Gizartea -

KORONABULOAK

Koronabirusari buruz EiTBk gezurtatutako 100 albiste faltsu

Irudien edo albisteen interpretazio okerrek, helburu komertzial edo ideologikoak dituzten berri faltsuek, mirarizko erremedioek edota konspirazio teoriek milioitik gora erabiltzaile izan dituzte.

Albiste faltsuak ugaritu egin dira koronabirusaren garaian. Argazkia: Gerd Altmann (Pixabay)
Egunkari baten irudia, non 'fake news' hitza irakur daitekeen.
Albiste faltsuak ugaritu egin dira koronabirusaren garaian. Argazkia: Gerd Altmann (Pixabay)

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Irrati Telebistak (EiTB), euskal komunikazio talde publikoak, koronabirusari buruzko 100 bulo egiaztatu ditu, duela bi hilabete pasatxo #Koronabuloak ekimena martxan jarri zuenetik, pandemian zehar zabaltzen ari diren albiste faltsuei aurre egiteko asmoz.

Martxoaren 17an jarri zen abian herritarren lankidetzarako zerbitzu hau, koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikoa eta 600 900 454 WhatsApp zenbakia aktibatuz, nahi duenak argazkiak, bideoak, audioak, WhatsAppeko mezuak edo susmagarriak diren albisteak bertara bidal ditzan.

Alabaina, erabiltzaileak ez dira bidelagun bakarrak izan ibilbide horretan. Horrela, EiTB Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartearekin (VOST Euskadi) batera ari da elkarlanean; gainera, Maldita.es webgunearekin ere harremanetan dago (Maldito Bulo atalaren bidez), eta La Mecánica del Caracol dibulgazio-programan parte hartu ohi duen komunitate zientifikoaren iritzi aditua jasotzen du. Programa hori Eva Caballerok zuzentzen eta aurkezten du Radio Euskadin.

Milioi bat erabiltzaile baino gehiago eta 2.000 abisu baino gehiago

Martxan jarri zenetik, EiTBren Koronabuloak ekimenaren edukiek milioi bat erabiltzaile baino gehiagoren arreta bereganatu dute eitb.eus-en.

Publikoak 2.000 WhatsApp mezu eta mezu elektroniko bidali ditu, mota guztietako edukiez ohartarazteko. Argazkien, iruzkinen edo berrien interpretazio okerretatik hasi, eta helburu komertzial edo ideologikoak dituzten albiste faltsuetaraino, tartean hainbat mirarizko erremedio edo konspirazio teoriatatik igarota, egungo (2020ko maiatzaren 21a) 100 buloak osatu arte.

Horrek guztiak adierazten du kopuru hori handituz joango dela, baina, oraingoz, honako hauek dira da sortutako interesaren zein gai-esparruen arabera antolatutako ehun egiaztapenak:

10 bulo irakurrienak

1 - Ez Bilbo, ez Donostia, ez Iruñea; Bartzelonan egin zen bolo-bolo zabaldutako argazkia

Joan zen apirilaren 26an, adin txikikoek kalera ateratzeko aukera izan zuten berriro, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ia zazpi aste etxetik irten gabe igaro ondoren. Egun horretan, sare sozialetan bolo-bolo zabaldu zen guraso ugari seme-alabekin batera parke batean zeudela zirudien argazkia, baina ez zen Bilbon, ez Donostian, ezta Iruñean ere egin.

Zehazki, Bartzelonako Pau Casal etorbidean atera zen, eta ia 300 metroko sakoneran dauden elementuak pilatzen ditu. Horrenbestez, argazki horretan agertzen diren pertsonen arteko "gertutasunak" nahasmena eragin dezake, elkarren arteko segurtasun-distantzia errespetatzen ari ziren edo ez zalantzan jarrita.

Bartzelonako Pau Casal etorbidea, jende ugarirekin, igandean. Identifikatu gabeko egiletza

Bartzelonako Pau Casal etorbidea, jende ugarirekin, igandean. Identifikatu gabeko egiletza

2 - Ez dago 3000 euroko bonurik ijito familientzat, eta ez dute supermerkaturik kolapsatu

Ez zen existitzen ijitoen familiei zuzendutako janari-bonurik, eta Estatuko Gobernuak ez dizkie 3000 euroko laguntzak eman akats baten ondorioz. Gainera, ez zuten inongo supermerkaturik kolapsatu.

Tik Tok sarean ijitoen aurkako aurreiritzi eta estereotipoei buruz publikatutako umorezko bideo bat hitzez-hitz hartu zuten, eta bideo beste bideo batzuk txertatu ostean bulo bat asmatu zuten.

Ijitoen buloari buruzko txioaren irudia. Argazkia: EiTB

Ijitoen buloari buruzko txioaren irudia. Argazkia: EiTB

3 - Inongo igarlek ez zuen koronabirusaren agerpena iragarri

WhatsApp eta sare sozialen bidez zabaldutako bideo batek aditzera ematen zuenez, "igarle" batek, ustez, COVID-19aren pandemia iragarri zuen 2019an, baina ez dago hori egiaztatzen duen frogarik.

Nube de Maria eta Toni Rovira, ustezko iragarpena azaltzen den bideoan. Argazkia: EiTB

Nube de Maria eta Toni Rovira, ustezko iragarpena azaltzen den bideoan. Argazkia: EiTB

4 - Lurrun arnasketak egiteak ez du koronabirusa saihesten

Youtubeko hainbat kontutan argitaratutako bideo batean, erretiroa hartu duen ginekologo argentinar baten hitzak bildu zituzten, lurruna egitea edo ur beroaren lurruna arnastea gomendatuz, koronabirusak eragindako infekzio-arriskua murrizteko "etxeko erremedio" gisa. Baieztapen horrek ez du inolako oinarri zientifikorik eta datuen zati bat egiaztaturik gabe dago.

Mario Pesaresi medikua YouTubeko bere bideoan. Maldita.es webgunearen irudia

Mario Pesaresi medikua YouTubeko bere bideoan. Maldita.es webgunearen irudia

5 - Ez dago frogatuta eskuetan eta oinetan COVID-19aren sintomak dituen haurrik dagoenik

Osasun langileen artean zabaldu eta bertsionatutako mezu baten arabera, Txagorritxuko ospitalean "COVID-19aren sintomak eskuetan eta hanketan dauzkaten haur eta nerabeak artzatzen ari dira". Hala ere, 2020ko apirilaren 4ra arte argitaratutako artikulu zientifiko batek ere ez du egiaztatzen haurrek eta nerabeek COVID-19aren sintomak garatzen dituztenik eskuetan eta oinetan.

Hospital Universitario de Álava (Txagorritxu). Foto: Aitor Agirrezabal

Txagorritxuko ospitaleko eraikinaren irudia. Argazkia: Aitor Agirrezabal.

6 - Ez zen aldaketarik egon 0 fasean etxetik ateratzeko ordutegietan

Koronabirusaren pandemiak eragindako alarma-egoeraren deseskalatzearen 0 fasean paseatzeko edo kirola egiteko asmoz kalera ateratzeko ordutegiek, jarduerek eta adin-tarteek ez zuten aldaketarik izan 2020ko maiatzaren 6an. Izan ere, egun horretan hedatu zen jarraian ikusten den irudi okerra.

Kalera ateratzeko ordutegien kartel okerra. Argazkia: VOST Euskadi

Kalera ateratzeko ordutegien kartel okerra. Argazkia: VOST Euskadi

7 - Zer dakigu Zurriola Pasealekuan igande honetan hartutako argazkiaz?

EFE Agentziak argitaratu zuen eta Juan Herrero argazkilariak sinatu zuen>Donostiako Zurriola Pasealekuan 2020ko apirilaren 26an (igandea) hartutako argazkia 12:12an egin zuen egileak, alegia, 13 urterainoko umeek alarma egoerapean kalera irteteko aukera izan zuten lehenengo eguneko eguerdian. Juan Herrerok 200 mm-ko teleobjektibo bat erabili zuen horretarako.

EFE Agentziako Juan Herrerok argazki hau hartu zuen igandean, Donostian. Argazkia: EFE.

EFE Agentziako Juan Herrerok argazki hau hartu zuen igandean, Donostian. Argazkia: EFE.

8 - Ez kafeak ez teak ez dute koronabirusa sendatzen

Bi mezu berdinek propietate miragarriak egozten zizkieten teari eta kafeari, ez zituzten substantzia batzuetan oinarrituta. Gainera, txinatar mediku bat eta CNN katea nahasi zituzten albiste faltsuan.

Kafearen buloaren Whatsapp irudia. Argazkia: EiTB

Kafearen buloaren Whatsapp irudia. Argazkia: EiTB

9 - Ez, Iberdrolak ez die % 25eko beherapena egiten bere bezero guztiei

WhatsApp bidez zabaldutako mezu baten arabera, konpainia elektrikoak deskontu bat egiten zien bere bezeroei 60 egunez. Hiru eguneko sustapena izan zen, eta bezero talde jakin batentzat bakarrik.

Iberdrola dorrea, konpainia elektrikoaren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: EiTBren bideo batetik

Iberdrola dorrea, konpainia elektrikoaren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: EiTBren bideo batetik

10 - Ez, Tasuku Honjo Nobel saridunak ez du esan COVID-19a gizakiek sortu dutela

WhatsApp bidez hedatu den mezu-kate baten arabera, Tasuku Honjok koronabirusa ez dela birus naturala eta gizakiek sortutakoa dela esan omen zuen, baina bulo bat da.

Tasuku Honjoren inguruan WhatsApp bidez zabaldutako buloa. Argazkia: EiTB

Tasuku Honjoren inguruan WhatsApp bidez zabaldutako buloa. Argazkia: EiTB

Mirarizko produktuak eta ezertarako balio ez duten etxeko erremedioak

Koronabirusarekin lotutako buloen artean, COVID-19 gaitza hartzeko arriskua murrizten edo gaitza sendatzen duten balizko sendabideei buruzko hainbat eduki aztertu ditugu, inolako ebidentzia zientifikorik ez zutenak.

- Ez, slip-babesek ez dute maskaren eraginkortasuna sendotzen

WhatsApp bidez hedatutako bideo batek maskara kirurgikoen barnealdean slip-babesa jartzea proposatzen du, haien eraginkortasuna handitu eta "FPP2 edo FFP3 maskaren baliokideak" izan daitezen.

Bideoan slip-babesle bat agertzen da maskara baten barruan. Argazkia. EITB

- Erabil al daitezke izpi ultramoreak COVID-19ari aurre egiteko?

Birusaren aurka eraginkorra ez izateaz gain, argi ultramorea txarra izan daiteke azalarentzat, MOEk ohartarazi duenez, eta adituek diote ez dela gomendagarria etxea desinfektatzeko ere.

- Ez nikotinak ez are gutxiago erretzeak ez dute koronabirusetik babesten

Medikuek ohartarazi dutenez, gauza bat da tabakismoa, eta beste bat nikotinaren ustezko erabilera terapeutikoari buruzko hipotesia, Frantzian iradoki dutena.

- Ez, anana, limoia edo ahuakatea jateak ez gaitu babesten koronabirusaren aurrean

Elikagaien pHak ez du aldatzen gure gorputzarena; izan ere, azken hori beti aldaketarik gabe egoten da. Hortaz, jaki alkalinoagoak kontsumitzeak ez digu laguntzen COVID-19 gaitza prebenitzen.

- Ez, ardoa edo alkohola kontsumitzeak ez du koronabirusetik babesten laguntzen

Espainiako Enologia Federazioaren ohar batek COVID-19aren aurka ardoak izan ditzakeen onurei buruzko interpretazio okerrak eragin zituen. Adituek ez dute "oinarri zientifikorik" ikusten horretan.

- Ezin zaitezke adimenarekin sendatu, edo zelulak zein immunitate-sistema kontrolatu

Instagrameko 'influencer' baten aburuz, "gure immunitate-sistema eta zelulak garunaren bidez kontrolatu eta sendatzen erakutsi beharko ligukete". Zientifikoki frogagarria da hori ezinezkoa dela.

- MMS edo sodio kloritoak ez du koronabirusa sendatzen, eta arriskutsua eta ilegala da

Ez dago inolako ebidentzia zientifikorik ezer osatzen duela esateko. Medikuen salatu egin dute horren bultzatzailea, Josep Pàmies, eta Fiskaltza ikertzen ari da.

- Ez dago eukaliptoak COVID-19ari aurre egiteko balio duela dioen azterlanik

WhatsAppez asko hedatu zen mezu baten esanetan, Habanako Unibertsitateak ikerketa bat egin du eukaliptoak koronabirusari kontra egiteko duen gaitasunaz, baina ez da egia.

- Ustezko institutu batek egindako gomendioen itxura zientifikoa

WhatsAppetik zehar biralizatutako PDF batek SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko moduari buruzko informazioa eskaintzen du, ustezko oinarri zientifikoa duena, baina ez da hala.

- COVID-19a sendatzeko tratamendu faltsuen 16 bideo kentzeko eskatu diote Youtuberi

Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak (CAC) salatu zuen 340.000tik gora ikustaldi zituzten bideo horietan pandemia gutxiesten zela eta zalantzan jartzen zela babes neurriak hartzeko beharra.

- Faltsuak ziren Unicefen izenean zabaldu ziren koronabirusaren aurkako aholku jakin batzuk

Beraz, ez ziren zuzenak Unicefen logoa baliatuta zabaldutako zenbait baieztapen, besteak beste, izozkia eta beste elikagai hotz batzuk ez jatea gaixotasuna ekiditeko mesedegarriak zirela ziotenak.

- Ur epelarekin gargarak egiteak ez du koronabirusa hartzea eragozten

Irakuzketak eta ur epelarekin gargarak egiteak koronabirusa hartzea eragozten duela zabaldu zen sare sozialen eta WhatsApparen bidez, baina faltsua da, eta ez du birusa hiltzen.

Konspirazio-teoriak eta mezu apokaliptikoak

Landutako buloen artean, hainbat "konspirazio-teoriak" ere agertzen dira, bai eta koronabirusari buruz frogatu gabeko informazio oso kezkagarria ematen dutenak ere.

- Ez dago koronabirusa Wuhango laborategi batean sortu zela dioen frogarik

Zenbait iturriren aburuz, tartean Donald Trump, Mike Pompeo haren Estatu idazkaria edota Luc Montagnier Medikuntza nobela, SARS-CoV-2 birusa artifizialki sortu zuten, baina ez dute frogarik erakutsi.

Mike Pompeo (ezkerrean) eta Donald Trump (eskuinean) izan dira ideia hori iradokitzen azkenak.

Mike Pompeo (ezkerrean) eta Donald Trump (eskuinean) izan dira ideia hori iradokitzen azkenak. Argazkia: EFE

- Montagnierrek frogarik gabe esan du COVID-19a industria istripu batean sortu zela

Medikuntza Nobel saridunak esan zuen "istripu industrial" batetik zetorrela, baina frogarik gabe. Nobel sariak ez du ezagutza bermatzen arlo guztietan; "agintearen falazia" baten aurrean geundeke.

- Folioak dira osasun-materiala Frantziara daramala dioen kamioilariaren zama

Ustezko kamioilari batek bideo batean azaltzen zuenez, Frantziara osasun-materiala eraman behar zuen, eta Espainiara, ordea, ez; alabaina, grabazioan agertzen zena Fabriano markako folio kaxak ziren.

- 'The Washington Post'ek ez du baieztatu koronabirusa laborategi batean sortu zutenik

Balizko informazio batzuen arabera, egunkariak egiaztatu du SARS-CoV-2 birusak Wuhango laborategi batean izan zuela jatorria; egunkariak, baina, gezurtatu egin du hori egin izana.

- Aldizkari Ofizialak ez du esaten hegazkinetatik produktu kimikoekin fumigatuko dela

Estatuko Aldizkari Ofizialean jartzen duen "nebulizazio tekniken bidezko airezko desinfekzioa" esaldia gaizki ulertu dute zenbait komunikabidek, hegazkin militarrak erabiliko direla publikatuz.

- Polizia ez dago biktimak gel desinfektatzailez lokartzen dituen lapur batzuen bila

Poliziak faltsutzat jo zuen gel desinfektatzaile bat erabilita oinezkoak drogatu eta, ondoren, lapurretan egiten zuen talde bat zegoela zioen WhatsAppeko mezua.

- Gaizkileak ez dabiltza etxez-etxe manipulatutako maskarak banatzen lapurreta egiteko

Ertzaintzak ezeztatu egin du: ez dago mota horretako delitu ekintzarik erregistratuta. Gainera, VOST Euskadik ohartarazi du ez dagoela maskarak etxez-etxe banatzeko ekimenik.

- Inongo agintarik ez du eskatu adinekoak koronabirusak jota hil daitezen onartzea

Nazioarteko Diru Funtseko presidente ohiak, Japoniako ministro ohi batek eta Texasko gobernadoreordeak ustez egunotan esandako hiru esaldi bolo-bolo dabiltza, mezu antikapitalista baten ondoan.

- Ez, 5G teknologia ez da COVID-19aren eragilea

Thomas Cowan izeneko ustezko mediku bat protagonista zuen bideo batean, koronabirusaren pandemiaren arduraduna 5G teknologia zela zabaldu zuten.

- Ez, informazio-egiaztatzaileek ezin dituzte WhatsAppeko mezuak zentsuratu

Azken egunotan hedatu den bulo batek iradokitzen duenez, Maldita.es eta Newtral zerbitzuek zentsuratu egiten dituzte WhatsApp bidez bidalitako mezuak.

- Ez da egia 100 urtetik behin pandemia bat dagoela munduko populazioa murrizteko

Whatsappez eta sare sozialen bidez zabaldutako hainbat mezuren arabera, "munduan ordena berri bat dago, populazioa murrizteko helburuarekin". Datuek eta adituek kontrakoa diote.

- Ez, ez dute zientzialari bat atxilotu koronabirusa egin eta Txinari saltzea egotzita

WhatsAppez hedatu den bideo baten arabera, Charles Lieber zientzialaria atxilotu berri dute SARS-CoV-2 birusa egin eta Txinari saltzeagatik. Urtarrilean izan zen, eta beste kargu batzuk egotzita.

- Ez, ezin duzu zure balkoitik beste pertsona batzuk grabatu eta bideoa zabaldu

VOST Euskadik gezurtatu egin du sareetan hedatutako bideo batean ustezko hiltzaile baten atxiloketa ikusten dela. Aldiz, agertzen dena osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten krisialdia da.

- Ez, RAIren bideo batek ez du frogatzen koronabirusa Txinan sortu zela 2015ean

Italiako telebista publikoak 2015ean emandako 'TGR Leonardo' programari dagokion bideo batean, Txinan artifizialki sortutako "superbirus" bat aipatzen da, eta bolo-bolo zebilen WhatsAppetik.

- Nazioartean ezaguna egin den "mediku espainiar" faltsuaren bideoa

Bideoko protagonista negarrez ageri da COVID-19 gaitzak jota dauden 65 urtetik gorakoei, ustez, arnasgailuak kentzen dizkietela azaltzen duen bitartean, gaixo gazteagoei emateko.

- Ez dituzte zure telefono deiak grabatuko, ezta WhatsApp eta Facebookeko kontuetakoak

Larrialdi egoera baliatuta, telefono bidezko elkarrizketak eta sare sozialetan argitaratutako mezuak monitorizatuko direla zabaldu da, baina bulo bat da, Polizia Nazionalak jakinarazi duenez.

- Ez dago frogatuta makillajeak COVID-19az kutsatzeko arriskua areagotzen duenik

WhatsAppeko audio baten arabera, makillajea eta krema hidratatzaileak erabiliz gero, gaitza hartzeko aukera gehiago daude.

- Politikariak materialarekin geratu direla dio ustezko kamiolari batek, frogarik gabe

WhatsAppeko audio batean, auto ofizial batzuek osasun materiala zuten kutxa batzuk jaso eta eraman zituztela esaten zuen ahots batek. Osasun Ministerioak ukatu egin zuen informazioa.

- Ez dago egiaztatuta hipertentsioaren aurkako botikek COVID-19 gaitza larritzen dutela

WhatsApp bidez zabaldutako mezu batek ohartarazten duenez, hipertentsioaren aurkako botikak erabiltzea arriskutsua izan liteke koronabirusaren aurrean.

- Ez da egia Interneteko datuen jarioa arriskuan dagoela

WhatsAppez zabaldutako mezu baten arabera, arazoak ager daitezke "Interneten erabilerarekin", baina adituek baztertu egin dute "telekomunikazioak arriskuan" daudela.

Ordenagailu eramangarriak dira nabigatzeko eta telelana egiteko gehien erabiltzen diren tresnetako bat. Argazkia: EFE

Ordenagailu eramangarriak dira nabigatzeko eta telelana egiteko gehien erabiltzen diren tresnetako bat. Argazkia: EFE

- Armadak ez ditu itxi Euskadi, Madril eta Errioxako erkidegoetako mugak

Martxoaren 13an atera eta hiru erkidego hauetako mugak itxi zituztela esaten zuen albistea ezeztatu du Espainiako Gobernuak.

- Birala egin den Basurtuko mediku baten audioa Alcorcongo anestesista batek grabatu du

Basurtuko Ospitaleko ustezko mediku baten koronabirusari buruzko audioa birala egin da WhatsApp bidez, baina audioaren grabazioa egin zuen pertsona Alcorcongo anestesista bat da.

- Koronabirusa dutenen birikiek ez dute izaten ehuneko 50eko fibrosia lehen sintomekin

WhatsApp bidez zabaldu den buloa da. Manuel Elkin Patarroyo immunologoa jotzen da bideoaren egiletzat, eta bertan esaten duenez, "birikiek ehuneko 50eko fibrosia izan dezakete, eta beranduegi da".

- Datozen egunetan salbuespen-egoera ezarriko den zurrumurrua gezurtatu du Ertzaintzak

Sare sozialen bidez zabaltzen ari den albistea benetako balitz, horrek arazoak ekarriko lituzke hornikuntzan epe laburrean. Ertzaintzak erabat gezurtatu du zurrumurru hori.

- Koronabirusa duten 65 edo 70 urteko pertsonek arnasgailuak izaten jarraituko dute

Hainbat mezu zabaldu ziren esanez Madrilgo erkidegoan arnasgailuak kenduko zizkietela COVID-19a duten 65 edo 70 urteko pertsonei, baina ezeztatu egin zuen Osasun Azpiegitura Zuzendaritza Nagusiak.

- Ez da egia Bizkaiko ikastetxeak irailera arte itxiko dituztela

'El País' egunkariak argitaratutako albiste baten itxura hartuta WhatsAppetik zabaldu den irudi baten arabera, Bizkaiko ikastetxeek irailera arte ez dituzte eskolak berriro hasiko, baina ez da hala.

- Ez da egia animaliak kaltetzen dituzten pozoiekin fumigatzen ari direla parkeak

Bai Gasteizko Udalak, bai hiri-garbiketan jarduten duten sektoreko adituek gezurtatu egin dute koronabirusaren aurkako pozoi berezia darabiltela parkeak fumigatzeko.

- Ez da egia Ertzaintza bi pertsona doazen ibilgailuei isunak jartzen ari dela

Whatsapp bidez zabaldu den mezu baten arabera, Ertzaintza "300 eta 1.000" euro arteko isunak jartzen ari zaie bi pertsona doazen ibilgailuei.

- Ez da hirigunerik helikopteroz fumigatuko, koronabirusari aurre egiteko asmoz

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren aurkako neurriak zorrotzak izaten ari diren arren, hiriak airetik fumigatzea ez da neurri horietako bat.

- Gurutzetako ospitaleak azaldu du kalitate-estandarrak betez artatzen dituela gaixoak

Era horretan, gezurtatu egin du asteazken honetan sare sozialetan zabaldu den audio bat, koronabirusaren krisiaren eraginagatik osasun-zentroan dagoen egoera larritzat jotzen duena.

- Funtsezko datuak nahasten eta baztertzen dituen ustezko familia-medikuaren audioa

Natalia Prego Cancelo familiako mediku gisa identifikatu den emakume baten audio bat biral bihurtu da egun hauetan. Bere argudio nahasietan, datuak nahasten ditu, eta ospitaleko kolapsoa ahazten du.

- Automobil-aseguruek indarrean jarraitzen dute alarma-egoeran ere

UNESPAk ukatu egin du indarrean dagoen alarma-egoerarekin autoko aseguruen estaldurak bere balioa galtzen duela dioen informazioa.

- Armadak ez ditu itxi Euskadi, Madril eta Errioxako erkidegoetako mugak

Martxoaren 13an atera eta hiru erkidego hauetako mugak itxi zituztela esaten zuen albistea ezeztatu zuen Espainiako Gobernuak.

- Koronabirusa ez da etxean sartzen zapatetako zolan

Osasun Ministerioak irizpidea aldatu ostean, eduki honen informazio eguneratua atari honetako beste albiste honetan aurki daiteke: 'Koronabirusa: Zer egin behar dut nire oinetakoekin etxera iristean?'

Iruzurrak, ordezpenak eta engainuak

Tamalez, hainbat WhatsApp-mezu eta posta elektroniko saiatu izan dira egun hauetan, pandemiaz baliatzen, etekina lortzeko, nortasun faltsuekin.

- COVID-19ari aurre egiteko dirulaguntza faltsuak eskainiz SMSak bidaltzen ari dira

Iruzurgileen helburua da mezuaren hartzailearen datu pertsonalak eta banketxeko datuak eskuratzea.

Iruzurrezko mezuaren hasieraren irudia. @VOSTeuskadik Twitterren partekatutako argazkia.

- Ez dago mugikorra pirateatzen duen 'Argentina lortzen ari da' izeneko bideorik

Hainbat itxura hartuta aldiro-aldiro WhatsApp bidez zabaltzen den bulo bat da.

- Iberdrolak ez die bezeroei deitzen faktura iritsi zaien galdetzeko

Sare sozialetan zabaldutako audio batean emakume batek salatzen du fakturagatik galdetu ostean, datuak eskatzen dituztela eskaintza bat egiteko. Baina ez da Iberdrola.

- COVID-19aren autoebaluazioa eskainiz 'malware'a deskargatzen duen SMS bat zabaldu da

Espainiako Osasun Ministerioaren eta Carlos III.a Osasun Institutuaren webguneak irudikatzen dituen webgunera darama esteka batek.

- Ez, okupak ezin dira erroldatu bizi diren tokian koronabirusaren laguntzak jasotzeko

Estatuko Aldizkari Ofizialeko irudi bat dabil WhatsAppetik, eta mezuak ziurtatzen du Espainiako Gobernuak hauteskunde-iruzurra egiteko edo okupazioa bultzatzeko baliatu duela alarma-egoera, baina ez da egia.

- Gizarte Segurantza faltsutzen duten posta elektronikoen iruzurrezko kanpaina bat dago

Hartzaileei, posta elektronikoek adierazten diete ustezko diru-itzultzea egingo dietela, baina helburu bakarra da kreditu-txartelen datuak lapurtzea.

- EAEn ez dago salaketarik koronabirus test faltsuekin etxeetan lapurtzen saiatzeagatik

Test motak eta proba horiek egiten dituzten langileak nahasten dituen audio baten arabera, lapurreta-ahaleginak izan dira hainbat etxetan, baina Ertzaintzak ez du horren berri.

- Ez, Europar Batasuna ez da ari herritarrei elikagai-txartelak banatzen

WhatsAppeko mezu baten arabera, Europar Batasunak ustezko laguntza-programa bat jarri du abian, jendarteari elikadura-txartelak emateko asmoz. Ordea, 'phising' edo Internet bidezko iruzur saiakera da.

- Gurutze Gorriak ukatu egin du 500 euroko elkartasun-txartelak ematen ari dela

Espainiako Gurutze Gorriaren irudiari lotutako mezu baten arabera, erakunde horrek 800.000 laguntza ditu hala behar duten familiak elikatzeko, baina mezua faltsua da eta iruzurrezko loturak ditu.

- Kontuz! Dirua jasotzeko iruzurra egiten ari dira Caritasen izena erabilita

Caritasek jakinarazi duenez, elkartearen izena erabiltzen ari den mezu bat hedatu da sare sozialetan eta WhatssApp bidez, jendeari datu pertsonalak eskatuz dirua lapurtzeko.

- Italiako maskaren ustezko "pagotxa"

VOST Euskadik ohartarazi duenez, sare sozialetan pertsona pribatuen profilak agertzen hasi dira, Italiako jatorria duten maskarak erosteko "eskaintzak" plazaratzeko asmoz.

- Osasun-langileek ez dituzte etxeak ikuskatzen koronabirus infekzioak dauden jakiteko

Espainiako Osasun Ministerioak eta Polizia Nazionalak argitu zutenez, lapurrak etxebizitzetara osasun-langile moduan sartzen saiatzen ziren bizilagunei iruzur egiteko.

- COVID-19a sendatzen dutela dioten produktuez mesfidatzea eskatu du Kontsumobidek

Interneten aurkitutako jardunbide engainagarri edo gehiegizko kontratazio-baldintza horiek salatzera animatu ditu herritarrak.

Azalpen zientifikoak

Hainbat mezu oker eta oinarri zientifikorik gabeko hainbat mezu zabaldu dira; batzuetan, ahalegindu gara erantzunak topatzen, gure erabiltzaileek helarazitako zalantzen gainean (koronabirusari eta COVID-19 gaitzari buruz).

- Zer dakigu hondartza, igerileku edo ibaietan koronabirusa hartzeko arriskuei buruz?

CSICen arabera, uretako ingurunean kutsatzea "oso gutxitan" gerta daitekeen gauza da; gainera, hondartzen ezaugarriek horren arriskua murriztu dezakete.

Jendea Kontxako hondartzatik zehar paseatzen, maiatzaren 2an.

Jendea Kontxako hondartzatik zehar paseatzen, maiatzaren 2an. Argazkia: EFE

- Zer dakigu klorokina eta hidroxiklorokina koronabirusaren aurka erabiltzeari buruz?

OMEk eta hainbat sendagai-agentziak adierazi dutenez, ez dago frogatuta eraginkorra denik, eta albo-ondorioez ohartarazi dute. Hala ere, Trump eta Bolsonaro aldekoak dira.

- Ez, ez da lixibarik bota behar komunetik behera koronabirusa ezabatzeko

Adituek baztertu egiten dute gure etxeetako hustubideetatik lixiba isurtzea, "ingurumen-arazoak" eragin baititzake. Gainera, ez da SARS-CoV-2 birusik antzeman tratatutako hondakin-uretan.

- Zer dakigu kutsaduraren, klimaren eta koronabirusaren arteko ustezko loturari buruz?

Zenbait azterlanek kutsaduraren eta COVID-19aren ondorio larrienen arteko lotura planteatzen dute. Maria Jose Sanz BC3ko zuzendariak gai horri buruzko zenbait gako eman dizkigu.

- Hipotesi hutsa da COVID-19aren mutazio kutsakorragoa agertu dela

Erresuma Batuan argitaratutako artikuluak ez du zientzia aldizkari batean agertzeko berrikuspena pasatu, baina "SARS-CoV-2 birusa baino kutsakorragoa den forma baten agerraldia" planteatzen du.

- Koronabirusa: zer egin behar dut nire oinetakoekin etxera iristean?

Osasun Ministerioaren egungo gomendioa etxeko atarian uztea da, hasiera batean hori horrela egitea beharrezko ikusten ez bazuen ere.

- Mezu baten arabera, COVID-19a tronbosia da, ez pneumonia; zer dakigu horretaz?

Gorka Orivek, EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea bera, azaldu du "arnasketa-gaitza" dela, "baina, halaber, beste alterazio batzuk ere ager daitezke".

- Ez dago frogatuta klima epelak edo hezeagoak koronabirusari kalte egitea

Zientzialariek esku artean duten hipotesien artean dago, eta aurretiazko ikerketa batzuek iradoki dute, baina ez dago oraingoz baieztatzeko moduko ebidentziarik.

- Zer dakigu birus-kargaren eta koronabirusaren arteko harremanari buruz?

Guillermo Quindos EHUko Mikrobiologia katedradunaren esanetan, "datuek erakusten dutenez, sintoma gutxi dituzten pertsonek birus-karga txikiagoa izaten dute, baina ez da beti horrela".

Gaizki-ulertuak

Beste mezu batzuek, nahiz eta asmo onez bota, azkenean arazoa sortzen dute.

- Infekzio arraro bati buruzko pediatren arteko mezu bat biralizatu da, alarma sortuz

Espainiako Pediatria Elkarteko kideen artean zenbait kasuren inguruko mezu bat zabaldu denean, elkarteak lasaitasunerako deia egin du: "Oso gutxitan eman den koadro klinikoa da".

Adingabe bat eta heldu batekin jolasten, Iruñean.

Adingabe bat eta heldu batekin jolasten, Iruñean. Argazkia: EFE

- Ez, Euskadiko farmaziak ez dabiltza maskarak doan banatzen pentsiodunen artean

Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak gezurtatu egin du eite horretako ekimenik. Aldiz, Katalunian, Valentzian edo Kanarietan, esaterako, egiten ari dira.

- Langile autonomoek ez dituzte prestazioak itzuli beharko, maiatzaren 4an irekita ere

Egun horretan negozioa berriro abiatu arren, langile autonomoek ez zituzten itzuli behar jarduera eteteagatik Espainiako Gobernuarengandik jasotako diru-laguntzak.

- Ez dago gaurtik ekainera arte jarduerak berrabiarazteko egutegi ofizialik

Gobernuak ez zuen txosten ofizialik publikatu jarduerak noiz eta nola berrabiaraziko ziren esanez. Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia faltsu bat zabaldu zen sare sozialen eta WhatsApp bidez.

- Ez, Osakidetza ez dabil plasma-emaileen bila WhatsApp bidez

Arabako Odol Emaileen Elkarteak barne deialdi bat egin zuen COVID-19 gaitza gainditu duten pertsonek plasma eman dezaten, baina biralizatu egin zen kontrolik gabe, eta "gainezka" daude.

- Galdakaoko Udalaren hautetsontziak ez dira Ospitalean erabiltzen ari, dio Osakidetzak

Udalak metakrilatozko hautetsontziak eman dizkio Galdakao-Usansoloko Ospitaleari, baina, Osakidetzaren iritziz, ez dira egokiak koronabirusak kutsatutako gaixoak bakartzeko.

- Galdakaoko ospitalea ez dabil immunizatutakoen bila WhatsAppez, plasma eman dezaten

"Gai horri buruzko deiak egiteari uzteko" eskatu zuten osasun-zentrotik, euren jarduna "oztopatzen dutelako".

- Abokatu-langela batek ezeztatu egin du "politikoen aurkako" ekimena abiarazi duela

Birala egin da Madrilgo abokatu-langela batek erakundeak kentzeko eta ordezkariak murrizteko ekimena sortu zuela zioen mezua. Bufete horrek ez zuela mezuarekin zerikusirik argitu zuen. Bulo bat zen.

- Ez da e-mailik bidali behar Osakidetzara erizaintza laguntzaile lanpostua lortzeko

Martxoaren amaieran zabaldu zen wasap batek zioenez, "erizaintza laguntzaileak behar dira" Osakidetzako ospitale batzuetarako, eta currikulumak bidaltzera animatzen zuen. Ez bidaltzeko eskatu zuen Osakidetzak.

- Ez, euskal ospitaleek ez dituzte urpekaritza maskara gehiago behar

Osasun zentro batzuk mota honetako maskarak eskatzeko deia egin zuten, arrakasta itzela izan zuen, eta ospitaleek gai honegatik ez deitzeko eskatu behar izan zuten.

- Bermeoko Correosen bulegoa zabalik dago eta segurua da gutunak eta paketeak jasotzea

WhatsApp-eko mezu baten arabera, Bermeoko bulegoa itxita zegoen, “langileen % 100ek positibo” eman zuten. Bulegoa zabalik zegoen, eta segurua zen gutunak eta paketeak jasotzea.

- Geratu etxean, "Arrasateko ospitaleko erizain batek" hala badio edo ez

Hainbat aldaerazdituen WhatsApp bidez zabaldutako mezu batek gure etxeetatik ez irteteko eskatzen zigun, "aste jakin batean" betetzen omen baitzen COVID-19 gaitzaren "inkubazio-epea".

- GEOS siglen kointzidentziak eta koronabiruserako dituzten protokoloak

Boliviako boluntarioen talde batek WhatsApp bidez zabaldutako gomendioek zalantza sortu dute, elkartearen siglak Espainiako Poliziaren Operazio Berezietako Taldearenaren berdinak direlako.

- Ez da egia Osakidetzak koronabirusari buruzko galdetegi espezifiko bat duenik

Informazio oker baten arabera, Euskal Osasun Zerbitzuaren mugikorretarako aplikazioan koronabirusaren sintomei buruzko berariazko galdetegi bat zegoen norberak bere burua azter zezan.

- Basurtuko ospitaleak ukatu egin du koronabirusaren aurkako txertoa emango duela

Bilboko osasun-zentroak gezurtatu egin zuen sare sozialetan zabaldutako informazioa.

Denetarik

- Manresako, Sardiniako eta Ceutako "euskal" basurdeak eta orkak

Korobirusaren garaian, animalien bideo bitxiak ugaritu dira, baina beren kokapena ez da beti benetakoa izan. Hala gertatu da Armentia eta Elgetako basurdeen bideoekin edota Matxitxakoko orkenarekin.

Manresan grabatutako bideo baten irudia. Bertan, basurde batek oinezko bat mehatxatzen du. Argazkia EiTB

Manresan grabatutako bideo baten irudia. Bertan, basurde batek oinezko bat mehatxatzen du. Argazkia EiTB

- Segurua al da Zoom erabiltzea banakako edo taldekako bideo-deiak egiteko?

Horren erabilerak nabarmen egin du gora alarma-egoera dekretatu zutenetik, baina erabilera masibo horrek aplikazioak zituen eta konpontzen joan diren gabezia batzuk azaleratu ditu.

- Jaurlaritzak ez dauka webgunerik etxetik ateratzeko baimena duten lekuak ezagutzeko

WhatsAppez zabaldutako mezu baten arabera, Eusko Jaurlaritzak plataforma bat jarri zuen martxan. Ustez, bertan kontsulta zitekeen zer lekutan zegoen baimenduta konfinamendua utzi eta etxetik ateratzea.

- AUDIOA: Koronabirusaren gaineko abiste faltsuak: medikuen audioak, Interneteko pantaila-argazkiak (jatorrizkoa, gaztelaniaz)

Noticias falsas sobre el coronavirus: audios de médicos, pantallazos internet
Noticias falsas sobre el coronavirus: audios de médicos, pantallazos internet
Noticias falsas sobre el coronavirus: audios de médicos, pantallazos internet

play icon 7:32

- AUDIOA: Buloak, albiste faltsuak eta informatika-delituak, koronabirusaren gainean (jatorrizkoa, gaztelaniaz)

Bulos, noticias falsas y delitos informáticos en torno al coronavirus
Bulos, noticias falsas y delitos informáticos en torno al coronavirus
Bulos, noticias falsas y delitos informáticos en torno al coronavirus

play icon 3:48

- AUDIOA: eitb.eus-eko pantaila-argazki bat manipulatu dute, koronabirusaren gaineko lerroburu faltsu batekin (jatorrizkoa, gaztelaniaz)

Manipulan un pantallazo de eitb.eus con un titular y un texto falsos
Manipulan un pantallazo de eitb.eus con un titular y un texto falsos
Manipulan un pantallazo de eitb.eus con un titular y un texto falsos

play icon 8:37

- Koronabirusaren inguruko albiste faltsuak

- BIDEOA: Koronabirusaren gaineko 'fake news'ak: Ez da kutsatzen Txinatik irisitako paketeekin (jatorrizkoa, gaztelaniaz)

 

Fake news sobre el coronavirus: No se contagia con los paquetes que vienen de China
Fake news sobre el coronavirus: No se contagia con los paquetes que vienen de China
Fake news sobre el coronavirus: No se contagia con los paquetes que vienen de China

2:14

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa