz hiltzea leporatzen diote 38 urteko gizonezkoari. Hilketa astelehenean gertatu zen Bilboko Fernandez del Campo kaleko etxebizitza batean.
Erredakzioa
Epaileak kartzelara bidali du iragan astelehenean Bilbon ustez emazte ohia hil zuen 38 urteko gizonezkoa, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Ustezko hiltzailea gaur goizaldean eraman dute Basauriko presondegira.
Erasoa astelehenean gertatu zen 16:30 aldera, Bilboko Fernandez del Campo kaleko etxebizitza batean. Ertzaintzaren eta osasun-zerbitzuetako langileen arabera, gizonezkoak labankadaz hil zuen bikotekide ohia.
Biktima arma zuriz egindako zauri larrien ondorioz hil zen eta ustezko erasotzailea berehala atxilotu zuten.
Poliziak izapide guztiak bete ondoren, atzo arratsaldean, Bilboko Epaitegiaren aurrera eraman zuten gizonezkoa eta gaur goizaldean Basauriko kartzelan sartu dute.