Gizartea -

Koronabuloak

Zer dakigu klorokina eta hidroxiklorokina koronabirusaren aurka erabiltzeari buruz?

MOEk eta hainbat sendagai-agentziak adierazi dutenez, ez dago frogatuta eraginkorra denik, eta albo-ondorioez ohartarazi dute. Ikerketa batek ere hori berresten du, baina hiru egilek atzera egin dute.

Ez dago frogatuta klorokina eraginkorra denik, COVID-19ari aurre egiteko. Argazkia: Pixabay
Hainbat pilula, mahai baten gainean
Ez dago frogatuta klorokina eraginkorra denik, COVID-19ari aurre egiteko. Argazkia: Pixabay

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko zenbait agintari, Donald Trump eta Jair Bolsonaro Estatu Batuetako eta Brasilgo presidenteak kasu, COVID-19 gaitzari aurre egiteko asmoz klorokina eta hidroxiklorokina erabiltzearen alde agertu diren arren, adituek azpimarratu dute bi botika horien eraginkortasuna ez dela frogatu orain arte abiatutako saiakuntza klinikoetan, eta ohartarazi dute kasu batzuetan albo-ondorio larriak izan ditzaketela. Gainera, 2020ko maiatzaren 22an The Lancet aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa baten arabera, COVID-19a duten gaixoei ez die inolako onurarik eskaintzen; nolanahai ere, ikerketa horren lau egileetako hiruk atzera egin dute, bi asteren buruan.

Trumpek hartu egiten du

Hartara, duela astebetetik hidroxiklorokina modu prebentiboan hartzen ari dela esanez Trumpek egindako adierazpenek eragindako zalapartaren aurrean, EiTBk koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko abian jarri duen #Koronabuloak ekimenetik gaia aztertu nahi izan dugu.

BIDEOA | Hidroxiklorokina hartzen duela jakinarazi du Trumpek

Hidroxiklorokina hartzen duela jakinarazi du Trumpek
Hidroxiklorokina hartzen duela jakinarazi du Trumpek
Hidroxiklorokina hartzen duela jakinarazi du Trumpek

1:08

Honako hau da orain arte ezagutzen dena:

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) malaria eta beste gaixotasun autoimmune batzuk, hala nola lupusa, tratatzeko gomendatuta dagoen arren, klorokina zein hidroxiklorokina koronabirus berriak eragindako pandemiari aurre egiten saiatzeko erabili izan da. Aitzitik, MOEk berak bere webgunean ohartarazi duenez, "hainbat botiken inguruan saiakuntzak martxan badaude ere, orain arte ez da frogatu hidroxiklorokinak edota beste edozein botikak COVID-19a sendatu edo prebenitu dezaketenik".

Horrez gain, hura behar bezala ez erabiltzeak "albo-ondorio larriak eta osasun arazoak eragin ditzake, baita heriotza ere".

Sendagaien Europako Agentziaren oharra

Ildo beretik, Sendagaien Europako Agentziak (EMA), apirilaren 23an argitaratutako ohar baten bidez, baztertu egin zuen hidroxiklorokinaren eraginkortasuna frogatuta egotea: "Orain arte lortutako datu klinikoak oso mugatuak dira, eta ez dira oso biribilak; beraz, azterketa gehiago egin behar dira horri buruzko ondorioak atera aurretik".

Halaber, agentziak ohartarazi duenez, duela gutxi egindako ikerketa batzuen arabera, "osasun arazo-larriak agertu dira, eta, kasu batzuetan, zorigaiztokoak, klorokina eta antibiotiko azitromizina batera erabili ondoren".

"Litekeena da tratamendu horiek gibeleko eta giltzurrunetako arazoak eragitea, baita konbultsioak eta hipogluzemia eragin ditzaketen kalteak ere", zioen Sendagaien Europaren Agentziaren testuak.

Ildo horretatik, EMAk osasun-langileei gomendatu die COVID-19 gaitza duten eta klorokina bidezko tratamenduak jasotzen ari diren pazienteak "etengabe ikuskatzeko"; horrez gain, kardiopatia posibleak edota gaixo horiek aurretiaz izandako arazoak kontuan hartzea ere eskatu zien.

Bihotzeko erritmoaren nahasmenduak eta nahasmendu neuropsikiatrikoak

Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) ere zuhurtzia erakutsi du behin baino gehiagotan COVID-19ari aurre egiteko klorokina eta hidroxiklorokina erabiltzeagatik.

Hala, Espainiako Osasun Ministerioari atxikitako erakundeak apirilaren 22an eman zuen bi botika horiek erabiltzeak ekar ditzakeen balizko ondorio kaltegarrien berri. AEMPS agentziaren arabera, horiek erabiltzeak bihotzeko erritmoaren nahasmenduak eragin ditzake paziente jakin batzuengan, eta, beraz, kontu handiz ibiltzeko eskatzen du, EMAk egin legez, batez ere dosi handiak ematen direnean eta beste medikamentu batzuekin batera hartzen direnean, hala nola azitromizinarekin.

Bere web orrian, agentziak adierazten du datuak "mugatuak" direla, baina klorokina/hidroxiklorokina COVID-19 gaitzari aurre egiteko eraginkorra izan litekeen tratamendua direla: "Praktika klinikoan, berez, erabiltzen ari dira, gaixoei baimendutako argibideetan islatuta dagoen dosia gaindituta, maiz azitromizinarekin batera".

Nolanahi ere, gogora ekartzen duenez, egun, kontrolatutako entsegu kliniko eta aleatorizatu batek ere ez du frogatu sendagai horien eraginkortasuna, COVID-19a duten pazienteentzat.

Hortaz, AEMPSk gomendatzen die profesionalei gaixoei jakinaraztea, tratamendua hastean, zein seinalek eta sintomak iradokitzen duten bihotz-erritmoan nahasmendua dagoela. Seinale eta sintoma horiek agertuz gero, aholkua da jarraipena egiten dien medikuarekin kontsultatzea.

Halaber, AEMPSk ohartarazi ere ohartarazten du klorokinak eta hidroxiklorokinak balizko beste arrisku batzuk ere dituela; besteak beste, hipogluzemia, digestio-nahasmenduak eta neuropsikiatria-nahasmenduak.

Azken horrekin lotuta, Sendagaien Espainiako Agentziak, bere web orrian, ohartarazpen espezifikoa egin zuen maiatzaren 14an; horretan, adierazi zuen COVID-19ari aurre egiteko hidroxiklorokina eman zaien gaixoengan horrelako kasu larri batzuk izan direla. Hain zuzen ere, portaerako nahasmenduak, batez ere, tratamenduko lehen egunetan agertu izan direla, eta aurrekari psikiatrikoak baztertuta, edo atzeman gabe zeuden.

AEMPSk argitaratutako notaren arabera, ia gaixo guztiek jaso zuten 800 miligramoko hasierako dosia, lehen egunean, eta, gerora, ondorengo egunetan, eguneko dosia 400 miligramokoa izan zen. "Sintoma psikiatriko horiek agertzeko, beste eragile batzuek izan lezakete lotura; adibidez, gaixotasunak berak. Dena den, horrelako erreakzioak klorokina/hidroxiklorokinarako daude deskribatuta".

Hala ere, gehitu zuenez, nahasmendu psikiatrikoak agertzea "ez da sarri gertatzen".

Trump eta Bolsonaro, alde

Mundu-mailan, agintari batzuek hidroxiklorokinaren alde egin dute, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak kasu; Trumpen hitzetan, "oso eraginkorra da", eta, esan duenez, hartzen ari da.

Washingtongo Gobernuaren mendekoa den AEBko Elikagaien eta Sendagaien Administraritzak berak (FDA), baina, ikerketa gehiago behar dira, horren erabilgarritasunaren gaineko benetako ondorioak atera ahal izateko. FDAren esanetan, baliteke bihotz-arriskuarekin lotutako arriskuak izatea; beraz, bakarrik medikuaren aginduz hartzea gomendatzen du.

Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak ere egin du klorokinaren aldeko apustua, COVID-19aren aurka egiteko. Armadari agindu dio modu masiboan ekoiztea; agindu horren ondorioz, Nelson Teich onkologoak, Osasun ministroa bera, dimisioa eman du, karguan soilik hilabete eman ostean.

Bolsonarok aurreko Osasun ministroa ere kargugabetu zuen; Luiz Henrique Mandettak gizarte-bakartzeko neurrien alde egin zuen, eta Brasilgo presidentea ez dago horrekin ados. Gainera, Mandettak, Folha de Sao Paulo egunkariarekin izandako elkarrizketa batean, azaldu du klorokina "COVID-19 gaitza zuten gaixo larriekin" probatu zutela, "ospitaletan", gaixotasunaren larritasuna ikusita.

Ministro ohiaren hitzetan, ikerketak frogatu zuten "jarraitutako elektrokardiogramarekin monitorizatutako pazienteen % 33ri bertan behera utzi behar izan zietela klorokina"; izan ere, arritmia pairatu zuten, eta gelditzea egoteko arriskua zegoen. Hori "arazoa" zen, Mandettaren iritziz: "Orokortutako erabilera nagusituz gero, baliteke jende asko arritmiarekin hiltzea etxean".

Maiatzaren 25ean eguneratua, The Lancet aldizkarian maiatzaren 22an argitaratutako ikerketako datuekin.

Inolako onurarik ez COVID-19a duten gaixoentzat

Maiatzaren 22an, The Lancet aldizkari zientifikoan beste azterlan bat argitaratu zen, eta bertako datuek adierazten dutenez, klorokina edo hidroxiklorokina erabiltzeak ez die inolako onurarik eskaintzen COVID-19a duten gaixoei. Aitzitik, botika horiekin egiten den tratamendua, bakarrik edota zenbait antibiotikorekin batera, COVID-19a duten ospitaleratutako pazienteek duten heriotza-tasaren zein bihotzeko arritmien hazkundearekin lotzen da.

Hala, Bostongo (Estatu Batuak) Emakumeen Brigham Ospitaleko ikertzailea eta aipatu ikerketaren egile nagusia den Mandeep R. Mehraren esanetan, berak zuzendutako ikerketa da "klorokina edo hidroxiklorokina bidezko tratamenduak COVID-19a duten pazienteei mesede egiten ez diela adierazten duten estatistikoki sendoak diren frogak aurkitzen dituen eskala handiko lehen ikerketa da hau".

Hala, ikerketaren egile nagusia den Mandeep R. Mehraren esanetan, berak zuzendutako ikerketa da "klorokina edo hidroxiklorokina bidezko tratamenduak COVID-19a duten pazienteei mesede egiten ez diela adierazten duten froga estatistiko sendoak dituen eskala handiko lehena". Mehra Bostongo (AEB) Brigham and Women's Hospital ospitaleko ikerlaria da.

Aitzitik, Mehraren aburuz, aipatu azterlanak iradokitzen du "bihotzeko arazo larriak izateko arrisku handiagoarekin eta hilkortasun-arrisku handiagoarekin lotuta egon daitekeela".

Bere ustez, ausazko saiakuntza klinikoak funtsezkoak dira agente horiekin lotutako edozein kalte edo onura baieztatzeko. Bien bitartean, botika horiek COVID-19aren tratamendu gisa saiakuntza klinikoetatik kanpo ez erabiltzea gomendatzen du.

Ikerketa horretan, klorokina edo hidroxiklorokina (azitromizina edo klaritromizina antibiotikoekin batera edo gabe) jaso zuten COVID-19a duten ia 15.000 pazienteren datuak aztertzen dira, baita 81.000 kontrol-pazienteren datuak ere. Paziente horiek 600 ospitale baino gehiagokoak dira.

Maiatzaren 26an eguneratua, MOEk hidroxiklorokinarekin egindako saiakuntzak gelditzeko erabakiarekin

MOEk gelditu egin ditu hidroxiklorokinarekin egindako saiakuntzak

The Lancet aldizkarian argitaratutako aipatu azterlan horrek emandako emaitzen aurrean, COVID-19ak jotako gaixoengan hidroxiklorokinarekin egindako saiakuntza klinikoak aldi baterako gelditzeko asmoa iragarri zuen MOEk maiatzaren 25ean.

"Argitalpena irakurri ostean, zuhurtziaz jokatzea erabaki dugu, eta aldi baterako bertan behera uztea sendagai honekiko afiliazioa", azaldu du Soumya Swaminathan MOEko zientzialarien buruak.

Saiakuntzetako etenaldiaren ostean, MOEk datuak biltzen jarraituko du The Lancet argitalpenak argitaratutakoak baieztatzeko, eta erabakia berrikusiko du etorkizuneko bileretan, erakundeak babestutako saiakuntzak egiten dituzten herrialdeetako mediku arduradunekin batera, Solidarity Trial programaren barruan.

Ekainaren 5ean eguneratua: Hidroxiklorokinarekin kritiko azaltzen zen The Lanceteko ikerketaren hiru egilek atzera egin dute, eta MOEk iragarri du hidroxiklorokinarekin egindako entseguekin berriro hasiko direla

2020ko ekainaren 5ean jakinarazi dutenez, COVID-19 gaitzaz kutsatutako pazienteak tratatzeko hidroxiklorokina erabiltzearen arriskuei buruz The Lancet aldizkari zientifikoak argitaratutako ikerketaren egileetako hiruk dokumentua atzera botatzea erabaki dute, ezin izan baitute bermatu erabilitako datuen egiazkotasuna.

Hiru zientzialariek gogorarazi dutenez, hilaren 22an ikerketa argitaratu ondoren, "Surgisphere Corporation enpresak eta haren sortzaileak emandako datuen eta egindako analisien egiazkotasunari buruzko zenbait kezka agertu ziren". Surgisphere Corporation osasun-arretarekin lotutako datuak aztertzen dituen enpresa estatubatuar bat da, eta haren sortzailea den Sapan Desai ikerketaren sinatzaile gisa ere agertzen da.

Erresuma Batuko aldizkari zientifikoari bidalitako ohar batean, hiru egileek uste dute dagoeneko ezin dutela bermatu euren azterlanerako erabili zituzten "jatorrizko datu-iturrien egiazkotasuna", eta, aldi berean, barkamena eskatzen diete bai argitalpenaren editoreei, bai eta irakurleei.

The Lancet aldizkariak, bere aldetik, zuzentasun zientifikoaren nondik norakoak "oso serio" hartzen dituela adierazi du, eta Surgisphere enpresaren eta ikerketa horretan ustez erabili ziren datuen inguruan "galdera asko" egin behar dituztela gaineratu du.

Hori dela eta, Argitalpenen Etika Batzordearen eta Mediku Aldizkarien Editoreen Nazioarteko Batzordearen gidalerroei jarraituz, uste du Surgisphere erakundearen ikerketa-kolaborazioen "berrikuspen instituzionalak" behar direla lehenbailehen.

Testuinguru horretan bertan, ekainaren 3an, hidroxiklorokinarekin egindako entseguekin berriro hasiko direla iragarri du Munduko Osasun Erakundeak. MOEk zehaztu duenez, saiakuntza horiek COVID-19aren aurkako txertoa topatzeko nazioartean egiten ari diren ahaleginen barnean daude.

MOEren kontrolpean, 35 herrialdetan ari dira egiten entsegu klinikoak, eta aditu-talde batek gainbegiratzen ditu. Aurreko astean, aditu-talde horrek gomendatu zuen, kontuz ibiltzearren, farmako horrekin lotutako saiakuntzak geldiaraztea; izan ere, informazio batek zalantzan jartzen zuen haren segurtasuna.

MOEren zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek esan duenez, "heriotza-tasari buruz eskuragarri ditugun datuak abiapuntu", adituek ondorioztatu dute ez dagoela arrazoirik entseguaren protokoloa aldatzeko: "Zuzendaritza Taldeak gomendioa jaso du, eta entseguaren adar guztiekin aurrera jarraitzea onartu egin du, hidroxiklorokina barne".

Euskal Irati Telebista Maldita.es atariarekin, VOSTEuskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Brasil Osasunari buruzko albisteak Gezurrezko albisteak COVID kasuak Munduko Osasun Erakundea